Urteko asterik erotikoenari miraz

Imanol Epelde
0

Urteko asterik erotiko eta samurrena izan da pasa berri duguna. Udaberriak agerian utzi ditu negu osoan tapatuta eraman ditugun izter zuri-guriak eta sorbalda biluzi lizunak. Aste honetan plazer hirukoitza izan da etxetik ateratzea. Kaleko tenperaturak ez gaitu orain arte bezala ximurtu eta plazer handia da jendearen eta naturaren emanari miraz egote hutsa. Gure zoriontasun indizeak aste honetan gora egin du, burtsak eta euriborrak galdu dituen puntuak adina.

Norbaitek gainera aste honetan erloju zaharraren kordari doble eman eta ordua aldatu digu. Eguzkiak indarberritu gaitu, gauak ez gaitu etxerako bidean harrapatzen orain. Eta asko hurrengo astean izango ditugun opor koxkorrei begira jarri gara. Zein ederra den bizitza… ostiral bihurtzen denean!

Bai, ederra da bizitza, ostiral bihurtzen denean. Edo larunbat. Ez gaude-ta jai egunez kexatzeko. Horren erakusgarri da aurreko asteburuan jokatutako Arabako koadrila arteko Bertsolari Txapelketaren finala. Aguraindarrek irabazi zuten. Txapela esan nahi da. Baina irabazi, benetan irabazi euskarak egiten du horrelakoetan, umorez eta taldean ematen diotelako arnas bizitzari. Hitza arma zorrotzagoa delako kantuan eta alaitasunean babesten denean.

Begira bestela zein alai ospatu zituzten Espainian Andaluziako eta Asturiaseko hauteskunde emaitzak. Politikari denak gustura. Galduta ere denak irabazle. Irabazita ere galtzaile izan arren, denak gustura. Politikari batek ez baitu inoiz porrotik aitortzen. Hori, hori pertsonek egiten dute. Eta gehiegi litzateke hori politikariei eskatzea. Batek ez du ulertzen zergatik zeuden denak hain irribarretsu, baina tira, poz ere ematen du jendea hain gustura ikusteak, barrezka, herritarren bizkar ari zirela emango ez balu.

Irribarretsu erakutsi digute CaixaBankek Banca Civica irentsi dueneko notizia ere. Banca Civica bai. Edo Banka Cínica deitu beharko genioke akaso, orain gutxi jakin genuelako armagintzan inbertsio handienetakoa zuen bankua zela Banca Civica. Nafarroako Kutxa tartean eta armetan 34 milioi euro omen dituzte inbertituta. 34 milioi… parrandatik bueltan ezkerreko poltsikoan agertzen diren diru kondarrak gutxi gora-behera.

Hori bai, behin eta berriz esan digute, 2 bankuen arteko ezkontza, laguntza publikorik gabe egingo dela. Baina notizia kontrakoak izan beharko luke berez, bankuei diru laguntza publikoak ematea alegia.

Enfin, bide honetatik, iruditzen zait Arartekoaren salaketa gehiago entzungo ditugula, aste honetan aditu bezala. Gizarte babesarekin lotura duten kexak %313 hazi baitira urtebetean, batez ere oinarrizko errenta jasotzeko baldintzak gogortu dituztenetik. Horregatik izango zen arrakastatsua atzoko greba. Askok greba jai egun bihurtuta aprobetxatu zuten arren, batxilergoko ikasle garaietan bezala.

Lehen gola Espainiako Gobernuak sartu zuen penaltiz.. Lan Erreformarekin. Bigarrena Confebask, CEOE eta enparauek korner batetik. Baina lehen zatia bukatzeko minutu gutxi falta zirela gol bana sartu zuten Donostiako eta Bilboko manifestazio jendetsuek. Eta adore eta ilusio eta joko freskoa erakutsiz, Gasteizek eta Iruñeak joko erakustaldi miragarria egin eta partiduari buelta ematea lortu zuten beste bi gol sartuz. Gasteizen jokalari bat zauritu zuten larri, modu basatian diotenez, baina, hara, 1976ko martxoan bezala, atzo ere ez zuen arbitroak ezer ikusi.

Kontua da herri protestak eta grebak irabazi zuela atzoko partida. Bi eta lau. Atheticek atzo Shalke 04ren aurka irabazi zuen bezala.

Ez dakidana da, horrelako jokoa eta ausardia eta haserrea noiz erakutsiko ditugun bestelako arazoetan. Astelehenean eraildako beste emakume batekin gosaldu behar izan genuen bakeaz inoiz baino gehiago mintzo garen honetan. BERRIZ egiteko eskatu beharko dugu Koffi Annan, Tony Blair edo Jonathan Powel ekarriko dituen nazioarteko bake konferentzia, zerraldorik, mehatxurik eta indarkeriarik ez baita falta gizarte gatazka honetan. Eta Caridad Angeles izan da azken biktima.

Baina alferrik arituko gara aingeruei karitatea eskatzen, aste honetan Kubara joan den Aita Santuak egin duen bezala. Edo bai, auskalo, tira probatzeagatik… manifestazioekin aski ez dela ikusita, otoitz egin beharko dugu Garoñako zentral nuklearreko erreaktoreek, aste honetan bezala, susto gehiago eman gabe jarrai dezaten. Proba egin genezake otoitzean, besteak beste Madrildik predikatzen duten dotrinen aurka ere. Parot deitzen dioten dotrinarekin aurrera egitea onetsi baitzuen atzo Konstituzionalak. Batzuk atzera begira jarraitzea nahiago dute. Eta aurrera besteok. Bizitza ostiral bihurtuta.. duinagoa gertatuko zaigulako mundua.

Hauxe, Manu, aste honi eta ostiral honi eginiko ereserki partikularra…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA