Zenonen larraindantza
Hasiera » Sailkatugabeak » HELLFEST, DAY ONE: Infernuan ate joka
Abu01 0

HELLFEST, DAY ONE: Infernuan ate joka

Atalak: Sailkatugabeak

Iritsi ginen, autoan 7 orduz ibili eta gero. Clisson, Frantzia, Nantesetik hurbil. Kanpinean dendak eta abarrekoak jarri eta laister ohera. Hurrengo egunean hasiko zen Hellfest rock-metal festibal erraldoia, igandeko gauerarte iraungo zuena. Hona ba, nik ikusi nituen kontzertuen kronika laburrak.

6 eszenatoki zeuden: Mainstage 1 eta 2 alde batetik, handienak, elkarren ondoan eta tartean pantaila erraldoi bat zutelarik. Han joko zuten talde nagusiek, beti eszenatoki batekoak bestekoarekin tartekatuz (han eman genuen denbora gehien). Altar eta Temple bestetik, karpa handi batean, eta honetan Black eta Death-metal taldeak nagusi (konparazio batera, gizadiaren %85arentzat musika ordez “zarata” sortzen dituzten taldeak). Eta azkenik, Valley eta Warzone eszenatokiak. Bi hauetan, nagusiki, talde alternatiboak aritu ziren. Jendea, orokorrean, beltzez, eta gizonezkoak nagusi. Giro neardentala (oihuak momentu oro), eta garagardo litro kopuru imaginaezin bat. Bestetik, Quechuak kanpin-denden monopolioa dutela argi geratu zen.

Hala ba, lehenengo egunean goizean goiz joan ginen, nortzuk eta Berri Txarrak ikustera, Warzone eszenatokian. Harrotasunez aipatuko dut 150 talde baino gehiagoren artean euskaraz kantatzen duen bat egotea, gaztelerazko bakar bat ez dagoelarik gainera, gure hizkuntza urrun eramatea dela, dudarik gabe. Kasu, gutxitan heldu baita puntu hauetara euskal rocka. 12:15etan hasi eta Denak ez du balio jo zuten, atzerrian gehien zabaldu nafar taldearen kanta. Honen atzetik, ordu erdi motz baina bizi batean azken hiru diskoetako kantak jo zituzten soilik. Akaso festibalarekin bat zetozen kanta motak, esan daiteke, Dortoken Mendea bezala, itzela gertatu zitzaidana. Txalotzekoa ere bonboan Oteizaren argazkia ikustea, doike. Beti bezain fin.

Kanpinera itzuli ginen bazkaltzera. 15:00tan Saxon heavy talde mitikoa ikusi genuen Mainstageean. Kanta bakarra ezagutu gabe ere, kontzertu ederra eman zutela aitortuko dut. Hauen segidan Hellyeah estatubatuarrak, Panterako bateriaren taldea izateagatik ezagunagoak, Vinnie Paul handiarena, hain zuzen ere. Panterarekin erabiltzen zuen bateria ikusi ez genuen arren (hau txikiagoa, baina bonbo bikoitza mantenduz), soinu on ona zuten Hellyeah taldekoek, abeslari eta gitarrista paregabeekin. Fitxerora. Hauek bukatu eta ondoan Europe hasi. Bai, It´s the final countdown ninoninorenak. Kanta gehiago omen dituzte, aizue. Ez zitzaizkigun gehiegi gustatu, beraz bigarren edo hirugarren kantan komunera joateko tenorea zela erabaki genuen. Beti esan ahalko dut Europe ikusi nuela eta haien kanta bakarra entzun aurretik joan nintzela.

Itzuli ginenean Testament hasiak ziren. Esaten dutenez, Machine Head eta Manowarekin batera munduko talde zaratatsuenetariko bat da. Ba bai, bada. Eszenatoki aurrean jarri eta bonboen kolpeak zuzenean bihotzean jasotzen genituen. Hala ere, ez zitzaigun talde txarra iruditu. Europe baino hobeak behintzat. Testament ondoren, eta egitarauan ordutegi aldaketa bat eginez, Twisted Sister hasi ziren. Hauek ere kanta bakarreko taldea, We’re not gonna take it ezagunarekin. Argi utzi zuten gainera, kanta honekin 20 minutu egon baitziren. Guk, ergel profesionalak garenez, Huevos con aceite oihukatu genuen aldi guztietan. Hori bai, hura izan zen diferentzia handiz festibaleko 3 egunetan gehien entzun genuen melodia, jendearen ahots eta txistuetan. Hauek amaitu eta Kreator alemanak hasi ziren. Hauek ere, Saxon bezala, eupoako Heavy Metalaren gurasoetako batzuk. Guk ordea ez genituen ezagutzen, beraz kanpinera itzuli ginen, bokatak prestatzera.

Koadrilakoek gehien espero zuten taldeetariko bat ikustera itzuli ginen afalostean: Whitesnake. Ez naiz inoiz izan Whitesnakezalea. Egia esan, David Coverdale kantariaz gehien entzun dudana Deep Purpleekin grabatu zuen Burn disko mitikoa da. Whitesnakezalea ez naizela esan dut, eta gaitzerdi, zaleek haserre amaitu baitzuten kontzertua. Abeslaria ez omen zegoen sasoiko (hori guk ere nabaritu genuen), eta kantak goitik behera hautsi zituela esan zuten. Gainera, bi gitarjoleen eta hauetako batek armonikarekin egin zuen solo bukaezinak irentsi behar izan genituen. Pena, ba.

Ingelesek bukatu eta, iluntasuna lagun, Helloweenen txanda etorri zen. Hauek ikusteko gogo handiekin nengoen. Eagle fly freerekin hasi zuten (kanta erdira arte ahotsa entzun ez genuen arren), eta orokorrean azken urteetako kantak jo zituzten gero. I want outekin amaitu zuten behintzat, bideoklipa Nafarroan grabatu zuten kantarekin alegia. Kanta asko ezagutzen ez nituen arren, hauek ere sekulako kontzertua eman zuten. Gozamena.

Amaitu eta eguneko kartel-buruen ordua etorri zen: Def Leppard ingeles historikoak. Kristoren muntaia, argiak, eszenatoki eta soinua kontuan hartuz. Egia esan, bateriak beso bakarra zuela entzuna genuen, eta bi orduak bateriak nola demontre jotzen zuen jakiten saiatzen egon ginen. Deskubritu genuen, gutxi gora-behera. Honez gain, ez dut esango talde txarra denik, baina aitortuko dut kanta batek ere ez ninduela sobera harritu, beraz ez zen nire talde maiteenetariko bat izan.

Amaitzeko, Avantasia taldeak itxi zuen gaua. Taldea baino, gizon baten (Tobias Sammet alemana) proiektu pertsonala omen da, musikari finez inguratua. Halako opera rock/heavy arraro xamar bat. Bi kanta entzun eta kanpinera joan ginen, ohera. Egun gogorra genuen bistara, eta nekatuak geunden.

Lehenengo egunean, Berri Txarrak eta Helloween irabazle.

Iruzkinik ez

Trackbacks/Pingbacks

  1. HELLFEST, DAY TWO: Rock and Roll All Night | Julen Leuza - [...] abeslari onenetariko bat kontsideratua da (barrabilekin kantatzen duen horietakoa, esan daiteke). Coverdalerekin ikusi genuena berriz ikusteko beldurra genuela aitortuko dut.…

Iruzkina idatzi Baztertu erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Julen Leuza

Folklorea eta musika, orokorrean. Soinutresnak jotzea, kantatzea eta dantzatzea gustoko dut, eta idaztea baino hobe egiten ditut gauza horiek, beraz blog hau nire errealitatearen isla txiki bat besterik ez da izango. Traizioa tradizio bihurtuko dugu. Iruñea.

Azken bidalketak

  • Hemen da Txirrinka ekimenaren abestia
  • GEORGE MARTIN HIL DA. BOSGARREN BEATLEA? LEHENA AKASO
  • Oskorri eta euskara
  • Arma politiko bat
  • ZENONEN LARRAIN DANTZA

Iruzkin berriak

  • Julen Leuza(e)k Arma politiko bat bidalketan
  • Iñaki(e)k Arma politiko bat bidalketan
  • Jon Torner(e)k Futbolari buruzko 4 kantu paregabe bidalketan
  • Inaxio Esnaola(e)k A ze lotsa bidalketan
  • Gu ta gutarrak, euskaratik eta euskaraz | Hitz eta Pitz(e)k A ze lotsa bidalketan

Artxiboak

  • 2016(e)ko maiatza
  • 2016(e)ko martxoa
  • 2015(e)ko abendua
  • 2015(e)ko azaroa
  • 2015(e)ko ekaina
  • 2015(e)ko otsaila
  • 2014(e)ko abendua
  • 2014(e)ko azaroa
  • 2014(e)ko uztaila
  • 2014(e)ko ekaina
  • 2014(e)ko otsaila
  • 2013(e)ko azaroa
  • 2013(e)ko iraila
  • 2013(e)ko abuztua
  • 2013(e)ko uztaila
  • 2013(e)ko apirila
  • 2013(e)ko otsaila
  • 2012(e)ko abendua

Kategoriak

  • Sailkatugabeak

Meta

  • Hasi saioa
  • Sarreren jarioa
  • Iruzkinen jarioa
  • WordPress.org

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA