Hiri zuria
Nola duzu izena?
Kemal Jassim.
Denbora asko daramazu lanean kanpo santu honetan?
2004an hasi nintzen. Hau Falujako futbol zelaia zen baina amerikarren inbasioa eta gero hona etorri ginen. Amerikarrek ez ziguten ohiko kanpo santura joaten uzten eta honako hau inprobisatu behar izan genuen. Gaur beteta dago.
Beteta?
Bai, 3.700 gorpu daude eta ez dago toki gehiagorik. Nik zaintza lana besterik ez dut egiten orain, tokia txukun mantendu.
2004ko urriko erasoaldi erraldoian Falujan zeunden?
Amerikarrek ospa egiteko esan ziguten bertakoei, sekulako eraso bortitza izango zela. Nik alde egin nuen baina segituan bueltatu nintzen, ezin nuen hau bere horretan utzi orduko egoerarekin. Askotan gauez eta guzti aritzen nintzen lanean, hurrengo egunetarako zuloak egiten.
Falujatik buelta bat eman dut gaur eta txikizioa da nagusi oraindik…
Sarraski hutsa izan zen hura. Fosforo zuria erabili zuten Faluja errausteko eta, diotenez, debekatuta dago horrelakorik erabiltzea. Hasieran amerikarrek ezetz esaten zuten baina atzerritar batzuk dokumental bat atera, edo horrelako zerbait eta, azkenean, onartu behar izan zuten arma haiek bertan erabili izana. Hori gutxi ez eta jende arruntarekin mesprezuz eta bortizkeri handiz jokatu zuten amerikarrek: etxeetako miaketa basatiak, jipoiak… milaka istorio kontatuko nizkizuke. Begira, lursail honetantxe, hain zuzen, bonbardaketa bakar batek eragindako 37 hildako daude. 2004ko apirilean izan zen. Gogoan dut zeren neronek hilobiratu nituen denak. Hango koadro horretan, umeak, eta izengabeak beste hartan.
Izengabeak?
Fosforo zuriak armak eta munizioa erre ditzake, pentsa ezazu gugan eragin dezakeena.
Izenik ez, aurpegirik ez ….