[1981] Oso latza izan da

Bizkarrean hartuta, auto funebrerik gabe, hiru kilometroz. Horrela eraman zuten Joxe Arregiren hilkutxa Zizurkilgo hilerrirako bide sigi-sagatsuan gora milaka lagunek, 1981eko otsailaren 16an. 10.000 zirela irakurri dugu denborak horitutako egunkarietan.

Aurretik, Pasus plazan, errebeldia ekintza bat: zintzel eta mailuz hautsi dute prezintua, eta herriko semeari aurpegia laztandu diote azkenekoz. “Guztiz debekatuta irekitzea!”, ari dira behin eta berriz irratian… Zer nahi dute ezkutatu? Denek dakitena: “Hemen denok bagenekien estatuko komisaria guztiak zertarako zeuden eta dauden eginda” (ARGIA, 803. zk.).

Joxe Arregiren hilkutxa ireki zuten unea Zizurkilen. Argazkia: Arturo Delgado / ARGIA Fototeka

Joxe Arregiren gorpu torturatuari ateratako argazkiak Zizurkilgo hilerrian.

Gaua da, joan dira denak. Hilkutxatik atera dute eta hilerriko biltegira eraman, denei erakusteko bagenekiena, bazekitena. Bixente Ameztoik eta Juan Kruz Unzurrunzagak egosi dute argazkiak ateratzeko operazioa, askoz geroago Berria-n aitortua.

Arregi bederatzi egunez eduki zuten Madrilen mekrominarekin “hilduratzen”, Xabier Mendigurenek Oso latza izan da (Elkar, 2023) liburuan deskribatu lez. Horiek izan ziren bere azken hitzak, Carabanchelgo ospitalean ziegakideei esanak. 45 urte igarota, 5.379 tortura kasu ditu zenbatuta Euskal Memoriak. Gehiago izango dira, badakigu.

Carabanchelgo presoek Joxe Arregiren testigantzarekin idatzitako eskuizkribua.

Testua: Urko Apaolaza Avila
Argazkia: Arturo Delgado / ARGIA Fototeka

 

View All

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude