Arrisku primak, Balzac eta analfabetismoa

Imanol Epelde
0

Enrique Vila-Matasen Dietario Volublek eraman ninduen Honoré de Balzacen Eugénie Grandet irakurtzera. Ederrak biak. Balzacek dirua, boterea, maitasuna eta generoen arteko harremana (edo mendekotasuna) ditu mintzagai. Erraz samar irakurtzen den liburu gomendagarria iruditu zait.

Besterik da, liburu honen harira aipatu nahiko nukeena. Eugénie protagonistaren aita negozio eta diru tratu amaigabeetan dago murgildua eta nik, kaiku honek, ez ditut ulertu bertan kontatzen diren diru kontuak. Gehiegi ulertzen ez ditudan bezala aspaldian entzun eta informatzen dizkiguten ekonomia gaiak. Zaila delako oso ekonomia ulertzea, zaila den bezala hiperbole bat praketako poltsiko txikian gordetzea.

Esplikatuko dizkidazu zuk banku txarrak baino ez dauden garai hauetan, zertarako sortu nahi duten beste bat handiagoa, arrisku primak eta premiak larriagotzen ari diren bitartean? Expansion irakurtzen hasi beharko dugu berriz. Hor ere bai baitago literatura.

Balzacen liburu hau irakurtzera animatzen bazara, gustura jasoko ditut esplikazio ekonomikoak. Hasiera hau duen liburuak ona izan behar baitu derrigor:

“En ciertas ciudades de provincia hay casas que, al contemplarlas, inspiran una melancolía igual a la que provocan los claustros más sombríos, las landas más yermas o las más tristes ruinas. Acaso sea porque en estas casas se encuentran a la vez el silencio de los claustros, la aridez de las landas y las desnudez de las ruinas; la vida y el movimiento son ellas tan lentos, que un extraño las creería deshabitadas si no se encontrase de repente con la mirada pálida y fría de una persona inmóvil que, al ruido de unos pasos desconocidos asoma su rostro casi monástico tras el alféizar de la ventana.”

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA