Zinemaldiaren ajeak

Peru Iparragirre
0
CREATOR: gd-jpeg v1.0 (using IJG JPEG v80), quality = 95

Larunbat gauean 69. Zinemaldiko sarien banaketa eta itxiera gala heldu zenerako leher eginda nengoen eta ohean etzanda jarraitu nuen ekitaldia. Duen punpa guztirako nahiko traketsa iruditu zitzaidan oro har, baina hori beste pelikula bat da. Lehiako hamasei filmak gogoratzen saiatu nintzen. Zeinek irabaz zezakeen zer nire badaezpadako irizpideen arabera? Zaila izaten da epaimahai batek har ditzakeen erabakiak aurretik asmatzea, hainbeste faktorek eragiten dute haietan. Aurtengoan, gainera, berrikuntza bat: aktore onenaren sari bakarra, gizonezko aktore onenaren eta emakumezko aktore onenaren sariak beharrean.

Gaizka Izagirre kazetariak sare sozialetan salatu zuen Kursaalean elkartzen ziren kazetarien (gizonezkoen) artean behin eta berriz entzuten zuela epaimahaikideen gehiengoa emakumeak zirenez emakumeak izango zirela saritutako zinemagileak, esanez halako iruzkinek zinemagile horien lana gutxiesten zuela. Emaitza horixe izan arren arrazoia merke ematea litzateke kexu tranpatiok ontzat joztea, baita sari-banaketaren ostean ere.

Crai nou errumaniarrak jaso du Urrezko Maskorra, askoren begietara saileko filmik kaskarrenetakoa. Niri ere, eta hala utzi nuen idatzita, ordura arte ikusitakoen artean proposamenik “ahulena” iruditu zitzaidan, esploratzen zituen gaiek daukaten sakontasunarekin eta eman dezaketen jokoarekin ere ez ninduen konbentzitu filmak. Agian, ziur aski, ez nuen ulertu zer zen Alina Grigore zuzendariak esan nahi zuena, ez eta nola nahi zuen helarazi ere.

Beste sarietan sorpresa gutxiago egon zen. Terence Daviesek Benediction filmarentzat ondutako gidoiak eta Tea Lindeburgek, esaterako, saria merezi zutela zalantza gutxi izan nuen haien izenak Kursaaleko ikusle ilustreen aurrean irakurri zituztenean. Bestalde, zalantza gutxi zegoen euskarazko filmeren batek saririk jasoko ote zuen, Sail Ofizialean bat bera ere ez baita lehiatu aurten. Iciar Bollaínen Maixabel-en euskara entzuten da, baina anekdotikoa da kasurik onenenean, eta gehitxo esatea litzateke euskarazko filma dela esatea. Euskal zinemaren Irizar saria eskuratu du, halere.

Batek baino gehiagok eman zituen eskerrak Sail Ofizialeko sari-banaketako hitzartzeetan “tramarik gabeko” film bat saritzearren, Lindeburgek, tartean. Nahiz eta Du som er i himlen filmak kontatzen duen istorioa ipuin baten modukoa iruditu zitzaidan, gertakari gutxi kontatu arren kontatzeko moduak zentzua ematen baitio.

Zinemaldiak irudi bat erakusten du kanporantz, zaindua. Amaitu berritan, sariketaren harira, batez ere, inoizko zinemaldirik “feministena” izan dela ere irakur daiteke. Horren aurrean daude enegarrenez, baina aitzakia desberdin baten harira, palmaresaz kexu direnak. Marion Cotillarden eta Johnny Deppen hitzak parez pare jarrita Zinemaldiaren itxura progresistaz zalantzak pitz daitezke, baina are gehiago greban 252 egun daramatzaten Gipuzkoako zahar-etxeetako langileak korrika alfonbra gorrira heldu nahian ari direla atzera nola botatzen dituzten ikustean. Gauza bat baita itxura eta kultur munduko giro politikoa, eta bestea izaera eta funtzio orokorragoa.

69. Zinemaldiko palmaresa

Urrezko Maskorra: Crai nou (Alina Grigore)
Epaimahaiaren sari berezia: Earwig (Lucile Hadzihalilovic)
Zuzendari onena: Tea Lindeburg (Du som er i himlen)
Aktore nagusi onena (ex aequo): Flora Ofelia Hofmann Lindahl (Du som er i himlen) eta Jessica Chastain (The Eyes of Tammy Faye)
Taldeko aktore onena: Quién lo impide filmeko antzezle taldea
Gidoi onena: Terence Davies (Benediction)
Argazki onena: Claire Mathon (Enquête sur un scandale d’état)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA