Pentsalariaren irakurleak harrituta geratuko dira aste honetan aurkeztu diren bere idatzi hautatuen liburuak alderatzean. Kronikak argitaratu du Susak, Intelektuala eta gizartea eta Euskalgintza Jakinek. Apurka, beraz, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegik han eta hemen argitaratu zituen askotariko artikuluak ari dira irakurle berrien eta zaharren eskuetara modu ordenatuan iristen. Baina etsigarria da kontua, Jakinek ez baitu zuzendu Txillardegiren testu hautatuekin argitaratutako aurreko liburuetan egindako hautu okerra.
Ukaezina da Txillardegik izan duen eta duen eragina; askok hartzen du egun eredutzat, eta bere hitzak aztertzen eta errepikatzen dira batean zein bestean, aitortza instituzionalik apenas duen arren. Idatzita utzi zituenak irakurri ahal izateko, ordea, nonbait argitaratuta egon behar –jatorrizko aldizkari eta liburuez gain, gehienak aspaldi hauts bilakatu baitziren–. Interneten, Jakinen webgunera jo dezake interesa duenak, bertan baitago bere obra osoa, nahi duenaren eskura: guztira 2.231 liburu, liburu-zati, hitzaurre, artikulu eta beste.
Transmisioa
Jakinek liburu sorta eskaini dio Txillardegiri, «Dabilen pentsamendua» bilduma abiatuz. Miren Rubiok idatzitako Txillardegi. Batasunaren pentsalaria biografia jakingarria izan zen lehen liburukia, eta pentsalariaren testu hautatuen bost liburu gehiagok osatzen dute sorta. Alaitz Aizpuru Joaristik egin du testuen hautaketa eta aste honetan aurkeztuko dituzte falta diren bi antologiak: Intelektuala eta gizartea eta Euskalgintza.
Merezi du liburuetan jartzen duen azalpena osorik ekartzea: «Euskal pentsalari eta kulturgileen lana ezagutzera ematea du helburu [«Dabilen pentsamendua» bildumak], egilekako eta gaikako antologiekin. Eskuz esku eta ahoz aho dabilen pentsamenduak baino ez du aurrera egiten eta, pentsamenduak aurrera egin dezan, denen eskura jartzea beharrezkoa da. Zor diegu aurrekoei, zor diegu gure buruei eta zor diegu ondorengoei ere. Izan ere, belaunaldi bakoitzaren egitekoa da aurrekoen ekarpena ezagutu eta urrats bat aurrera eramatea, betiere mundua gure esperientziatik pentsatuz».
Badaude aipatzeko puntu gehiago, baina transmisioarena da hemen aipatu nahi dudana. Jakinek argitaratutako liburuetan ordena kronologikoan daude emanda testuak. Intelektuala eta gizartea liburuko lehen artikulua Camusen heriotzaren harira 1960an Eganen idatzitako «Lekuko bikain bat il da» artikulua da, esaterako, eta hortik aurrera nabarmena da Txillardegiren idazkeraren bilakaera, testuetan argi ikusten da. Ariketa interesgarria da 60ko hamarkadakoak eta 70etik aurrerako testuak alderatzea, baina ariketa filologikoa da. Bere pentsamenduan hizkuntzak leku ezin garrantzitsuagoa du, baina nola hedatzen da pentsamendu hori? Nahikoa aitzakia al da hori?
Nahiko nuke buruan «h»-ak falta diren lekuan jartzen ibili behar izan gabe irakurri Txillardegik Camusi buruz dioena. Esaten duena transmititzearekin batera transmititzen da idazteko modua ere, eta jakin nahiko nuke zer esango lukeen Txillardegik gisa honetako bilduma batean bere testuak ez zuzentzeko hartutako erabakiari buruz, 2021ean «[…] nik uste baiño geiago itzegin zan egun aietan, eta nik uste ere baiño obeto» esaldia idatzita daraman liburua inprimatzera bidaltzeari buruz.
«Dabilen harria» bildumako liburuetan hartutako erabakia Susak argitaratutako Kronikak liburua osatzerakoan hartutakoarekin aldera daiteke. Kasu honetan, Juan Luis Zabalak egin du testuak zuzendu eta batura ekartzeko lana, eta eskertzekoa da, eskertuko dute oraingo eta geroko irakurleek. Denen eskura baitago, eskurago, bederen.