A ze lotsa
Ez dut nahi nire alaba edo seme bat lehiaketa bateko entzunaldi batean ilaran zain egon, azkenik aberats okitu batek ez dela kantari ona esan diezaion. Horrek ez du zerikusirik musikarekin.
Dave Grohlen hitzak dira, Nirvanako bateria-jotzaile ohia eta egun Foo Fighters taldeko kantari eta buru denaren hitzak. Motz geratu da, nire ustez.
Azkeneko urteetan arrakasta nabaria izan dute Youtuben munduko edozein telebistako talentu lehiaketek. Hauetan haur, lodi, itsusi edo frikiek ezustean txunditzen dituzte epai-mahaia eta publikoa. Zirku honen aurrekariak, noski, American Idol tankerako musika lehiaketak dira. Hegoaldean Operación Triunfo izan genuen. Hortik atera ziren oraindik musikarekin eta publizitatearekin bizitza irabazten duten Bisbal, Chenoa, Manuel Carrasco eta abar.
Oraindik gogoratzen dut hauek guztiak erditu zituzten urte berberean agertu zela ere Alex Ubago gasteiztarra. Noski, ez naiz ni honen musika eta Warnerren produktuen defendatzailea izanen, baina garai hartan egunkariren bateko gehigarri batean irakurri nuen titular batek harritu ninduen: “Alex Ubago: triunfo, sin operación” Esanen nuke esaldi horrekin argi geratu zela hortik aurrera telebistako lehiaketa kirasdun horietatik pasatzea izango zela musikaria izateko modu bakarra, eta hori gertatu ezean, salbuespen anekdotikoa izango zela.
Urteak pasa dira, eta mota hauetako saioak biderkatu zaizkigu. Dave Grohlek dioen bezala, bertara aurkezten den orok bere etorkizun artistikoa bideratuko duen lau aberats edo sasi-musikariren iritzi pertsonal eta subjektiboa jasotzen du. Mundu honek dituen 7.000 milioi lagunetik, lau. Hau guzti hau musika ez dela esatea motz geratzea da, hau guzti hau artearen hondamena baita.
Hiztun gutxi dituen hizkuntza bat hitz egiteak baditu bere abantailak, alegia ez dugula telebistako zabor gehiegirik kontsumitzen, honek ez bailuke behar adina dirurik emanen. Salbuespena egin dute honekin: ETBk musika lehiaketa bat sortu du. A ze banda!
Kritikatu nahi den hori aurretik ezagutu behar omen da, baina nik ezin izan dut 15 segundu baino eman telebista aurrean A ze banda! ikusten. Tarte hori aski izan dut nuen ideiarekin oker ez nengoela frogatzeko.
Epaileak, Alex Sardui eta Zuriñe Hidalgo dira. Exkixuko kantari ohiak jakingo du zer egiten duen hor, baina benetan aztertzekoa nafarraren partehartzea dugu. Euskarak eman duen talderik txarrenetariko baten kantariari eman diote erabakimena lehiaketara aurkezten diren taldeek balio duten edo ez esateko. Musika ikasle eta irakasle bezala, negargarria iruditzen zait. Kantatu, ongi kantatzen du, baina apostu egingo nuke ez dela hori ETBk Hidalgo anderea kontratatzeko izan duen irizpiderik sendoena. Beti bezala, matxismoa aurretik, badaezpada ere. Dena den, epaileak musikologoak balira ere, berdina irudituko litzaidake talde bat ona delaren erabakia bi pertsonen artean hartzeak.
Musika munduak, rockak, ez du inoiz gaur egungoa bezalako gatazkarik ezagutu. Alde batean dira dirua helburu bakarra duten disketxe multinazionalak eta Payola behin eta berriz egiten duten musika-trafikanteak, arrakasta nork lortuko duen erabakitzen. Bestean, informatika aro berri honek eman dizkigun herramintak beste era batera ulertu dituzten geroz eta talde eta mugimendu gehiago ageri dira.
Euskal Herrian, independienteak ziren disketxeek orain menpekotasuna nozitzen dute edo kalitate urriko -18 talde tronpetadunak fitxatzen dituzte dirua irizpide bakarra dutelarik.
Lehiaketa hauek ez dute ezertan laguntzen.
Iruzkin bat
Trackbacks/Pingbacks
- Gu ta gutarrak, euskaratik eta euskaraz | Hitz eta Pitz - […] egun batzuk, Argia astearian murgildu ginela, honako artikulu honekin egin genuen topo: A ze lotsa!. Eta Julen Leuzaren iritzi…
Kritika edo iritzi ausarta Julen. Horrelako gehiago behar ditugu. Errespetu faltaren mugatik gertu daude esaldi batzuk, baina tarteka beharrezkoa da horren gordin adieraztea gauza batzuk. Bai, lagunak egin arren.