Argitara ateratzearen argi-ilunak

Peru Iparragirre
0

Asteburuko etena behar zuena jarraipen bilakatu da Donostia Zinemaldiaren bigarren egunean. Oraindik erritmora erabat ohitu gabe, dagoeneko hasi gara arazoekin: gaueko paseetarako ez da sarrerarik geratzen 7:00etan. Oraindik ez diogu pultsua hartu sarreren webguneari, baina misterio gutxi duela (edo beharbada justu kontrara misterio handia duela) otu zait gaurko bi proiekziotan kazetari beraren alboan eseri naizenean.

Pantaila handian jendea agertzen den aldiro arraroa egiten da pandemiaren trazarik ez ikustea, eta irudikatu behar nola egin duten filmatzeko, agian pandemia aurretik filmatutakoa ote den, nahiz eta honezkero denbora gehiegi pasa den horretarako. Iragandako garai bateko filmak dira antza, edo datorren garai batekoak akaso. Hala ere, gaurkotasunik ez zaie falta Sail Ofizialean lehiatzen diren Camila saldrá esta noche eta Arthur Rambo filmei.

Inés Barrionuevo argentinarraren Camila saldrá esta noche filmean 17 urteko Camila gaztea da protagonista, amona gaixo dagoela-eta ama eta ahizparekin La Platatik Buenos Airesera lekualdatu behar dena. Atzean uzten ditu La Platako lagunak eta giro politizatuagoa, arrotza zaion ikastetxe katolikoko girora heltzeko. Esanguratsuki, iritsi berritan eskolako zuzendariak motxilan daraman zapi berdea kentzeko eskatzen dio. Argentinan abortua legeztatzearen aldeko aldarriaren sinboloa da zapia, “inolako joera politikorik indartzea” onartzen ez duen eskolan katolikoan .

Luze egiten da filmaren lehen erdia,eta kosta egiten zaio istorioapopulatzen duten tentsio eta loturak ezartzea. Amaierarako, ordea, pertsonaien arteko loturak estutzen doaz, eta tentsioa lehertuz heltzen dagailurrera, filma ederki biribilduz. Bitartean, interesgarria da Camilaren askatasun grinak, nondik nora daraman istorioa, eta askotariko indarkeria presente baldin badago ere hari aurre egiteko kemena, argitara ateratzeko nahia, ez da falta.

Idazlearen itzala?

Ezkutuanzegoena argitara ateratzean datza Arthur Rambo film frantsesaren korapiloa. Etxera heldu eta oraindik ere tarte luzea behar izan dut izenburuko hitz jokoaz jabetzeko, Zinemaldiaren fakturaren ajeak, demagun. Camila saldrá esta noche argentinarrak baino abiada handiagoa azkarrago hartzen du Laurent Canteten filmak, baina ez da nahikoa izan antza, hasi eta gutxira lo geratu baita baten bat aretoan, zurrungak testigu.

Filmean, Karim D. idazle gaztea aparretan ageri zaigu, liburu berria aurkezten telebistan. Autofikzioa da liburua, bere ama duena protagonista, eta haren bitartez Aljeriatik Frantziara emigratutakoak. Berezia egiten da pantaila handitik Aljeriari egindako erreferentziak entzutea, orain dela bi urte agintea utzitako Abdelaziz Bouteflika hil den honetan.

Baina filmak beste bidezidor batzuetatik garamatza. Halako batean Arthur Rambo ezizenarekin idatzitako txio asaldagarriak Karim D. idazle eta aldirietako jendeari buruz ekoizten duenweb telebistako aurpegi ezagunak idatzitakoak direla zabaltzen da sare sozialetan hasieran eta prentsan segidan. 48 ordutan, gauetik goizera, aparrak ur uher bilakatzen dira. Aipatutako txioak pantailan agertzen doaz filma hasten den unetik, iraingarriak dira guztiak, biolentzia handikoak, baina ez irudikatzen zailak. Batez ere juduen, emakumeen eta homosexualen aurkako mezuak dira. Esanguratsuki, filmaren amaieran oharra eman dute: filmaren egileek istoriorako propio asmatu dituzte txioak, eta ez dute haien edukia babesten.

Zorionez edo zoritxarrez istorioa amaitu gabe bukatzen da filma. Eserita geratu naiz, kredituen ostean jarraituko ote zuelakoan, baina ez. Eskerrak, egiazko gertakarietan oinarritutako istorioa da. Mehdi Meklat idazleari gertatutakoan libreki inspiratu da Cantet, eta Interneteko bilaketa azkar batek ase dezake amaiera baten falta, filmarena ez bada ere istorioaren oinarrian dagoen historian gertatutakoaren bitartez, bederen.

Aipatzen diren mezuak eta diskurtsoak agian Frantziako esfera publikoari badagozkio ere unibertsalagoa da Mendebalde honetan sare sozialen dinamika orokorra. Karim D.-k mezu horiek azaltzeko satira aldarrikatzen badu ere argi geratzen da testuingururik gabeko mezu publikoen arriskua zein den arduraz hartzen ez badira. Horrez gain, baina, badago espazio publikoko errepresentazioaren eta identitatearen auzia ere, filmari hondo berezia ematen diona.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA