Pinuz inguratutako paraje uniformean, oinak lokatzetan eta neguko euri langarrak bustita… Zer galdu zaie argazkian ikusten diren lagunei hor? Eta zergatik topatu dute jendarmeen hesi bat parean? 1982ko otsailaren 21ean, Seaskak deituta, milatik gora euskal herritar Soustonera (Akitania, Frantziako Estatua) joan, eta handik oinez hiru kilometro egin ondoren, Latche herrian bigarren etxebizitza gisa erabiltzen zen eraikin batean aurrean jarri ziren: François Mitterranden Landetako etxe kuttuna zen. Protesta molde hori izendatzeko hitza asmatu gabe zegoen oraindik, baina konturatu gabe “eskratxe” bat ari ziren egiten frantziar presidente izendatu berriari, ezkerreko bere promesak beti zitzan.
Seaskak eskatzen zuen “ikastolen finantzabidea gobernuak bere gain hartzea eta euskarazko irakaskuntza legez zutik emateko batzorde bat izendatzea” (ARGIA, 925, zk.); funtsean, bere egoera normalizatu eta legeztatzea eskatzen zuen, eta kanpaina gogor bati ekin zion 1982an, irakasle batzuen hilabeteko gose greba luzea barne.
Hurrengo urtean lehen hitzarmena sinatzea lortu zuten. Baina, bistan denez, ez zen nahikoa izan. 2026-2027 ikasturterako Parisek Seaskari esleitutako irakasle kopuru apalak “azken hogei urtetako egoera kaxkarrenean” utzi du ikastolen sarea, baita Ipar Euskal Herrian euskararen etorkizuna ere.
Testua: Urko Apaolaza Avila
Argazkia: Enbata / ARGIA CC-BY-SA


