Etorkizuna ez baita hein handi batean eraikitzen den zerbait besterik, etortzekoa den errepide sarea diseinatzeko lanetan ari da dagoeneko Espainiako Gobernua. Etorkizuna irudikatzerakoan gidaririk gabeko auto elektrikoak, semafororik gabeko hiriak, istripurik gabeko errepideak erraz etortzen dira gogora, ez baitira ideia horiek gutxitan errepikatzen hedabideetan. Hori guztia martxan jarri ahal izateko, ordea, errepideko –espazio publikoko– elementu oro kontrolpean edukitzea ahalbidetuko duen azpiegitura ezinbestekoa da.
Azken egunetan zabaldu den berri baten arabera, aurrera doa Espainiako Estatuko Trafiko Zuzendaritza Orokorrak (DGT, gaztelaniaz) proposatutako DGT 3.0 plataforma, eta 2026rako martxan egongo da. Hiru milioi eurotik gora ordaindu dituzte dagoeneko plataforma garatzeko, eta datozen lau urteetan amaituko dute lan hori, okerrik ezean.
Errepideko elementu eta ibilgailu guztien informazioa bateratuko duen plataformaz gain ibilgailuek eta bestelako erabiltzaile eta elementuek informazio hori helarazteko bideak ere behar dira. 2030. urterako bost urte baino berriagoak diren auto guztiak sarera konektatuta egongo omen dira, baina hori baino lehen ere izango da plataforma elikatzeko modurik: GPSaren bidez, mugikorren bidez (modu pasiboan eta erabiltzaileak berak emandako informazioaren bidez) eta baita 2026tik aurrera autoan nahitaez eraman beharko den larrialdietarako argiaren bidez ere. Orain arteko triangeluak ordezkatuko dituen V-16 delakoak geolokalizazioa izango du, zirkulazioa arautzen duen administrazioak eta gainerako erabiltzaileek errepidean gertatzen diren matxura eta gisako gertakarien berri izan dezaten une oro.
Ondo arrazoitu du Gobernuak plataformaren xedea. Errepidean zero hildako, zero zauritu, zero buxadura eta zero emisio sortzea da helburua. Horretarako, errepidetako eta bertako erabiltzaileen egoera denbora errealean jasoko duen plataformara sarbidea izango dute udalek eta administrazio publikoak ere. Datuak modu anonimoan kudeatuko badituzte ere, “arrisku egoeratan” Espainiako Barne Arazoetako Ministerioak ibilgailuen datuetara sarbidea izango duela zabaldu dute hainbat hedabidek.
Erabat automatizatutako etorkizun idilikoaren bidesaria ezinbestean hori baita, dirudienez; segurtasuna bermatzen duenak kontrola ezartzen du, herri eta hirietan ugaritzen ari diren segurtasun-kamerekin bezala.
1 Iruzkin
[…] Peru Iparragirrek Argia aldizkariko Itzal eta Itzuli gabe blogean. […]