2011ko urriaren 31n, Gasteizen aterata. Gau beltza ez, egun beltza izan zen urriaren 31ko hura Gloria Rodríguez gasteiztarrarentzat. 5 eta 10 urteko haurrekin, amarenera bueltatu behar izan zuen, etxetik kaleratua izan ostean. Argazkiak salatzen du garaia eta egoera: gurasoen etxeko telebista ipurdidun hori, zabaltzeko arropa mordoa saskian eta, mandoa eskuetan duela, bere begirada galdua.
“Ez dut utzi hilabete bakar bat ordaindu gabe, baina etekin handiagoa ateratzen dute ni kaleratuz”, azaldu zion Mikel Garciari, argazkiak ilustratzen zuen erreportajerako. Historia garratz horietako bat da: dibortziatua, ezin bikotekide ohiak utzitako zorra ordaindu, eta azkenean kalera, ez bazuen bankuak amaren kontra egingo, pisuaren bermatzailea zelako. 60 metro koadroko etxe batean seme-alabekin logela konpartitzen amaitu zuen azkenean.
Rodríguezek giltzak utzi behar izan zituen egunean, Hipotekak Kalteturikoen Plataformako eta Gasteizko Akanpadako hogei bat kide zeuzkan ondoan; M15 mugimenduak eztanda egin zuen, eta etxegabetu askok isiltasun eta estigmarekin apurtu zuten. Izan ere, 2011ko lehen seihilekoan 1.379 familia etxegabetu zituzten Hego Euskal Herrian, higiezinen krisiaren eta kredituen abusuzko klausulen erruz, zifra ikaragarria.
Hamabost urte geroago, funts putreek eta alokairuen espekulatzaileek gauza bera egiten jarraitzen dute –Gasteizen duela gutxi ikusi dugun moduan–, baina egun beltzari aurre egiteko, etxegabetuek hogei lagun baino gehiago dituzte ondoan orain.
Testua: Urko Apaolaza Avila
Argazkia: Alex Larretxi / ARGIA CC-BY-SA


