(Euskadi Irratiko asteroko errepasoa)
Azkenean! Azkenean bete dira gure arrandegiak antxuaz, antxua prexkuaz. Hemen berean harrapatutakoa izan omen da gehiena, eta ugari topatu omen dute gainera. Bai, azkenean bete dira gure arrandegiak antxoaz eta gezurra badirudi ere, aste honetan, ez da angulen prezioan izan. Antxoa ez da gehiago igandetako platera gutiziatua izango.
Galdetu bestela pasa den igandean lehen jaunartzearen aitzakian elizara aurrena eta gero jatetxe eleganteetara bildu ziren familia eredugarriei. Seguru hauek ere antxoak astean zehar jan dituztela. Eta hori, zuriz eta marinelez jantzi zituzten ume errukarriek indar handia beharko dutela, indar handia bai, antxoak erruz ematen duen burdina esaterako… aurre egingo badiete, bizitzan jasotako aurreneko hostiari.
Deliziosoak izan dira aste honen usainak, bai. Eta ez antxoa frijituen usaina zabaldu delako bakarrik. Belar usain gozoa ere zabaldu da gure herrietan, edo nirean behintzat bai. Belar usaina bai, eta ez da izan 2012 hau, año Mariano izaten ari delako eta maria edo haxix usaina zabaldu delako nonahi. Ez, ez keba, gure herriyan, aste honetan hasi dira parke, rotonda eta bide bazterretako belarrak mozten.. ate joka ari diren bisitariei gure zarauzko herriya zein beautifula den erakusteko… Polita-polita… aldameneko herria ere bai, of course. Ez baitu kasualitatez irabazi aste honetan Getariak, Google aingeru guardakoak antolatutako “modelatu zure hiria lehiaketa”. Getaria ikusten den bideoa oso ondo dago egina, baina ezin irudi itsusirik atera goizero Balentziagaren soineko diferentearekin esnatzen den herriari.
Izan ere, politak daude gure herriyak. Ez dira ba egongo! Hainbeste erreformekin forman daudela esan genezake, hainbeste murrizketa eta doikuntza planekin liftinga egin berritan, dotore, galai, eder eta orain muskuluak puztu behar omen dizkiete gure herriei BEZa igota. Puztu, puzten beste zerbait ari bazaigu ere guri. Besteak beste, hankarteko bonbonak eta falopio tronpak!
Puzten bai, areago aste honetan Paul Krugman ekonomialari profetak eginiko iragarpen katastrofikoak entzunda. Espainiako zorrak, zabor bono bihurtu dira eta hondakin nuklearrak baino maitale gutxiago ditu oraintxe bertan, burtsak astero bizi du astelehen beltza, eta astearte beltzagoa, eta asteazkenera marka olinpikoak hausten iristen da, arrisku sariarenak bistan da, aste honetan esaterako, 500 puxtarriko langa gainditu baitu. Eta on Mariano Europako Batasunari laguntza eskatzen, belauniko, mesedez, arren eta joee, porfa…. Baina ez dirudi kasu handirik egin nahi diotenik. Gutxi gora-behera ETAri bezala. Erakunde armatuak aste honetan hizketarako ordezkariak izendatu ditu, baina inork ez du berarekin esertzeko prestutasunik agertu. Gero nola ez da ba igoko Espainiako arrisku… saria! Arriskua ekonomikoa ez ezik politikoa bai baitago. Baina, Raxoik argi esan du: ETA disolbatu arte ez da negoziaziorik izango. Eta disolbatzen denean, bistan da, ez du norekin negoziatu izango.
Halere, kulpak, hainbeste arrisku, dekretu eta negarren kulpak badakizue nork dituen ezta? Greziak. Horregatik hitz egiten da gero eta ozenago Grezia Eurogunetik kanpo geratzeko aukeraz. Baina esaidazue, Grezia Eurogunetik aterako balitz… berarekin eramango lituzke bere mitologiako jainko, heroi eta olinpoak!?
Ze, kasu horretan, Greziarrek eurekin eramango lukete Zeus jainko ahaldunak engainatu zuen Europa printzesa ere. Eta gu europarrok geratuko ginateke izenik gabe, izanik gabe, eta okerrena dena: Jainkorik gabe. Eskerrak guk, euskaldunok, Xora daukagun orain Jainkoak sortu eta desegiteko: Xora bai, aste honetan hegoaldeko zine aretoetan estreinatuko den film zuberotarra, Jinkoak sortu ditüt eta desegin…
Jainkoak sortu eta desegin bai. Hainbeste urteetan sortu eta desegitear diren osasungintzako eta hezkuntzako lanpostuak bezala. Aste honetan jakinarazi digutenez, 1.000tik gora lanpostu galduko omen dira Nafarroako eskola publikoetan, eta sindikatuek hiru greba deialdi egin dituzte kolpera. Bilboko metroko eta autobus langileen efektua iristear da Nafarroako lurretara. Dena ez baita Gugenheim izango!
Bai, bai, protesta asko izan dira orain arte eta, edonork aurreikusi dezake, izango dira gehiago. Batez ere M15ak urtebete egin duen aste berean, nahiz eta orain, suminduta daudenak politikariak eta bankariak direla diruditen. Ardura karguak hartu bai baina gero gertatzen diren gauzen responsabilidaderik hartzen ez duten politikari eta bankari suminduak alegia. Guk, elkarrekin segi beharko dugu protestan, aste honetan bezala Bruce Springsteenekin batera kantuan, beste mundu bat aldarrikatzen.
Ez da soluzioa inondik inora, aste honetan Turutarenak egin duena egitea: barkatuko didazue horrela esatea baina, kabroiak, ez to eta ez no, pertsona bakar batek soilik erabiliko duen sare sozial bat sortu du: neurona izenekoa. Oso terapeutikoa izan daiteke norberarentzat, norbere niak elkarrekin hizketan jartzea sare berean, baina ikasi beharko luke, ikasi beharko genuke Hollande Frantziako presidente izendatu berriak eman duen ejenplutik, Berlinera joan baita Merkel bisitatu, aixkiriatu eta sare sozial berriak sortzera.
Bueno, Manu, eta banoa.. hori bai.., ezin joan aipamenik egin gabe, aste honetan betirako isildu den txori bati, Eñaut Larralde kantari baxenabartarrak utzi egin baikaitu. Eta sortuko ahal dira berriak. Ea oroitzen dugun hamar urte barru ere Eñaut, Txillida bezala, sinposio, jardunaldi, hitzaldi eta katedrak sortuta Frankfurten. Baina ni, hain azukre zalea izanda, Arzakek Txillidaren omenetan prestatu duen postrea probatu gabe geratu izanaren penetan geratu naiz aste honetan. Eta egia esan, sekula probatzeko esperantza gutxirekin… aber errezeta pasatzen digun behintzat!
1 Iruzkin
Ederra, Imanol!
Aspertu naz jada krisian kontuak entzuteaz, aspertu edo nekatu, baina gauza katastrofikoak musika pixkatekin leuntzean jasangarriagoak zaizkidala konturatu naiz!
Turutarenarena aparta! 😀