Harrelsonen gizonak (1992)

1992ko apirilaren 12an, Iruñean. Nostalgiaz begiratuko diote batzuek argazki honi, 1990eko hamarkada hasierako Polo karratu haietaz gogoratzean. Oraindik Seat konpainiarenak ziren Landabengo instalazioetan –Volkswagenek 1994an bereganatu zuen fabrika guztiz– egungo robot antropomorfoekin zerikusi gutxi zuten kateetan muntatzen zituzten autoak, eskuz. Baina jadanik zabaltzen hasia zen modako hitz berria: toyotismoa. Japoniako Toyota enpresaren sistemari jarraiki, taldeka lan egin, eskariari momentuan erantzun (Just in time), eta kalitatea lehenestea zuen helburu.

Lantaldeetan zebiltzanei “Harrelsonen gizonak” deitzen omen zieten, telesail estatubatuarraren eliteko poliziei bezala, formazio berezia jasotzen zutelako. Baina sindikatuek mesfidantzaz begiratzen zioten eredu horri, lan harremanak aldatu eta langileei konpromiso handiagoa eskatzen zitzaielako “misioak” betetzeko. Alegia, lan gehiago egitea.

Imajinario pop hura aspaldi atzean utzita, auto elektrikoak ekoizten hasi dira Iruñean. Baina Volkswagen ez dago bere onenean, eta mundu osoan 100.000 lanpostu suntsituko dituela esan du. Baliteke bere esku dagoen Seat marka ere 2029rako desagerraraztea. Helburua zein da? Modelo gutxiagorekin auto gehiago eta teknologia hobeaz ekoiztea. Berriz ere kalitatearen rolloa, izen futurista falta zaio -ismo berriari.

Landabenen badakite zerbait “tokatuko” zaiela, eta oraingoz, soldatak izozteko mehatxua hor dute bizkarrean, Harrelsonen gizon zein emakumeek.

Testua: Urko Apaolaza Avila
Argazkia: Aitor Bayo / ARGIA CC-BY-SA

View All

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude