Kargak eta atxilotuak berriz ere ordu txikietan Donostiako Parte Zaharrean; denborarekin eta errepikapenarekin pixkanaka ohitzen ari gara irudietara, gertakarietara. Festetako datak igarota ere berdin jarraitzen du giroak, eta atxilotuen kopuruak handitzen jarraitzen du. Zinismoa orokortua izan da azken Aste Ez-nagusietako eta oro har uda amaierako ez-festetako gertakarien bueltan ere. Informazio iturrien jatorriak ere izugarri baldintzatu du gertatutakoaren inguruko iritzi publikoa: zaila da iturri ofizialei eta ezartzen duten diskurtsoari iskin egitea, batez ere prentsa-oharretatik elikatzen den hedabideen dinamikan murgilduta. Horri, gainera, analisirako marko ideologikoa ere gehitu behar zaio, partzialtasuna ezkutatzen duen zentzu komunaren ideologia dominantea eta dituen mugak. Istiluak aztertu beharreko fenomenoak dira, baina istiluek oinarrian dituzten baldintzak aztertu gabe azaleko sintometan geratzen da analisia.
Faktore asko elkartzen dira eta zaila da hemen guztiak aipatzea, baina funtsean, oinarrian, sistema kapitalistak gaur egun inposatzen duen bizimoduaren auzia dagoela bistakoa da. Donostian, Iruñean, Bilbon gertatutakoa ez da apartekoa, antzeko gertakarien berri ematen ari dira Europako beste zenbait lekutan ere, eta Euskal Herrian hau gertatzea ez da “Mendebaldeko” ohituren zabalpenaren ondorioa, baizik eta krisi beteko harreman sozial kapitalisten eta sortzen duten kulturaren orokortzearen sintoma, eta ez da preseski fenomeno berria.
Istiluek forma konkretu bat hartzen dute: behin tabernei ezartzen zaien ordutegia pasatuta azaltzen da Polizia jendea oraindik pilatuta dagoen kaleetara, zeren jendea pilatuta egoten da tabernak zabalik daudenean ere, noski. Une horretatik aurrera istiluen aurkako Polizia ikusten duenak badaki zer datorren: istiluak. Auzia, berriz ere, ez da Poliziak bere funtzioa hobeto bete dezala, ez eta ezker instituzionalari eta balizko zentzu komunari onargarriago zaion moduan bete dezala ere: hots, tabernak zabalik daudenean ere egurtu dezatela pilatuta dagoen jendea, edo mesedez eta faborez eta hitz goxoz bidal ditzatela kalean daudenak etxera. Zeren propaganda politikoa jartzen ari zirenetako batzuk ere hitz goxoz identifikatu zituzten, eta hitz berberekin jarri isunak. Azkar kamusten da analisia sintomen kausetatik urrundu ahala. Auzia kulturala da, baina helburua ez litzateke bizimodu kapitalista lasai bat izan beharko –egungo egoerak erakusten duen kontraesana agerikoa da–, kapitalismoari antagonikoa zaion bizimodua eraikitzea baizik.