Udazkena euri zaparrada batez heldu da Donostiara, eta asteburuko eromenaren ostean askoz ere lasaiago dago hiria. Zinemaldiak ez du etenik baina, eta saio gehienetako sarrerak erraz agortzen dira.
Amatasunari buruzko atmosfera astuneko bi film dira Distancia de rescate eta La hija, misterioa, ezinegona eta isiltasun kezkagarriak ugariak dira bietan. Samanta Schweblinen izen bereko nobelan oinarritutako filma da lehena, eta idazlearen parte hartzea izan du gidoiak. Clauda Llosa peruarrak zuzendu du.
Argentinako herri txiki batean alokatutako etxe batera heltzen den Amanda eta bere alaba Nina ditu protagonista filmak. Etxe horretan bizilagun dituzte Carola, bere gizona eta haien seme David. Filmaren egitura narratiboa berezia da. Amanda ari da istorioa narratzen, Daviden galderei erantzunez. Gertatu den guztiaren artean zerbaiten bila ari dira, azalpen baten bila. Ikuslea protagonistarekin batera ari da (berr)ikusten Ninari eta biei, eta gainerako pertsonaiei jazotakoa, detaileekin puzzlea pixkanaka osatuz.
Gai nagusia amatasuna da, Amandak etengabe kalkulatzen duen Nina arriskutik salbatzeko duen “erreskateko distantzia”-k bikain ilustratzen duelarik haren alabarekiko duen kezka eta beldurra. Behin eta berriz aipatzen duen elkartzen dituen hari hori gero eta gehiago nola tenkatzen den nabaritu daiteke butakan eserita, ezer aldatzeko beranduegi dela bera bezain jakitun. Filmak beste dimentsio bat ere hartzen du ordea, Argentina soja sailetan erabil zitezkeen produktu kimikoen arautzearen inguruko krisi politiko betean zegoen garaian idatzi baitzuen liburua Schweblinek.
Sail Ofizialean lehiaketaz kanpo erakutsi duten La hija espainiarrak ere amatasuna du ardatz. Duen argumenturako bi ordu pasatxoak luze geratzen diren arren, erritmo pausatuak aukera ematen dio itxura lasaiaren azpian tentsioari pixkanaka garatzeko. Vetusta Morlak propio egindako soinu-bandak crescendo mantso horretan laguntzen badu ere lekuz kanpo geratzen da, gehiegi bananduz eszenatik, irudiak eta istorioa lagundu baino paraleloki joango balitz bezala, erabat ukitu gabe.
Haurrik izan ezin duen eta ama izan nahi duen Adela eta 15 urterekin nerabeentzako atxikitze gune batean haurdun geratu den Irene elkartzen ditu filmak, Adelari desio duena betetzen lagundu nahi dion Javierren bidez, Irene daukaten zentroko hezitzaileetako bat. Tratuak sinplea dirudi: Ireneri “bizitza aldatzeko” aukera emango diote Javierrek eta Adelak, ordainean haurra ematen badie.
Filmak mahai gainean jartzen diren auzi moralak, eta esploratzen dituen gaiak, hein batean transzendenteak badira ere, eta baita gaurkotasunekoak ere, haurdunaldi subrogatuen irudikapen muturreko gisa hartu nahi bada, ez dago garapenerako espazio asko. Pertsonaiak ere hasieratik daude bakoitza bere lekuan, bi orduren buruan argi geratzen da zein diren leku horiek, zalantzarako tarte oro deuseztatuz. Amaiera katartikoa da ia, eta itxaronaldiak merezi duela dirudi, aretotik pozik atera bainaiz ustekabean, ez erabat asebeteta agian, baina ezta dezepzionatuta ere.