Fikziozko pertsonaiak baizik ez gara

Peru Iparragirre
0

Egunek aurrera egin ahala, errutina irregular moduko bat hartzen goaz, eta aurpegi ezezagunak ezagun bilakatzen dira pixkanaka. Saioetara sartzeko akreditazioa eta sarrerak hartzen dizkigutenak, honezkero zein den jakin beharko genukeen arren aurkitzen ez dugun dagokigun butakarainoko bidea erakusten digutenak, bateko eta besteko kazetariak eta zinemazaleak. Paisaian integratzen doaz, baita ere, alfonbra gorriak eta bide-itxierak, publizitate panelak, poliziaren presentzia sinesgaitza, hiritik paseatzen doazen Audiak, eta abar, eta abar. Zinemaldia lorpen logistiko izugarria ere bada, eta jendetza behar da aurrera atera dadin.

Agerian egon ohi ez den jendetza da, agerian egon ohi ez diren bezala film baten bertsio desberdinak, sortze prozesua bera, filmaren beraren barruan. Era berean, Zinemaldian Zinemaldi asko kabitzen dira. Hemen Sail Ofizialari ari naiz hala-nolako jarraipena egiten, baina askoz ere zabalagoa da egitaraua, ARGIAko kronika-kideek erakusten dituzte horren beste zati batzuk.

Gaur 69. Zinemaldiko bigarren Donostia Saria eman diote Johnny Depp aktore estatubatuarrari – Marion Cotillardi eman zioten bestea Zinemaldiaren lehen egunean–. Eguneko azken pelikula amaitu eta gero, etxera bidean, Okendo plazako pantaila handian ikusi ahal izan dut saria onartzeko eman duen hitzaldiaren azken zatia. Ez dakit nola hitz egin ohi duen Deppek, baina okasiorako ez du argi eta koherenteegia den ezer esan, behintzat. Taula gainean albo batera erretiratu denean musika jarri dute, baina ez zen ekitaldiko zuzeneko musika, eta susmoa geratu zait ez ote zen han entzuten ziren oihuak isilarazteko.

Txalo batzuk bederen isildu dira, (H)emen Euskadiko Ikus-entzunezkoen eta arte eszenikoen sektoreko emakumeen elkarteak eta Espainiako Estatuko sei zinemagile-elkarte feministek adierazi dute ez zutela sari-ematea txalotuko.

Sail Ofizialera itzuliz, Jonás Truebaren Quién lo impide (Nork eragozten du) filma erakutsi dute gaur estreinako aldiz. 220 minutu. Hasieran pentsatu dut akatsa zela, baina ez, ia lau ordu ditu, bost minutuko bi intermedio barne. Eta hemen bertan bi orduko pelikuletako batzuen luzeraz kexatu banaiz ere Truebarena ez zait batere astuna egin. Komunera eta kobertura bila ateratzeko aprobetxatutako bost minutuko etenaldiek ere lagundu dute horretan.

Joan den urtean zendutako Rafa Berrioren abesti batean du jatorria filmak, izenburutik beretik hasita. Hasiera batean nerabezaroari buruzko filma izan behar zena “guztioi” buruzko filma bilakatu dela dio Truebak. Proposamen berezia da, fragmentarioa erabat, filmaren beraren sortze-prozesuari erreferentzia egiten diona etengabe, ez horregatik errepikakorra eta astuna bilakatuz. Zati dokumentalagoak eta fikzionatutako pasarteak tartekatzen dira, batzuetan bereizketa argi utziz, beste batzuetan muga lausotuz. Teknika narratiboak esplizitatu egiten dira, filmean integratzeko, gauza bera istorio eta gaiekin ere, nerabeei galdetzen die nolakoa izan beharko lukeen filmak, eta galdera, erantzunak eta emaitza batzen ditu.

Bost urte baino gehiagoko prozesua biltzen du filmak, lehen irudiak 2016koak baitira. Aktoreak haien buruak izaten zein antzezten ikustea interesgarria da, batzuetan zaila baita antzematen zer den antzeztua eta zer ez. Akaso hori baita filmaren puntuetako bat, Berrioren abestiak dioen moduan, “fikziozko pertsonaiak baizik ez baikara”, eta are gehiago nerabezaroan.

Amaiera aldera Berrio ere agertzen da, 2018ko ekainean filmaren bueltan Madrilen egin zuten jaialdian eta berezia egiten da, omenaldi ederra da. Hain zuzen ere, festa horretan erakutsi zituzten egungo pelikula osatzen duten piezetako batzuk. Bere burua biderkatzen du filmak etengabe. Gauza bera da hasieran eta amaieran zuzendariak filmean parte hartu duten gazteetako batzuekin bideodei bidezegindakoelkarrizketekin.

Gai aldetik zabala da filma, baina zentralena hori da: nerabe izatea, eta nola erakusten den nerabe izate hori. Badaude une xaloak, une gogorrak ere, eta aipagarria da filmakhaietara bueltatzeko egiten duen saiakera, haiek perspektiban jartzekoa. Hori da emaitza interesgarriena, nik uste, perspektiban jartzen duela zer den istorio bat kontatzea, zer izan daitekeen nerabezaroa, film bat egitea, harremanak eta gatazkak…

Bide batez, behingoz ikusi ditut pantaila handian COVID-19aren pandemiaren ondorioak modu esplizituan. Zabaltegi-Tabakalera sailean erakutsitakoBabardeală cu bucluc sau porno balamuc filmean ere agertzen da pandemia, gutxi gehiago izango dira. Ez da kasualitatea biak film nahiko esperimentalak izatea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA