Bigarren Errepublikan, hirietako señorita eta señoritoak baserriz baserri ibiltzen ziren, gurutzea eskuetan zutela, mezua zabaltzen: ezkerrari botoa ematea Jainkoaren kontra bozkatzea da! Emakumeek lehen aldiz eman zezaketen botoa, eta Jesukristoren irudia musukaraziz, begiak malkotan zituela, etxekoandreari zin eginarazten zioten ez zuela inola ere halako bekaturik egingo. Hala dio orduko prentsak, kanpaina zikinagorik… Baina, gero, berrogei urteko diktadura etorri zen, eta boto-kutxak zer ziren ere ahaztu zitzaien herritarrei.
Trantsizioan itzuli ziren kanpainak, mezuak eta esloganak. 1979ko martxoaren 1ean, ostegunarekin, Espainiako lehen hauteskunde orokor “konstituzionalak” egin ziren, eta hor ere alderdi politikoak –ezinezkoa hemen letra-zopa guztia jartzea– ring-era atera ziren eskularruak jantzita.
Automobilean megafonia topera jarri eta kaleak enpapelatzea zen publizitate teknika seguruena: erratzekin eta kolarekin zientoka, milaka kartel. Para avanzar (Aurrera egiteko) zioen ORTk; Euskadiko giltza gure burruka da, Herri Batasunak; Martiak 1: Zentzunezko botoa, EAJk… Beste mezu hau ere agertu zen hormetan:
Católico: tus obispos te recuerdan, no votes a los partidos contrarios a tu fe (Katolikoa: zure gotzainek oroitarazten dizute, ez eman botoa zure fedearen aurkakoei).
Jesukristoren irudia falta zen bakarrik, musukatu ahal izateko.
Hauteskunde haietan teknika berriagoak ere erabiltzen hasi ziren, adibidez telebistako “sketch” modernoak. Eta izan zen auzoko azken zirrizturaino iristeko beste bide batzuk topatu zituena. Bilbon ateratako azpiko argazkian ikusten den moduan, garaiko aldarrikapenak bi gurpilen gainean eraman zituzten batzuek: Presoak etxera jartzen du bizikletako hautestontziaren goialdean.
Gaur, sare sozialetan eta youtuber hormonatuen saioetan jokatzen da borroka elektoralaren parte handi bat, baina kostako zaie originaltasunean irabaztea.
Testua: Urko Apaolaza Avila
Argazkiak: ARGIAren artxiboa eta Luis Otaegi


