Ametsa eta eldarnioa

Peru Iparragirre
0
Los Reyes del Mundo filmeko fotograma bat.

70. Zinemaldiko irabazleen gainean itxi zen oihala joan den larunbat gauean, eta horrekin amaitu zen, beste urtebetez, jaialdia. Zazpi hamarkada bete ditu aurten Donostiako Zinemaldiak, eta berezia behar zuen izan okasioak. Zinemaldiaren historiari garrantzia berezia eman diote aldi honetan, Tabakaleran erakusketa jarri dute, eta filmen aurretik jarri duten karetan ere jaialdiaren historiako argazkiak erakutsi dituzte. Artxibo horri leku berezia egin zioten ere sari-emate ekitaldian.

Urteurrenarekin batera heldu den berezitasuna, hala ere, atzera normaltasunera itzuli izana da. Normaltasuna: aretoetan musukorik ez, berriz ere sarrerak hartzeko ilarak –nahiz eta aurtengoan ilara asko birtualak izan diren–, Belodromoko saioak, jende gehiago, izar gehiago, baina oraindik pandemia aurreko egoerara itzulera erabatekoa ez da izan; izango ote da sekula?

Sail Ofizialari dagokionez, aurtengoan ere askotarikoak izan dira lehiatu diren filmak. Modelo 77 filmak hasi zuen festibala eta Sail Ofiziala, maila nahiko altu utziz, eta hortik aurrera gorabeheratsua izan da Zinemaldian garrantzia gehien ematen zaion saila. Film gogoangarriak utzi ditu, hala ere. Horietako bat izan da Urrezko Maskorra jaso duen Los reyes del mundo (Munduko erregeak). Laura Morak zuzendutako filmak elkarren konpainia besterik ez duten Kolonbiako bost mutilen istorioa kontatzen du: hiritik eta miseriatik atera eta lurralde propio baten bilaketa. Egoeraren laztasuna eta irudi onirikoen edertasuna naturaltasunez elkartzen dira Moraren filmean.

Lehen (eta lehenengotariko) filmak eta aktore gazteak saritu ditu batez ere epaimahaiak, izen ezagunagoak kanpoan utziz. Interpretazio protagonista onenaren saria eraman dute, ex aequo, Carla Quilez-ek ama nerabeei buruzko La maternal filmeko lanagatik eta Paul Kircher-ek Le Lycéen filmagatik.

Haurtzaroa eta nerabezaroa behin eta berriz agertu dira Sail Ofizialeko filmetan, amatasunaren eta doluaren gaiekin batera. Gazteen eta ez hain gazteen asmoak eta ametsak eta bizi dutenaren errealitatearen arteko talkak elikatu ditu ikusitako film asko. Ametsak, eldarnioak, esperantza eta erabakiak, ez dago besterik. Zinemak badu, oro har, onirikotik asko, munduari begiratzeko dugun moduari bueltak emateko tresna aparta da, eta aurtengoan ere zinema egiteko modu ugarik egin dute topo Zinemaldian.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA