Aldatu ez dena

Peru Iparragirre
0

Maiatzak ostera dakar azterketen eta entregen garaia Euskal Herriko Unibertsitatera. Esan beharrik ez dago, gainerako guztia baldintzatu duen moduan baldintzatu du COVID-19aren pandemiak unibertsitatea ere. Joan den ikasturtearen azken zatian, azpikontratatutako garbitzaileak greba bertan behera uztera behartu zituen EHUk osasun egoeraren aitzakiapean, eskatzen zuten hitzarmena onartu beharrean. Itxialdiarekin fakultate gehienak itxi eta irakaskuntza telematikoa izatera pasa zen. Etxetik eman behar izan zituzten klaseak irakasleek, ahal zuten moduan, eta era berean jarraitu behar izan genituen ikasleok.

EHUk 2020-2021 ikasturtean irakaskuntza gutxienez %75ean aurrez aurrekoa izan zedin ahalegina egingo zuela esan zuen, eta hori bermatzeko neurriak hartu zituzten: musukoak uneoro eramatea, aurrez aurreko irakaskuntza eta telematikoa uztartzea eta ordutegiak aldatzea ikasleak “gutxiago” pilatzeko, gelak eta espazioak egokitzea osasun neurriak bete ahal izateko, ikasgeletako leihoak eta ateak irekita mantentzea… Aitzakia horrekin Ibaetako campuseko HEFA fakultatean ikasleek kudeatzen eta erabiltzen zuten gela ostera ere ikasgela bilakarazi zuten, jardun politikorako espazio gabe utziz ikasleak, Unibertsitateko Indar Batasunak salatu duen moduan, eta oraindik ere berdin jarraitzen du egoerak, azken hilabeteotako borrokaren bidez aurrerapausoak eman diren arren.

Hala ere, gauza asko ez dira aldatu. Campusetara heltzeko garraio publikoa lehen bezain beteta joaten da, gradu batzuetako taldeak lehen bezain handiak dira –ia 100 ikaslekoak batzuk–, eta lehen lauhilekoko aurrez aurreko azterketek pilaketa handien irudiak utzi zituzten, garbitzaileen eta ikerlarien lan-baldintzak lehen bezain kaskarrak edo are okerragoak dira. Unibertsitateko langileen txertaketaren auzia ere hor dago.

Datorren ikasturterako bide-orria atera berri du EHUk eta gauza gutxi aldatuko direla dirudi. CO2 neurgailuak jarriko dituzte, eta gehienez ere ikasgelako 50 ikasle egon daitezela “gomendatuko” dute, eta ikasgela 20 minuturo 10 minutuz aireberritu beharko du irakasleak. Ezer gutxi langileen eta ikasleen gainerako baldintza materialei buruz, tasei eta bekei buruz, jarduera akademiko hutsetik antolatzeko espazioei buruz… Pandemiaren kontuak azaleratu du zer den lehenesten dena, zertan den instituzio askoren logika. Gauza asko aldatu beharko lirateke unibertsitatean, pandemian egon ala ez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA