Amazonen lainoak lur hartzen duenean

Peru Iparragirre
0
Argazkia: Ingrid Burrington

Urtea amaitu aurretik hiru zentro zabalduko ditu Amazon multinazional erraldoiak Aragoiko lurretan. Baina ez dira logistika zentroak, ez, bederen, irudika ditzakegun irribarredun kartoizko kaxak pilatuko dituzten Interneteko salerosketa webguneari lotutako logistika guneak. Amazon Web Services (AWS) deitzen den Amazonen azpi-atalaren datu-zentroak izango dira.

Amazon.com dendaren irabaziak bikoizten ditu AWSk, nahiz eta diru-sarrerak bestearenak baino askoz ere baxuagoak izan. Klik batera eskuragarri daukagun mundu-mailako denda eta banaketa eta irabaziak zukutzeko langileen baldintza penagarriak ezartzen dituen enpresa batekin lotu ohi dugu Amazon, baina biki ezezagun bat du erraldoiak, hain ikusgarria ez dena: egun Internet guztiaren heren baten azpiegitura kudeatzen duen AWS. Atzean uzten dituen lehiakide nagusiak Microsoft eta Google dira.

Internet ez dago zeruan, munduan barreiatutako zerbitzarietan baizik, eta AWSk eskaintzen duena zera da: azken urteetan garatu duen zerbitzari sare zabal eta puntakorako sarbidea. Netflixen katalogoko film eta telesail guztiak, esaterako, Amazonen zerbitzarietan daude. Eta ez hori bakarrik, erabiltzaileei hurrengo zer ikusi gomendatzeko algoritmoak ere AWSren tresnei esker garatzen ditu Netflixek. Gobernuek eta zerbitzu sekretuek ere erabiltzen dituzte AWSren zerbitzuak, baina baita unibertsitate eta eskolek, norbanakoek, eta askotariko enpresa handi zein txikiek ere.

Aragoikoa AWSk martxan jarriko duen Europako zazpigarren “datu-eskualdea” izango da, milaka metro koadro zerbitzari eta super-ordenagailurekin. Laino hori mantentzeko, ordea, baliabide asko behar da. ElPeriódico de Aragon hedabidearen arabera, Aragoiko elektrizitate kontsumoa %20 handituko dute AWSren datu-zentroek, eta hamar ureztatze hektarea bezainbeste ur beharko dute tresneriaren tenperatura mantentzeko. Krisi energetiko betean jarriko dituzte martxan zentroak, eta herritarren kezkak azaleratu ditu horrek, oinarrizkoak diren baliabide horiek zertara bideratzen diren. Baina ez larritu, energia iturri berriztagarrietan egingo duen inbertsioarekin 2025erako %100ean berdinduko du elektrizitatearen erabilera intentsoa Amazonek. Diruak arazoak erraz konpontzen baititu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA