Eduardo Moreno Bergaretxe, Pertur, ETA (pm)-ko buruzagia 1976ko uztailaren 23an desagertu zen, duela 50 urte. Azken aldiz ikusi zutenean, erakunde horretako bi kiderekin zihoan autoan Pausura (Urruña). Goiko argazkia urtebete geroago ateratakoa da. Donostian 25.000 lagun elkartu ziren Pertur gogoan zaitugu leloaren atzean (ARGIA, 748 zk.). Manifestazio gehiago ere egin ziren egun hartan: Gasteizen, Ondarroan (Bizkaia), Azpeitian (Gipuzkoa)… Euskal militanteari zer gertatu zitzaion jakitea eskatzen zuten, “erantzukizunak”, “hiltzaileei herri epaiketak”… Harrigarria iruditu beharko litzaiguke, 50 urte geroago, gauza bera eskatzen ibiltzea, Pertur-en kasua argitu gabe baitago oraindik.
Desagerketaren ardura italiar filofaxistez osatutako talde parapolizialei egotzi zieten hasieratik. Aldiz, Madrilgo hedabideek beste hipotesi bat hauspotu zuten: ETA (pm)-ren eta Komando Berezien arteko tentsioek eraginda kendu zutela azkenekoek paretik. Familiak ere zalantzak agertu izan ditu. Baina berriki GEBehatokiak egindako txosten baten arabera, zantzuak daude esateko erantzukizuna estatu aparatuena dela. Hala ere, gaur gaurkoz ez dago nahikoa daturik zehazki zer gertatu zen jakiteko: historia hurbileko beste kasu batzuekin gertaturikoa ikusita, zola ilunen batean behar du ezkutatuta egiak.
Hori bai, badakiguna da manifestazio ura modu baketsuan amaitu zela, “ordenazaintzaileak” ez zirelako agertu.
Testua: Urko Apaolaza Avila
Argazkia: ARGIAren artxiboa


