Hasiera »
Karlos Gorrindoren bloga - Amildegiaren ertzetik
Karlos Gorrindo Etxeandia
Kazetari eta idazle badaezpadakoa. Ofizioa euskara teknikaria; afizioa idaztea. Ni ez naiz nor zurean sartzeko baina nire esana astintzaile bazaizu, ederto!
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Euskal komunitatea trinkotzeko tresna ezinbestekoak | Arian-arian(e)k Itxurakeria eta plantak bidalketan
- Juan(e)k Harria ibili dabilen arren, goroldioak itsatsita jarraitzen du bidalketan
- karlos(e)k Perbertsioa bidalketan
- JJ(e)k Barre egiten digute bidalketan
- JJ(e)k ELA, udal gobernuaren manporreroa bidalketan
Artxiboak
- 2021(e)ko urria
- 2021(e)ko iraila
- 2020(e)ko azaroa
- 2020(e)ko abuztua
- 2020(e)ko uztaila
- 2020(e)ko apirila
- 2020(e)ko urtarrila
- 2019(e)ko azaroa
- 2019(e)ko urria
- 2019(e)ko iraila
- 2019(e)ko ekaina
- 2018(e)ko apirila
- 2017(e)ko abendua
- 2017(e)ko azaroa
- 2017(e)ko urria
- 2017(e)ko martxoa
- 2017(e)ko urtarrila
- 2016(e)ko abendua
- 2016(e)ko abuztua
- 2016(e)ko maiatza
- 2016(e)ko apirila
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko urria
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko ekaina
- 2015(e)ko maiatza
- 2015(e)ko apirila
- 2015(e)ko martxoa
- 2015(e)ko otsaila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko azaroa
Hang Zhou
2021-10-10 // Euskara // Iruzkinik ez
Valle izeneko adiskide madrildar baina Alemaniako Düsseldorf hirian bizi denak ez zidan sinistu nahi esaten nioenean euskarak bizi duen agonia laster hilko denaren ebidentzia baino ez dela, eta denbora laburrean hil kanpaiak entzungo genituela, euskararen heriotza egiaztatuz. Euskararen iraganaren, orainaren eta balizko etorkizunaren gainean zekien bakarra nire ahotik entzundako informazioa baino ez zen. Hau da, nik azal niezaiokeenaren araberako irizpidea zuen berak. Hots, nik kontatutako errealitate subjektiboaren irudia egin zezakeen berak bere buruan, eta nik esandako konfirmatu, besterik gabe. Nire iritzia itsu-itsuan sinetsita, Vallek ondorio garbi bat baino ezingo zuen atera, hots, euskara azken hatsa emateko hurren zegoela eta lur planetatik beste hizkuntza gutxitu eta baztertu bat desagertu zen berria zabalduko zutela munduko hizkuntza boteretsuenek. Hizkuntzalari jatorren tamalerako ezbeharra baino ez zen izango milaka urtean iraun duen hizkuntza baten desagerpena egiaztatzea. Edo pozik jarriko ziren, nork jakin, ezen paleontologia linguistikoan adur-jario jartzea atsegin duten ikerlariek beste aztarnategi linguistiko bat izango zuten “El pais que no existe de los que fueron vascos”, hizkuntza galdu berriaren bilakaera zein izan den aztertu eta ondorio argigarriak atera ditzaten.
Baina Vallek esan eta berresaten zidan hainbeste mendetan biziraun duen hizkuntza ezin dela desagertu ezta galdu ere, historian zehar bizirauteko nozitu izan dituen eragozpenak gainditzeko beste indar izan badu, eta litekeena dela, nik azaltzen nion errealitate linguistikoa hori izanik ere, beste hainbeste mende bizirautea, euskaldunon ospe txarrari eutsiko baikenion, alegia, buru gogor izateari. Eta litekeena dela lortu nahi duguna lortu arte amorerik ez ematea. Edo, bestela, esan zidan, nik eman nion informazioa ez zela batere egiazkoa, botila erdi hutsik ikusten nuela, eta nire ezkortasun horrek kalte gehiago egiten diola euskararen biziraupenari, euskarak bidean gal ditzakeen hiztun gutxi-asko batzuen zoritxarrari baino.
Gaur afaritara atera gara gure herrian dagoen jatetxe txinatarrera. Ez da beteta egon, pandemiak jarritako murrizketen ondorioak nabaritu ditugu behinola gainezka egoten zen jatetxean.
Hogei bat lagun izan gara bertan afaltzen. Gugandik hurrera, hogei-hogeita bost urte bitarteko zortzi mutil gazte, txinatarren kutiziak ahogozatzen bi mahaitan banatuta. Harago, adinkide izan daitezkeen beste zazpi mutil gazte, mahai biribil baten inguruan hitz eta pitz, txinatar entsalada eta hiru gutiziatako arroza dastatzen. Eta mintzoan, euskara, bai batak, bai besteak.
Eskerrik asko, Valle, pentsatu dut, Hang Zhou jatetxea da Gernikan dugun txina-town txiki honetako euskararen territorio libre bakarra.
Zuhaizpe
2021-09-01 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Ez nator egun sargorian haritzaren babesak eskaini ahal duen itzal babesgarriaren gainean mintzatzera. Ezta ikuspuntu historikotik gure Euskal Herrian Zuhaitzak duen sinbolismo tradizionalaren gainean ere.
Zuhaizpe, Nafarroako Lizarra herritik hamar bat kilometrora dagoen eremu misteriotsua da; Ziritzako Etxolen albo-alboan kokatuta dago.
Zelan definitu zer den Zuhaizpe, gure barruko ur lasaiak asaldatu barik? Osasunerako berebiziko eremua dela esango nuke, zereal zelai handiez inguratutako lur eremu txiki berdea. Eraikin nagusi bat du Zuhaizpek, eta haren inguruan, zirkulu bat osatuz egituratzen da Zuhaizpe izena duen lur eremu pribilegiatua. Ene iduriz, Zuhaizpen dena dago ongi pentsatua, egituratua, ez da deus kasuala, dena da kausala. Naturarekin bat egiten du Zuhaizpek, zuhaitzaren erroak lurrean bezalaxe.
Zuhaizpe era zirkularrean eratuta egotea ez da txiriparen ondorio, irudi geometriko honek sekulako indarra baitu Zuhaizpe bizi duen jendearen sinesmenean.
Zuhaizpe ez da arkitektonikoki erakargarri, eta barrualdean duen lorategi luze-zabal guria ez da begi-niniak ñirñirka jartzeko bestekoa. Zuhaizpe ez da, izan ere, nire ustez, toki bat, eremu bat soilik, Zuhaizpe beste gauza bat da, gizarte honetan dauden gauzen sistematik kanpo dagoena. Zuhaizpe espazio fisikoa da. Eta eremuaren eraketa estrukturalean ez da ezer ausaz eraiki, egokitu edo atondu. Igerileku txiki bat du berdegunearen ertz batean, ur gesalez hornitua. Nork ez daki zelako onurak dituen ur gesalak gorputz fisikoan (azalaren toxinak garbitzen ditu, antiseptikoa da, D bitamina emendatzen du eguzkiaren indarrarekin batera)? Igerilekuko ura gazia da, eta zenbait jaki atontzeko ur gesala erabiltzen dute proportzio txikietan. Kanporako balio badu, zergatik ez du antiseptiko lana beteko barruan, logikoa ere badenez.
Zuhaizpe gauza gehiago ere bada. Zuhaizpe osasun bidea da. Giza osasuna zaintzen duen zentroa da Zuhaizpe. Osasun fisikoa eta emozionala, eta biak ala biak kudeatzen irakasten zaigu Zuhaizpen. Analfabetismo emozionala kudeatzen ikasteko lur-zati hobezina da Zuhaizpe.
Dakigunez, medizina tradizionalak gaixotasunari jartzen dio arreta. Zuhaizpek, ostera, osasunari. Gorputz fisikoaren toxinak garbitzen ditu Zuhaizpek, jaki higienista eta naturistaren bitartez. Eta baraualdiak proposatzen ditu gaixorik egon daitekeen gorputz fisikoa sendabidean jartzeko. Zuhaizpe ez da ekologista, beganoa edo begetarianoa. Eta hirurak batean da aldi berean.
Zuhaizpe oasi bat da sistema pentsamendu bakar ofizialaren erdigunean. Zuhaizpek osasuna hartzen du balioan, gaixotasuna hartu beharrean. Osasungintza ofizialaren aurkako txerto sendagarria da Zuhaizpe.
Zuhaizpe bat eta bakarra da, eta konektatuta dago guztiarekin. Zuhaizpe bat eta dena da, ni eta gu, gu eta ni, espazio bera okupatzen duen bakartasuna eta aniztasuna osatzen du Zuhaizpek.
Zuhaizpe jendeak bizi du. Zuhaizperen bihotz eta arima dira. Zuhaizpek sinesmen sendoko jendeak bizi du, eta pertsona likidoak ere bai. Pentsamendu sendo eta irmodunek, halaber. Konbikzioak ekarritako pertsonek bizi dute Zuhaizpeko oasi hau. Zuhaizperen filosofia eta metedologiaren sinesdunek bizi dute lur-eremu hau. Pertsona dogmatiko, agnostiko eta gaseosoak bizi ditu Zuhaizpek. Zuhaizpe energiadun lur eremua da, urre kolorerik gabeko espazio lurtiarra. Sinesmen beste sugestio bizi duena, galanki.
Zuhaizpe lur da, eta espazio siderala, halaber. Zuhaizpek ilusioa eragiten du, baita ilusionismoa ere. Baina bizi dugun mundu esperpentiko honen itxaropena ere bada Zuhaizpe.
Zuhaizpe jakinduria da, eta bizitzaren esperientziak ematen duen segurtasuna ere bada.
Niri dagokidanean, helburu bakarrekin eta espektatibarik gabe hurbildu nintzen Zuhaizpera. Deskubrimenduak egin nituen iritsi eta berehalakoan: gorputz fisikoa neukala jakin nuen. Eta ez da gutxi! Pertsonek, oro har, minaren bat sentitu edo gaixotasunaren bat dutenean baino ez dute gorputz fisikoaren pertzepzioa. Aldaka ere banuela jakin nuen, eta mugimendu birakor sibilinoak egiteko gauza dela. Nire aldakak enbor estatiko mugigaitzaren atal baino ez direla uste izan dut nire bizitza guztian. Baina Zuhaizpen egin dudan deskubrimendurik handiena hidroterapia da. Teknika honek gure gorputzaren zokorik ezkutuenean pilatzen ditugun toxinak garbitzeko balio du. Esku-aurpegi lohiak garbitzeko ekandua badugu, zergatik ez askoz ere zikinduago eta intoxikatuago dugun kolona, germen, bakteria eta birusen habia, hain zuzen ere. Zuhaizperen goi-asmoa osasunaren bidea denez, azala garbitzea bezain garrantzitsua dute toxinaz beteriko organismoa araztea, terapia garbitzailearen bitartez.
Gauza asko ikasi ditut Zuhaizpen. Uste baino gehiago, nahiko nukeen baino gutxiago, agian. Ez dakit. Ni behi hausnarkaria naiz, pentsamendu eta hausnarketaren gida-lerroek eraman ohi naute sinesmenera. Agnostikoa ere banaizela esan dut arestian. Pertsona kriteriodun, zentzudun eta izaeraren konsziente bizia duen indibiduoa naiz.
Ez dira gauza bera kontzientzia eta konszientzia. Eta hau ere Zuhaizpen ikasi dut. Pertsonek inguruko errealitatea ezagutzeko eta harekin harremanetan jartzeko duten gaitasuna da konszientzia. Kontzientzia, ostera, aurreko adierazpenaz gain, norberaren barneko zerbaiten kualitatea edo ezagutza-egoera ere bada.
Eta gehiago ere ikasi dut, pertsonak askotarikoak eta bakarrak garela, desberdinak eta kontrajarriak, aurkakoak eta osagarriak. Eta gorputz fisikoa dugula, gorputz energetikoa eta gorputz emozionala… Eta ni gehiago naizela emozionala besterik baino, gorputz fisiko eta energetikoa baino gehiago. Ikasi dut, halaber, ni naizena izateko ez dudala inoren onespenik behar zer eta nor naizen adierazteko, banaizelako gai zer nahi dudan eta zer ez erabakitzeko, ezetz edo baietz esateko, norekin ibili eta zein bidaide aukeratzeko bizitzaren bidean. Pentsalari librea naiz eta albedrio libreari buruzko uste sendoak ditut. Ikasitakoagatik eta sentitutakoagatik naiz naizen bezalakoa, bizi izandakoagatik eta ibilitakoagatik. Zuhaizpen naizen bezalakoa agertu naiz, parodiarik eta antzezpenik gabe, maskara gabe, naturala eta boteretsua, nire izaeran ahaldundua. Eta, naizen bezalakoa naizelako, errespetatu behar dut, maitatu eta enpatizatu, bizitzea tokatu zaigun mundu honen aniztasuna sentituz. Unibertso urdinxkaren argitasunak haize etengabeak bultzatutako hodei beltz eta iragankorrek baino purifikazio-indar handiagoa du, izan ere. Negar egin dut Zuhaizpen, zirrara kontrolaezinetik sortutako malkoz bete dut igerileku hutsa; barre egin dut, maite, eta bidearen bazterrean utzi ditut bizitzea merezi ez duten pertsonak eta sentimenduak, emozioak eta inpultsoak. Aitortu behar dut horrek guztiak eta gehiagok sentiarazi nauela bakarra eta berezia. Osotasun unibertsal batekoa naizela ulertu dut, nire izate indibidualetik abiatuta. Ikasi dut pertsonok argia eta iluntasuna ditugula. Eta uste dut Zuhaizpek behin eta berriz berpizten duen zirkuluaren irudi geometrikoak ahulezia eta itolarria adina indar sor dezakeela. Argia bilatzeko bidean, haren intentsitateak itsututa gera zaitezkeela. Guztiaren orekan dago lortu nahi denaren neurria, ez dogmatismoan, sinesmenean baizik, ez inposaketan, proposizioan ez bada. Nire osasun fisiko, mental eta emozionalerako onuragarriak diren motxilez beteta itzuli naiz etxera.
Leku honetan ikasitako guztia (edo erdia edo laurdena) praktikara eramateko gai naizen gizona banaiz, pozarren hartuko dut Zuhaizperekiko nire bilakaera ebolutiboa.
Zorionak, Zuhaizpe! Eta garai ilun eta pandemiaz beteriko hauetan (plandemia, Karmelo Bizkarra doktorearen arabera), izan ezazu Zuhaizpe argitasun, indar, adore eta lasaitasun nahikoa, zure filosofia eta metodologiaren prostituzioa saihestuko duten erabaki zuzen eta gizatiarrak hartzeko, Zuhaizperen arima eta bihotza direnen itsukeriagatik libratzeko, eta inkisidore modernoen atzaparretatik alde egiteko.
Bizi luzea opa diot Zuhaizperi!
Itxurakeria eta plantak
2020-11-03 // Euskara // Iruzkinik ez
Hamarkadak daramatzagu gure herrian, era eta jite aldarrikatzaile temosoarekin, euskararen aldeko ekitaldiak antolatzen, euskarak gure herrian dagokion lekua izan dezan: Korrika, Herri Urrats, Kilometroak, Nafarroa oinez, Araba euskaraz, Ibilaldia eta, orain, Euskaraldia.
Herritarren borondatetik sortuak, eta euskara sustatu, bultzatu, indartu eta zabaltzeko helburu irmoak batzen ditu milaka euskaltzale ekitaldi asmo oneko hauetan. Erakundeek ere izaten dute haien parte-hartze sinbolikoa, batzuetan ekitaldiotarako dirulaguntzak emanez edo beren presentzia fisikoarekin euskararekin bat egiten dutela agerian utziaz. Euskaraldiarekin inoizkorik presentzia handiena erakutsi nahi izan dute erakundeek. Oso ekimen erosoa da, inori (erdaltzaleei) molestatzen ez diona, eta bere egin dituzte Euskaraldiak dituen helburuak.
Plantak baino ez dira, ordea, erakunde nagusietatik euskararen inguruan egiten dituztenak. Egiten dutena baino askoz gehiago egin dezaketelako eta egin beharko luketelako. Esaterako, euskarak, eskubide hutsa izatera mugatu barik, gaztelaniak duen balio legal bera izan dezan galdegitea.
Zertan da Euskararen erabilera normalizatzeko Legea, berrogei urte dituena (1982)? Zer da gurean normalizazioa, ez bada gaztelania eta frantsesa bezala euskara ere nonahi erabili ahal izatea (kalean, administrazioan, aisialdian, kirolean, kulturan…)?
Aurrerantz barik atzerantz goaz, ostera. Herri-ekimenek euskararen biziraupena ziurtatu dute kalean, eta erakundeek administrazioan, nolabait. Dena den, irla izaten jarraitzen dugu itsasoaren luze-zabalean. Eta irla hau ere gero eta txikiagoa eta murritzagoa da egunik egun.
Ikus dezagun, bada, zeintzuk ziren 2016an euskarararen kale-erabileran Klusterrak ateratako emaitzak Euskal Herria bere osotasunean kontuan hartuta: Gaztelania %76; Euskara %12; eta bestelako hizkuntzak %2,7.
Ipar Euskal Herrian kolokan dago euskararen biziraupena, azken azterlanen arabera, eta hegoaldean euskarak hartua duen norabide galgarik gabekoa ikusita, laster baino beranduago hil kanpaiak joko dituzte hura zaintzen eta mintzatzen jardun dutenek, erostari bilakatuta.
Euskaraldiak, beraz, zer onik ekar diezaioke euskararen ezagutza eta erabileraren bilakaerari? Deus gutxi nire ustez, azken hamarkadetan egindako antzeko ekitaldi borondate oneko baina efektibitate gutxikoa delako.
Nik ez dut zalantzan jartzen euskaltzale askok, euskararekiko kontzientziaren argia piztuta, buru-belarri diharduela Euskaraldiak izan dezan oihartzun ahalik eta handiena. Bejondeiela!
Erakundeek, ordea, egiten dutena baino askoz ere gehiago egin dezakete euskararen alde. Ez dut ulertzen zergatik agintean dagoen alderdi ustez abertzaleak, itxuraz euskaltzalea izanda (EAJ), hain epel eta arduragabe jokatzen duen. Euskararen egoera benetakoa dramatikoa da eta ardura politiko nagusia dutenek ezikusiarena egiten dute. Konforme dira euskara su-bazterreko hizkuntza folklorikotzat hartzearekin; bestela ez da ulertzen zergatik, berrogei urte joan eta gero, ez duten deus esaten, are gutxiago egiten, euskarak ere izan dezan gaztelaniak eta frantsesak duten balio legal bera.
Euskaraldia da Eusko Jaurlaritzak egunera arte egin duen itxurakeriarik handienetakoa.
Karlos Gorrindo Etxeandia (Plazara Gatoz!)
Xenofoboa eta negatibista
2020-08-02 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Xenofoboa zer den badakit: Atzerritarrekiko gorrotoa edo arbuioa sentitzen duen pertsona, edo, ezaugarri hori atzerritarrak gorrotatzen dituenarena da. Amen! Nik ez dut neure burua horretan ikusten.
Ez dakidana da negatibista asepzioa egon dagoen gaztelaniaz. Izan ere, neuk asmatutakoa dela esango nuke, hots, negazioaren aldeko aktibista izango litzateke negatibista. Hiztegiari gainbegirada bat eginda, hauxe dio negatibistari buruz: Nahaste oposizionista desafiogilea honela definitzen da: jokabide oposizionista, negatibobista, desafiatzailea, desobeditzailea eta ostikaria. Amen! Desafiatzaile bai, desobeditzailea ere bai. Hortik gora, ni neu ez, behintzat.
