Filmaren atzetik korrika

Peru Iparragirre
0
Yi miao zhong filmeko fotograma bat

Bizikleta utzi eta korrika txikian abiatu naiz aretorantz, berandu noa. Korrika ikusi dut beste bat terraza bateko mahaien artetik, aretorantz. Lepotik zintzilik daraman txartela ikusi eta irribarre egin diot: “Iritsiko gara, ala?” Baietz erantzun dit, justu baina baietz. Aretoan sartu naizenean argibideak ematen ari ziren. Argi entzun ahal izan dudan lehena: “Garaiz heldu saioetara”. Hurrengorako apuntatuta.

Beldurra ematen zuen saioa galtzeak, saioa galtzeak hurrengo egunean sarrerarik hartzeko eskubidea galtzea baitakar: igandean pelikulak ikusteko estu, beraz. Baina utzi digute sartzen, eta gu baino beranduago ere heldu da jendea. Aurten ere akreditatuta egonik ere sarrerak hartu behar dira pelikulak ikusi ahal izateko, komeni, aretoan lekua nahi izanez gero, emanaldi asko eta asko ari baitira betetzen.

Eguna, beraz, horrekin hasten da, hurrengo eguneko sarrerak erosteko jarritako esnagailuarekin. Ostegunean 8:00etan, ostiraletik aurrera 7:00etan, egunero, hurrengo egunerako sarrerak hartzeko. Ostirala 17, hasi da 69. Donostia Zinemaldia. Aurreko egunetan dagoeneko nabaritu da jende berria hirian, langileak Kursaal, Victoria Eugenia, Maria Cristina eta inguruak atontzen.

Carlos Saura zinemagile espainiarraren Rosa Rosae. La Guerra Civil laburrak zabaldu du Sail Ofiziala, lehiaketaz kanpo. Bost minutu durduzagarri, José Antonio Labordetaren izen bereko kanta animatutako irudi, marrazki eta fotosaurioz jantzita, funtsean. Eskolako eszenak gerrako irudi lazgarriekin nahasten dira, zuri-beltzeko trazu sinple eta lodietan. Kantuaren beraren dinamismoa bikoizten dute gerrako soinuek, eta minutuak luzatzen doaz, tentsio-distentsioak aurrera egin ahala. Eta korrika egiteagatik ekarritako arnasestua baretu da bukatu denerako. 1936ko Gerrari buruzko elegia da laburra, baina finean gerraren gogortasunaren kontakizuna eskolako haurraren begirada xalotik, zer irakasgai dakarren gerrak berau ulertzeko oraindik gai ez denarentzat. Maudite soit la guerre dioen aldarri xaloa, askoz gehiagorako ematen ez badu ere emozionatzen duen pieza dokumentala.

Yi miao zhong / One second hasi da berehala, lehiako hautagaietan lehena eman dutena. Sauraren laburretik etorrita, lehen fotogrametako irudiek animatuak dirudite, filmaz genekiena zalantzan jartzeraino une batez. Izan ere, basamortu haizetsuan balantzaka zetorren pertsonaren mugimendu eta irudiak ez baitziruditen bestela, harik eta gertuago azaldu den arte, gertuago bisaia errea eta ezpain lehortuak, zerbaiten bila doan gizonarenak. Zhang Yimou zinemagile txinatarraren filma 2019koa da izatez, urte hartako Berlinalen erakutsi behar zuten, baina ezin izan zen heldu, itxura denez Txinako gobernuaren zentsura dela-eta.

Txinako Iraultza Kulturalaren garian kokatutako istorioa zinemari buruzko gogoeta bilakatzen da azkar, zerbaiten bila doan gizonaren eta bidean topatzen duen neskato umezurtzaren arteko adiskidetasun harreman korapilatsuarekin tartekatuz. Txina ipar-ekialdeko eskualdeetan distrituz distritu ari dira filma proiektatzen. Lekuan-lekuan komunitate guztiaren elkargune bilakatzen da gertakizuna, film bera hamaika aldiz ikusi badute ere. Zinemak interbentzio ideologikorako tresna gisa izan dezakeen papera ere ageri da, onerako eta txarrerako filmaren ikuspegitik. Hau da, propagandarako eta heziketarako. “Zinemak hobeak egiten gaitu, ea zuek ere hobetzen zareten” dio batetik bestera dabilen eta proiektatzailea baino jauntxoa dirudien Film Jauna deitzen duten pertsonaiak.

Aretora korrika heldu garen moduan egiten du korrika protagonistak filmeko McGuffina den pelikula zintaren atzetik. Alegoria modura ere har daiteke lan-esparru batetik bere alabaren irudiak erakusten duen proiekzioa ikusteko ihes egiten duenaren jokabidea. Zertara joaten gara zinemara? Zer bilatzen dugu, zer topatzen dugu? Zein da filmaren, emanaldiaren testuingurua?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA