Mundu lanaranjamecanikoari eginiko aste-errapasoa

Imanol Epelde
0

Bildurtuta jaikitzen naiz batzuetan. Eta pizten dut irratia, eta ordenadorea eta neure burua, notizia fatalen bat gertatu ote den jakiteko. Aitortzen dut batzuetan, zerbait larria gertatzea desiratzen dudala, zerbait terriblea. Gure zentzugabeko bizimodua asaldatu eta behingoz norabidez aldatuko gaituen esperantzan.

Fukushima bakarrak eskarmentatzen ez gaituenez, 7 eskatzen ditut. Urtaro bateko lehortea ez, urte osokoa. Gerra txiki pilo bat beharrean, beste mundu gerra bat, laugarrena edo boskarrena, edo ez dakit zenbatgarrena. Baina gero, instantera, ideia horiek izan ditudalako damutu egiten naiz eta leihotik begiratzen dut eta pozten naiz zuhaitzak beti bezain desaxola sumatzen ditudalako, txoriak kabitzen. Eta pozten naiz, aste honetan ere ez delako ezer pasa. Ezer berezirik pasa…

Ez, aste honetan ez da ezer berezirik pasa ez. Bueno, bakar-bakarrik.. Mexikon lurrikara bat izan dutela. A! Ta… Malin ere bai, 7,8 gradutako estatu kolpea izan dutelako Richter eskalan, Siriak bezala Kolonbiak ere odolusten jarraitu du aste honetan, ustezko 33 gerrillari hil dituztelako hainbat sindikalista, kazetari eta abokatu hiltzen dituzten bezala, nahiz eta nik dakidala, Kofi Annanek lur haiek bisitatzeko asmorik ez duen inoiz agertu. Okzitanian, berriz, Europa osoa eta Frantziako hauteskunde kanpaina hankaz gora jarri dituen atentatu larria gertatu da, judutarren aurkakoa eta orduz geroztik pelikula batean bezala eduki gaituzte setiatuta, Mohamed Merahr, pelikulako gaiztoa hil duten arte. Portugal berriz greba batekin esnatu da aste honetan eta gurean, grebaren aldeko pankartez bete dira paretak.

Ez, aste honetan ere ez da ezer pasa. Ez da ezer berezirik pasa. Eskerrak. Ez dakit nire irudipena den bakarrik baina mundu hau gero eta naranjagoa da, gero eta mekanikoagoa, gero eta la naranja mekanikoagoa, Anthony Burgessek liburu hura argitaratu zuenetik, aste honetan, 50 urte bete direnean.

Bitartean, Bizkaiko metro eta autobus zerbitzuek protestan jarraitzen dute 200. egunez edo. Eta hori gutxi balitz, aste honetan Euskotreneko langileak ere hasi dira geldialdiak egiten. Kadizko konstituzioak berriz 200 urte bete ditu, Juan Karlos Espainiako erregearen diskurtso bakoitzak bezala, amaiezin, hautsiezin, 200 urte bai, erregeari jotako txaloek irauten duten denbora berbera, bere familiak egindako lapurretak airatu direnetik batez ere. Ondorioa garbia da: zenbat eta lapurreta handiagoak egin, orduan eta txalo gehiago jasoko ditu. Hortik ere galtzeko daukagula dirudi beraz. Eta hori dena gutxi balitz, bi bider galdu du aste honetan Errealak, bi aldiz Athleticek eta bi puntu bakarrik atera ditu Osasunak. Gescrap Bizkaiak ere galdu egin du Errusiako saskibaloi partida, eta galtzen hasita, nik ere galdu dut hainbeste fatalidadek sortzen duten dramaren zentzua.

Dramarik gabe, eta todo guai, todo guai bizi direnek aparteko protagonismoa izan dute aste honetan. Bai, asmatu duzue, gazte Loewetarrez ari naiz. Eta nik, pistola bat eskatzen dut, japoniar ahaltsu eta inteligenteek asmatu duten pistola berri horietako bat, tiro egin eta jendea mutu uzten duena. Baneukako nora apuntatua, adibidez, adibidez Loeweren tokian, Love ikusten duten guztiengana.

Bai, No time for love oihutzen zuen kantuak, eta guk No time for Loewe gehitu genezake, garai txarrak direlako lirikarako. Asteazkenean izan genuen arren Poesiaren nazioarteko eguna.

Eta atzo berriz urarena, uraren eguna. Mezu garbia eman ziguten alde guztietatik: gure platerean patata frijitu artean jaten dugun xerra bakoitzeko… 7.000 litro ur behar dira. Auskalo zenbat ur gastatzen den orduan gure sagardotegietan, eta nik.. gastatzen zen bakarra sagardoa zela uste nuen baina… ez! Kontua hori baino serioagoa da. Europar bakoitzak 179 kilo janari botatzen omen ditu zakarretara urtean. 179 kilo. Gainerako zabor guztiak kontuan izan gabe, jakina. Eta ez dago, jaun-andereok, despilfarro hori kudeatu dezakeen errauskailurik eta atez atekorik. Barkatu esatea baina, gu gara akaso, birziklapena behar dugunak. Bai, geure buruak birziklatzeko ontziak behar ditugu gainerako zabor kontainerren ondoan. Ontziaren koloreak ez du inporta baina, gorria izan daiteke akaso. Gure kaleak koloretako zabor ontziz dekoratzen jarrai dezagun, ortzadarraren zazpi margoak konbinatzea lortu arte. Ikusiko duzue orduan zein kale multikolore eta alaiak izango ditugun!

Lasai piztu ahal izango dugu orduan irratia, edo ordenadorea edo geure burua goizetan, horrelako birziklatze ontziren batean sartu eta Homo Sapiens Sapiensari hirugarren Sapiensa erantsita berpiztuko baikara. Lasai jaikiko gara orduan bai, jakintsuagoak izango garelako, sapiensagoak, sortuko ditugun notiziek ikaratuko gaituzten kezkarik gabe.

Udaberri on eta besarkada bana denoi, Manu!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA