Bi familia

Peru Iparragirre
0

Antzekotasunak topa daitezke Du som er i himlen / As in Heaven eta Crai nou / Blue Moon filmen artean. Are biak goiz berean ikusiz gero. Eta antzekotasunak antzekotasun, bata orain arte Sail Ofizialean ikusitakoen artean biribilena iruditu zait, eta bigarrena ahulena. Mende oso batek bereizten ditu bi istorioak, eta baita kontinente batek ere ia, baina bietan da protagonista etxetik atera eta ikastera joatear dagoen neska bat.

Du som er i himlen-eko 14 urteko Liserentzat, XIX. mendeko Danimarkako familia oso ugariko alaba zaharrena bera, ikasketak egitera joatea baserritik ateratzea da, baina baita bere aitaren manupetik ateratzea ere, zeinak asmoari xahutzea baizik ez deritzon. Amak hala nahi duelako utziko dio joaten, baserrian bestela hartu beharko lukeen lekua uzten, eta maleta egiten hasten da.

Marie Bregendahl idazle daniarraren 1912ko En dødsnat (Heriotza gaua) nobela laburrean oinarritutako istorioa da, Tea Lindeburg zuzendariak moldatua. Topiko hipsterra da hau esatea, baina zintaren testuretan egiaz nabari da zeluloidean grabatua izan dela, eta hortik hasita eta amaierako sekuentziaraino estetikoki ezin zainduagoa da filma, ikusgarria da argazkiaren edertasuna. Gordina da istorioa, baita amaiera ere, nahiz eta une batetik gero eta argiago dagoen zer den datorrena; horrek, ordea, ez dio kentzen zentzurik filmari. Erlijioa, familiako harremanak eta XIX. mendeko Danimarkako baserrietako bizimoduaren erretratu fidela erakusten du, emakumeak dituena protagonista ia osotasunean. Aipatzekoa da kontakizun errealista horretan nola txertatzen dituen Lindeburgek indar handiko sekuentzia amestu eta irudikatuak, pertsonaiek aitortzen dieten garrantzia eta eragin erreala islatuz.

Tematikoki antzekotasun handiak dituen Aila Grigoreren Crai nou-k bestelako gorputzaldia utzi dit. Kostatzen da asmatzea zerk bultzatzen dituen filmeko pertsonaiak egiten duten horretan, askotan azalpen arrazionalik ez dagoelako agian –bizitzan ere egoten ez diren bezala, dena esan behar bada–. Filmean erakusten den kaosa eta biolentzia erreala bada ere ez dago argi zer den filmak esan nahi duena. Esan baino erakutsi egiten duelako, egia da. Erakuste horretan, hala ere, nahasgarria da, nahasgarria da hari narratiboa, eta nahasgarriak dira elkarri gaina hartzen dioten elkarrizketak ere, zeinetan ez den ondo bereizten nor ari den zer nori esaten. Espainierazko eta ingelesezko azpidatzien itzulpenen arteko aldeak ere ez du laguntzen gauzak argitzen.

Hori da emaitza: Irinak sentitzen duen antsietatea ikusleari hein batean transmititzea, nahiz eta jasotako horrekin zer egin ez duen argitzen filmak. Honetan ere familiarengandik aldentzeko (kasu honetan modu kontzienteagoan agian) ikastera, unibertsitatera, joan nahi duen emakumea da protagonista, azken fotogrametan, ihes egitea lortu duela dirudienean, atzera etxera korrika bueltan ikusten dena. Txalorik ez amaieran, iruzkin nahasi batzuk jendearen ahotan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA