1986ko martxoaren 9an, Tolosan (Gipuzkoa). Beotibar pilotalekuak betekada galanta izan zuen duela 40 urte, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako Tolosako finalerdietan. Argazkiaren detailera sartuta, gauza asko azaldu daitezke. Atentzioa ematen du Euskaltzaindiaren tapiz mitikoak ez ikustea; horren ordez txapelketaren pankarta dago, eta 1985-1986 jartzen du… zergatik?
Ordura arte Euskaltzaindiak antolatzen zuen txapelketa, eta 1985ean egokitzen zen, baina bertsolari batzuk ereduarekin gustura ez eta, hari uko eginda, 1986an txapelketa parte-hartzaileago bat antolatzea erabaki zuten, bertsozaleen laguntzaz: “Gu bagaituk kapaz, herriz herriko ibili honetan ezagutzen dugun eta bertsoa maite duen jende bat bildu, eta txapelketa tajuzko bat antolatzeko”, halaxe esan omen zuen Xabier Amurizak, gerora Imanol Lazkanok Hitzetik Hortzera saioan kontatu zuenez.
Erronka itzela izan zen, eta berezia gauza askorengatik: parte-hartzaileen kopurua –90 bertsolari, tartean Kristina Mardaras, lehen emakumea–, puntuaketa publikoa, Donostiako Belodromora jauzia… Bertsozale Elkartearen ernamuina izan zen 1986ko txapelketa hura.
Ezker paretan, ikurrina eta “Aitzol omenez” dioen kartela ere ikusten dira alde banatan. Tolosar euskaltzaleak plaza publikora atera zituen lehengo bertsolari zaharrak, eta faxistek hil zutela 50 urte bete zirenean, zer besterik gogoan izatea baino? Iñaki Muruak ere gogoan izan zuen Tolosako saio hartako agurrean, eta beste hau gehitu zuen:
(…)
Zuek eta gu ta hoiek ere
gabiltza bide bereti
gure hizkuntza indartu nahirik
gauza guzien gaineti.
Testua: Urko Apaolaza Avila
Argazkia: ARGIAren artxiboa


