Ekiloreak oraingoan

Peru Iparragirre
0

Laburra da zinikoaren poza. Azkar ohitu dira ikusleak filmen aurretik jartzen duten abesti berrira, eta bigarren egunerako erritmikoki txaloka ari dira jada. Arroztasun zaporea ere ekarri du egunak, ezin jakin zergatik. Donostiar batzuentzat berezia da urtero Zinemaldiaren presentzia, beste batzuentzat, aldiz, enbarazua. Arraroa egiten da Zinemaldia hasi aurretik ere hainbestek lepotik zintzilik daramaten akreditazioa, hainbeste amorru ematen duena, norbere lepotik zintzilikatzea, hiriko kaleetatik, betiko kaleetatik, ezohiko jendearekin eta ezohiko egoeran ibiltzea. Jarraitzen du Sail ofizialak, oraingoan, dagoeneko, lehian dauden filmekin.

Óscar, Marcos, Alex. Triptiko forma dauka Jaime Rosalesen Girasoles silvestres (Ekilore basatiak) filmak. Julia protagonistak (Anna Castillo) hiru gizonekiko duen harremanak egituratzen du kontakizuna. Azpimarragarria da Castilloren aktore lana; 22 urte ditu eta bi seme-alaba ditu bere pertsonaiak.Ama bakarra da, eta filmaren hiru zatietako bakoitzari dagokion gizonarekin duen harremana da filmaren muina. Zabal eta zabar itxuraz hasten da filma eta fintzen doa, baita harremanak eta kontakizuna ere.

Óscar, Marcos, Alex. Hiru gizonetatik bat ere ez da gai, bakoitza bere maneran, Juliarekin errespetuzko harreman bat eraikitzeko. Lehen biak, gainera, ez dira gai ezgaitasun horri aurre egiteko ere. Nahiz eta amaierarako zertxobait aldatzen den hori Alexekin. Juliak ere eboluzionatzen du filmean, dituen harremanekiko, bere buruarekiko, bere bizitzarekiko perspektiba hartzen du pixkanaka: zer nahi duen, zer behar duen, zer duen egiaz.

Pertsonaiak ez ditu epaitzen filmak, xalo eta beren horretan aurkezten ditu, baina ez da film xaloa, inondik inora, elkarrizketa eta eszena xumeen ostean asko gordetzen da, ikuslearen kontu geratzen dena. Badaude, gainera, bestela nahiko noiznahikoa izango litzatekeen kontakizuna ‘orain eta hemen’ kokatzen laguntzen duten hainbat elementu, Juliaren sakelakoarekiko lotura etengabea, Covid-19aren pandemiaren oihartzunak…

Filmaren lehen zatian, kontakizunaren pisua oraindik nabari ez denean eta pertsonaiak ezagutzen hasterakoan, enkuadreek eta planoek hartzen dute arreta. Behin baino gehiagotan nabari da kamera eszenaren barruan, gertutasuna emanez gertatzen ari denari. Juliaren lekua hartzen du kamerak une batean, eta Óscarren (Oriol Pla) begi argiek begietara begiratzen diete ikusleei. Elipsiaren erabilera ere aparta da filmean. Sentsazio gazi-gozoarekin atera naiz aretotik, eta konturatu naiz ez dudala izenburua ulertu.

‘El Suplente’ filmeko fotograma bat.

Idazle bati buruzko pelikula bat zirudien, auzo pobre bateko ikastetxekoa gero, eta azkenerako beste zerbait bilakatu da, aurreko biak biltzen dituena, desberdina baina ez gehiegi. Diego Lerman argentinar zuzendariaren El Suplente (Ordezkoa) ez da film aspergarria, nahiz eta agian oso freskoa ez izan. Baditu ezusteko batzuk, intrigatzen eta kitzikatzen duten momentuak, baina pelikularen osotasunean galdu egiten dira asko, ez dute gauza handirik azaltzen, eta geratzen den kontakizuna, erakusten dena, ez da aparteko kontakizuna.

Lucio (Juan Minujín), idazlea eta literatur aditua Buenos Aireseko aldirietako eskola bateko ordezko irakasle gisa hasten da lanean. Aldi beran, bere aitak auzo horretan laguntzen duen jendea lagundu beharko du, pobrezian, narkotrafikoaren atzaparretatik ezin askatu erabateko bazterketa pairatzen duten horiekin bat eginez. Tolestura gehiago baditu filmak, eta pertsonaien istorioek aberastasuna ematen diote.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA