Korrikabusa

Furgonetarik ez, autobusa ibili zen Korrikaren atzetik 1982an. Euskararen aldeko herri-lasterketaren bigarren edizioa Iruñetik abiatu zen maiatzaren 22an. AEK “euskararen alternatiba herritar” moduan aldarrikatu eta, batez ere, dirua biltzea zuen helburu ekimenak.

Gau eskoletatik sortutako alfabetatze eta euskalduntze koordinakundea ataka estuan zegoen, Eusko Jaurlaritzak dirurik apenas ematen ziolako. Kontuak garbi: HABEk, 800 ikaslerekin, 120 milioi pezeta jasotzen zituen; AEK-k 25.000 ikaslerekin… 64 milioi! “Ezin da ikaslearen lepotik kostu osoa atera”, salatu zuen Julen Kaltzada euskara irakasle eta militanteak orriotan bertan –doakotasunaren eskaera ez baita atzo goizekoa–. Hizkuntz planifikazioa baino, “aldamenekoa itotzearen politika” egitea egozten zioten Jaurlaritzari.

https://argazkiteka.argia.eus/media/argiafototeka/images/4/6/5/76223_ca_object_representations_media_46500_large1200.jpg

Are okerrago, EAJri loturiko hainbat hedabidek eta sektorek Korrikari “boikota” egin ziotela salatu zuten. Gainera, debekatzekotan ere izan ziren, 1981eko estatu kolpearen ondorengo testuinguru politiko mesfidatian.

Kaltzadak, Joxe Azurmendiren eskutik jaso zuen lekukoa azken kilometroan. “Euskaltzaleentzat euskararen arazoa sekula ez da neutroa izan”, idatzi zuen pentsalari zegamarrak sasoi hartan. Jendetza elkartu zen Donostian, atzetik alternatiba herritarra irudikatu nahi zuen autobus hori zuela.

 

Testua: Urko Apaolaza Avila
Argazkia: ARGIAren artxiboa

View All

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude