Egun beltza (2011)

2011ko urriaren 31n, Gasteizen aterata. Gau beltza ez, egun beltza izan zen urriaren 31ko hura Gloria Rodríguez gasteiztarrarentzat. 5 eta 10 urteko haurrekin, amarenera bueltatu behar izan zuen, etxetik kaleratua izan ostean. Argazkiak salatzen du garaia eta egoera: gurasoen etxeko telebista ipurdidun hori, zabaltzeko arropa mordoa saskian eta, mandoa eskuetan duela, bere begirada galdua.

“Ez dut utzi hilabete bakar bat ordaindu gabe, baina etekin handiagoa ateratzen dute ni kaleratuz”, azaldu zion Mikel Garciari, argazkiak ilustratzen zuen erreportajerako. Historia garratz horietako bat da: dibortziatua, ezin bikotekide ohiak utzitako zorra ordaindu, eta azkenean kalera, ez bazuen bankuak amaren kontra egingo, pisuaren bermatzailea zelako. 60 metro koadroko etxe batean seme-alabekin logela konpartitzen amaitu zuen azkenean.

Rodríguezek giltzak utzi behar izan zituen egunean, Hipotekak Kalteturikoen Plataformako eta Gasteizko Akanpadako hogei bat kide zeuzkan ondoan; M15 mugimenduak eztanda egin zuen, eta etxegabetu askok isiltasun eta estigmarekin apurtu zuten. Izan ere, 2011ko lehen seihilekoan 1.379 familia etxegabetu zituzten Hego Euskal Herrian, higiezinen krisiaren eta kredituen abusuzko klausulen erruz, zifra ikaragarria.

Hamabost urte geroago, funts putreek eta alokairuen espekulatzaileek gauza bera egiten jarraitzen dute –Gasteizen duela gutxi ikusi dugun moduan–, baina egun beltzari aurre egiteko, etxegabetuek hogei lagun baino gehiago dituzte ondoan orain.

Testua: Urko Apaolaza Avila
Argazkia: Alex Larretxi / ARGIA CC-BY-SA

View All

One Comment

  1. Lotura berezi bat egin dut berri hau irakurtzean. Duela gutxi gertatutako hegazkin istripuan Lehman Brotherseko exekutibo ohi bat hil da. Banku honen polítika ekonomikoak eragin zuen 2008ko etxebizitza krisi erraldoia. Gero, diru publikoarekin banka erreskatatu genuen. Banka erreskatatu bai baina, personak erreskatatu sekulan ez.
    Bankak porrota egin zuenean tipoak aberasten jarraitu zuen eta egun aberatsa zen eta hegazkin pribatua zuen istripua izan duena hain zuzen ere. Eta mendekua iexistituko balitz?

    Reply

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude