Doluarenak

Peru Iparragirre
0
Resten af livet filmeko fotograma bat. Argazkia: Rolf Konow.

Resten af Livet

Eten bat, bat-batean. Hutsune handi bat filmaren erdian, norbait galtzeak utz dezakeenaren antza hartzen duena. Doluari buruzko filma da Frelle Petersen-ek idatzi, zuzendu eta muntatutako Resten af Livet / Forever. Baina zer dago galeraren aurretik? Horren printza batzuk ematen ditu Danimarkako filmak hasieran, brastakoan galeraren ostekoak erakusteko. Mantso doa kontakizuna, mantso doaz kokatzen pertsonaiak galeraren bueltan, baina filmeko denbora ez da behartua. Errepikatzen diren erritualek, urtebetetzeetakoak, adibidez, une ezagunak sortzen dituzte narrazioan. Soila dirudi guztiak, baina azalaren azpia bor-bor nabari da, mugituta daude urak, eta tentsio hori transmititzea lortzen dute aktoreek. Lehertzen da ezinegon hori, baina ez modu ikusgarriegian, eta eraldatzen doaz pertsonaien doluak, haien arteko harremanak. Azkenerako, kide bat galdu duen familia gutxika nola berreraikitzen doan erakusten du filmak.

Film delikatua da oro har, agian ez gustu guztientzako aproposa. Baina momentu ederrak ditu, Eskandinaviako sekuentzia mantso eta lasaiak eta lehor itxurako pertsonaien konplexutasunak zer gozatua uzten dute, istorioa hasten den bezala bukatzen den arren: familia baten egunerokotasuneko une berezi baten erretratu batekin, hari asko lotu gabe, baina asko iradokiz.

Le Lycéen

Galeraz eta doluaz ari da, halaber, Christophe Honoré-ren Le Lycéen, Resten af Livet-en oso bestelako kode batzuetan, paralelismoak egon badauden arren. Askoz ere mugituagoa da narrazioa, frenetikoagoa. 17 urte ditu Lucas (Paul Kircher) protagonistak, eta aita galdu ostean pairatzen duen infernuetara jaitsiera kontatzen du filmak. Sexualitateaz eta laguntasunaz mintzo da Le Lycéen, baina batez ere bizitzari egunero-egunero aurre egin beharraz. Ertz asko ditu, hari ugari nondik tira, eta zinta gogorra da tarteka, nahiz eta Lucasen eta gainerako pertsonaien garapenak ondo borobiltzen duen kontakizuna. Juliette Binoche -igande iluntzean aurtengo Donostia Sarietako bat jaso zuena- ederki ageri da baita ere.

Runner

Aitaren heriotza da, era berean, Runner filmaren ardatza, eta 18 urte bete berri dituen Haas (Hannah Schiller) du protagonista. Baina hor amaitzen dira beste filmekiko antzekotasunak. Erregistroa eta asmoa erabat desberdina baita. Marian Mathias zuzendariaren lehen film luzea da AEBetako erdialdean eta joan den mendean kokatutako Runner. Kasu honetan dolua modu bereziagoan ageri da, modu itxiagoan, eta heriotzak Haasen bizitzan dakarren aldaketa bestelakoa da, ez dago berreraikitzeko familiarik, baizik eta bere buruarentzat aurkitu beharreko bideak.

Iraupen laburrekoa bada ere izugarri dilatatzen da kontakizuna, eszena geldiek, elkarrizketa urriek, isilune luzeek eta ekintza oro har geldoak eragiten du koadro sorta baten aurrean egoteko sentsazioa. Planoen konposizioak ere areagotzen du sentsazio hori. Istorioa bera sinplea da, eta kontatzeko moduak, AEBetako zinema zaharra gogorarazten duten elkarrizketa apal, nasal eta mantsoek eta irudiarekin egindako hautuek hartzen dute garrantzia, horri eskapu egiten dioten uneak ere badauden arren.

Atmosfera berezia sortzen du Mathiasek, asmo artistiko argi bati jarraituz. Ikusle batzuentzat traba izan da asmo hori, istorioari berari traba egiten diolako agian, baina film honetan erakusteko modua da istorioa beste ezer baino gehiago. Ezin dut burutik kendu Haasen etxea urrunean erakusten duen plano zabalean bizkarrez agertzen diren bizilagunen pasarteak, eta haien elkarrizketa xuxurlatu gainjarriak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA