Itoizko urtegia eraikitzeko kableak moztu zituztela 30 urte joan dira. 1996ko apirilaren 6an, rotaflexak eskuan, Itoitzekin Elkartasuna taldeko zortzi kidek ekintza publiko ikusgarria egin zuten kazetarien aurrean, eta urtegiko obrak urtebetez geraraztea lortu zuten.
Guardia zibilek emandako jipoiaz gain, lau urte eta hamar hilabeteko espetxe zigorra izan zen erresistentzia eta desobedientzia zibilaren bidea hasteagatik jasotako ordaina.
Urtegiaren kontrako mugimendua aspaldi jarri zen martxan, 1985ean Itoitz, Artozki eta inguruko herrietako bizilagunek Itoizko Koordinakundea sortu zutenez geroztik. Hurrengo urteetan mobilizazioek gero eta indar handiagoa hartu zuten, eta auzia euskal jendarte osora zabaldu zen. Paisaia- eta natur-balio handiko eremua suntsitzea eta Nafarroa ipar-ekialdea “basamortu” bihurtu nahi izatea egozten zioten foru gobernuari.
Hondeamakinek urtebete zeramatzaten lanean, 1994an ARGIAk ibarrera bisita egin zuenean. Legez kanpoko obrak ziren haiek eta agintarien “hechos consumados” (egintza burutuak) politikari jarraitzen zioten. Debekatuta zegoen lanei argazkiak ateratzea, baina Leire Arzuagak bikain hartu zituen baso eta lur txikizioen eszena tragiko haiek –Fototekan dituzu ikusgai–.

Herritarrak ere erretratatu zituen, artikulu hau zabaltzen duen irudian ikusi daitekeen bezala; Itoizko gorraiztarrak eta lizarragatarrak dira: “Ez gara hemendik joango, hemengoak garelako. Beti egon garelako hemen”, zioten.
Kalean eta epaitegietan luze bezain irmo borroka egin ondoren, 2003ko udaberrian horma zahar haiek behera bota zituen diruzalekeriak eta, ordutik, urpean geratu da biztanle haien iragana eta memoria.
Testua: Urko Apaolaza Avila
Argazkiak: Leire Arzuaga / ARGIA CC-BY-SA


