Jasan daitekeenaren muga

Peru Iparragirre
0
Argazkia: Alaine Aranburu / Bidasoako hitza

Larunbatean 38 urteko gizon baten gorpua aurkitu zuten Bidasoako uretan, Endarlatsa inguruan. Aurten Euskal Herria migrazio bidean zeharkatzen ari zela hildako zazpigarren lagunaren hilotza. Zifrek ezin dute gertatzen dena egiaz deskribatu, baina lazgarriak dira berdin-berdin. Bidasoa igerian igarotzen ari zela hil den hirugarren migratzailea da larunbatekoa, eta ibai ertzean Eritreako gazte batek bere buruaz beste egin zuen apirilean. Duela hilabete pasa trenak hiru lagun hil zituen Ziburun, eta orain egun gutxi tren batek beste gazte bat zauritu zuen Donibaneko trenbideetan.

Irungo Harrera Sareak duela hamar egun eskas salatu zuen migratzaileak erabaki arriskutsuak hartzera behartzen dituela mugako egoerak. Pasabideak gero eta modu zorrotzagoan ixteak eta migrazio bidean daudenak artatzeko erakunde publikoek duten borondate faltak areagotzen dute arrisku hori. Iragarritako heriotza deitu diote larunbatekoari: gertatuko zela esan zuten eta gertatu da. Ahazteko luxua dugunok bat-batean Frantziako eta Espainiako estatuek Euskal Herrian duten muga migratzaileentzat bilakatzen den pasabide arriskutsu eta hilgarriaren egoeraz jabetu gara berriz. Tragedia hitza errepikatzen da behin eta berriz, instituzioetako agintarien auhenen eta botere handiagoei egindako eskaeren aurrean nabarmenak dira egunero-egunero babesgabe dauden horiei laguntza ematen ahalegintzen direnen haserrea eta desesperazio hitzak.

Europar Batasunari –haren Poloniako muga igaro nahi duten migratzaileei indar militarrarekin erantzuten ari den horri– migrazio bide seguruak eskatu dizkio Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendariak. Markel Olano Gipuzkoako Aldundiko ahaldun nagusiak “sumindura eta atsekabea” adierazi ditu. Irungo alkateak Irun eta Hendaia arteko mugak “birplanteatzeko” eskatu du, Europari eta Frantziari dei eginez pasabidea irekita mantentzeko. Bide seguru horiek egon artean, ordea, ez egoteak eragiten duen sufrimendua arintzeko eta murrizteko erakunde guztiek “zerbait gehiago” egin dezaketela salatu du Irungo Harrera Sareak, behin eta mila aldiz errepikatu dutena.

Muga asko batzen dira Bidasoan, eta horietako bat da jasan daitekeenarena. Bideko gau bat gehiago kalean eman ala ibaia gurutzatzen ahalegindu erabaki behar dute milaka kilometroko bidea egin ostean Irunera heltzen diren migratzaileek. Igarobide beharrean zarratutako ate diren zubien aurrean zer egin behar dute, bada? Mugitzeko aukera askea ezinbestekoa da, ezinbestekoa da babesgabeei behar duten laguntza guztia ematea, baina ezinbestekoa da, baita ere, arazo zabalagoari begiratzea, neurri aringarriak neurri aringarri besterik ezin dira izan, eta hain zuzen ere egoera lazgarriaren erantzule direnei eskatzen zaie aterabidea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA