Ez du inork txalo erritmikorik jo filmaren aurretik jarritako abestiarekin, ez baitute ohiko abestia jarri. Ezohiko abestia entzun da irekiera galan ere, zorionak zuri kantatu baitiote jaialdiari. Donostia Zinemaldiaren 70. urteurrena da aurtengoa, eta 1953an sortutako Zinemaldiaren historia oroitzen duen kareta egin dute okasiorako. Tabakaleran erakusketa jarri dute, baita ere, urteurrenaren harira.. Pandemiarekin dute zerikusia aldatu diren beste gauzek. Iazkoaren aldean, jadanik ez da musukorik behar aretoetan, esaterako. Aparteko neurririk ere ez, itxura batean, eta joan diren bi urteak gero eta urrutiago geratzen dira, pandemiaren aurreko garaiekin nahasten baita pandemia ondorengoa.
Alberto Rodriguez zuzendariaren Modelo 77 filmak zabaldu du Sail Ofiziala, lehiaketaz kanpo. Festibalari hasiera eman dion azkenaldiko filmik indartsuena, batzuen aburuz. Lan handia nabari da sekuentzien atzean, dokumentazio eskerga, antzezleen interpretazio bikaina eta harrapatzen duen istorioa kontatzeko gaitasuna batzen ditu filmak.
Jeremy Benthamen panoptikoaren arabera eraikitako Bartzelonako Modelo espetxean topo egiten duten bi pertsonaiaren bueltan ardazten da Modelo 77. 1976. urtea da, hilabete gutxi Franco hil dela, eta zori gaiztoak eta laguntza apur batek batu ditu Manuel gaztea (Miguel Herrán) eta espetxean irauten ikasi duen Pino (Javier Gutiérrez) zakur zaharra, espetxean irauten ikasi duena, halabeharrez. Kontzientzia hartze istorioa da pelikula. Manuelek uste du, badaki, ez lukeela espetxean egon behar, ez lituzketela kartzelazainek bortxaz tratatu beharko presoak. Agian, ez da bera bertan egon beharko ez litzatekeen bakarra, baizik eta berarekin batera Espainiako Estatuko espetxeak betetzen dituzten askotariko jendeak.
Vagos y maleantes legearen bidez errepresaliatutako eskaleak, homosexualak, goseagatik lapurretan edo trapitxeoan ibilitakoak… Erregimen frankistaren amaiera asaldatu baina ordenatuan preso politikoak askatzea ekarri zuen 1977ko amnistiak ahaztutako preso horien guztien amnistia eta askatasuna galdegiten zuen COPEL (Coordinadora de Presos en Lucha) presoen sindikatuak. Haren sorrera, hedapena eta gainbehera agertzen dira filmean. Hain zuzen ere, COPELen bueltan ibilitako hainbat presok parte hartu zuten 1976ko Modelo espetxeko ihesaldi ezagun bat du oinarrian pelikulak.
Trantsizioaren irakurketa kritiko bat egiteko parada da Modelo 77. Demokraziak ekarri behar zituen aldaketen mugak ageri dira, baina diskurtsoa ez doa inoiz, hitzetan, bederen, “bestelako kartzela sistema” bat planteatzetik harago, askatasun formalen defentsa nahiko abstraktu batetik harago. Filmean agertzen diren borrokak eta asmoak, baina, ezin dira horretara murriztu, ekintzak beti doaz harago. Amaierak muga horiek ekarritako ezinbesteko porrota erakusten du, baina baita galtzeko ezer ez eta askatasuna irabazteko dutelarik ihes egiteko pertsonaiek garatzen duten kontzientzia eta borondatea.
Luzetxo egiten da, baina bi orduko edozein film da luzea ostiraleko goizeko bederatzietan. Luzera horrek ematen dio aukera bilbeari luzatzen joateko, are gehiago kiribiltzeko. Laburragoa izan zitekeen, batez ere bigarren zatian, baina kontatzen duen guztia kontatzeko egiten den sintesi ariketa ez da makala. Amaieran bai, amaieran txaloak ozen entzun dira Kursaaleko areto nagusian.