Laugarren eguna Zinemaldian, erritmora ohitzen ari gara pixkanaka, baina nekea ere nabaritzen da dagoeneko. Oraindik ez dut asmatu zeren arabera egiten duen jendeak batzuetan txalo filma hasi aurretik jartzen duten kareta ofizialaren erritmora eta beste batzuetan ez.
Literaturarekin eta idazleekin lotutako film nahikotxo ari gara ikusten Sail Ofizialean. Horietako bat da Claire Simon-en Vous ne désirez que moi / I want to talk about Duras (Durasi buruz hitz egin nahiko nuke). Dokumentaletik gertu dago filma, eta arrisku formal ugari hartzen ditu.. Iturri nagusia Yann Andréa idazlearen Je voudrais parler de Duras liburua da, 1982an Andréak Michèle Manceaux kazetariarekin izandako elkarrizketak biltzen duena. 2016 arte argitaragabeko elkarrizketa, transkribatu ostean zintak galdu ziren. Zinta horien birsortzea da Simonen filma, hein batean.
1980tik 1996an hil zen arte Marguerite Duras idazle frantsesak izan zuen azken bikotekidea izan zen Yann Andréa, eta harreman horren nondik norakoak aletzen ditu elkarrizketa horietan, Durasekiko lilura, haien arteko harremanaren biolentzia eta pasioa. Hitz egiteko beharrak bultzatuta ari da hizketan Andréa, eta filmak entzulearen lekuan jartzen du ikuslea, narrazioaren xehetasunak aztertu eta ulertzen saiatzeko posizioan, eta hori kostatzen denean besterik gabe entzutera kondenatuz.
Interesgarria da Simonek testua irakurtzean pentsatu zuena: “Zinemarako ez da testu batere egokia; egin dezagun!”. Eta ez da ideia erraza. Bi zati nagusi ditu, Andréa eta Manceauxen arteko bi elkarrizketa, interludio moduko batek banatuta. Aipatzekoa da elkarrizketak sekuentzia bakar batean grabatuta daudela, berehalakotasuna emanez eszenari. Berehalakotasun hori, ordea, ezin estatikoagoa da, itogarria ia, eta filmak sortzen duen giroa tentsio handikoa bilakatzen da ustekabean.
Elkarrizketaren irudiekin tartekatzen doaz Andréa kontatzen ari denaz Manceauxek irudikatzen duena. Birsortutako eszenak dira batzuetan, eta Duras erakusten duten artxiboko irudiak besteetan. Judith Fraggiren akuarelak ere agertzen dira tarteka, urdinez hondo zuriaren gainean, sexu-eszenak irudikatzeko.
Emaitza gazi-gozoa da. Argi dago ez delaerronka zinematografiko makala, eta urte luzez itzalean egon den historia, aldi berean Frantziako idazle eta zinemagile ezagunenetako baten bizitzaren azken zatiaren parte garrantzitsua dena, argitara ateratzeko saiakera duina da. Hortik harago, ahots ia bakarraren monotonia, filmaren ezaugarri ezinbestekoa dena, muga handia da, batzuetan gainditzea lortzen ez duena.