Kalifikatibo deskalifikatzaile hauek biak erantsi diote Argiako zenbait kidek jada aspalditxotik dudan termino itsusien kurrikulumari. Milan Kunderaren zirkulu itogarria (Irria eta Ahanzturaren liburuko teoria) gero eta txikiagoa da; biribilketak aurrera darrai zirkuluan, halere, dantzan jarraitzeko eskubide eta monopolio bakarra haiena bailitzan, zirkuluegileena, alegia
Zergatik uste dute aldizkarikoek ni xenofobo eta negatibista naizela? Ez ote dute izkutuan izango beste arrazoi eta motiborik azaleratu nahi ez dutena?
Bada, ni xenofobo eta negatibista ei naiz bi artikulu hauengatik, batez ere, aldizkarian argitaratu zirenak aldi desberdinetan: “Agur, Euskal Herria” (2019-09-08) eta “Erria txikota eta euskara batua” (2014-09-30).
Baga. Lehen iritzi artikulu horregatik xenofoboa naizela uste dute eta, bigarrenagatik, negatibista: Agur, Euskal Herria artikuluan hauxe nabarmentzen du aldizkariak letra handiz eta gorriz: “Euskal Herria gizarte mestizoa da, espainiar eta frantziarrez hornituta, gehi egun eta aurrerantzean herriratzen jarraitzen duten emigrante onartu beharrekoekin. Mestizaia geldiezinak eta mendeetan zehar emanak ez digute nahiko genukeen Euskal Herria eratzen laguntzen”. Hauxe idatzi nuen, besterik ez. Euskal Herria mestizoa ez denik ezingo da ukatu, ezta? Baina ez hain zuzen ere arraza kontuagatik, baizik eta ikuspuntu kulturaletik. Eta bestela ere bai. Gure herrian euskaldunak bizi gara, espainiarrak, Errumaniakoak, hegoamerikarrak, marokiarrak, palestinarrak, ukraniarrak, moldabiarrak , senegaldarrak. Espainia bat eta bakarra eta hizkuntza bat eta bakarrararen aldeko espainiar zaleek , diot artikuluan, deus gutxi aportatzen diote nik nahiko nukeen Euskal Herri, independiente, soberano eta euskaldunari. Eta kanpotik, atzerri urrunetik datozen pertsonak, miseriak, goseak, gerrak eta biziraupenak bultzatuta honetaratuak, beso zabalik hartu nahi eta behar ditugunak, haiek ez baitatoz guri ezer kentzera. Gurean integratzen dira Espainiako edozein tokitan integratu egingo balira bezala. Hizkuntza bakarra (gaztelania) eta nazio bakarra (Espainia) ezagutzen dute. Kontuan hartu behar dira, bestalde, Euskalerrira etorri diren kanpotar batzuk ere era konszientean integratzen direla gurean, interesatu egiten baitira non dauden eta zernolako gatazka bizi duen Euskal Herriak Espainia zein Frantziarekin. Eta euskara ikasi eta erabiltzen dute, seme-alabak ikastolara eramaten dituzte. (Xenofobia)
Biga. “Erria txikota eta euskara batua”. Negatibista izatearen arrazoi da artikulu hau antza. Hauxe diot bertan: “Ez dago amaren seme-alabarik hau ulertuko duenik (Saria hausiya zekarkiñe/marian sartuko omen ditun/eokieran, bi mila baixkiñe,/beatzik alden palota abitu./Etzion guk konpondu ezinik/Baño lanai gor ekiñ aurretik/Saria zabaldu ertza danetik/Eztiñau ber joskura okerrik/MUTILLOYAN AMARRATUTA/ZENBAT LEZAKE KONTA…/AITU, MUXU BOTA/ABITZEA GUAZTIK, ERRIA TXIKOTA!!/Arrai tokin aberi zikiña/Hogei brazan tarrata garbiya…/MUTILLOYAN AMARRATUTA/ZENBAT LEZAKE KONTA…/AITU, MUXU BOTA/ABITZEA GUAZTIK, ERRIA TXIKOTA!!), Orioko bertako biztanle euskaltzalerik ez bada. …..”Ondorioz, euskara (batua) gero eta zokoratuago ari gara egiten, euskalkiek duten garrantzia eta ezinbestekotasunaren mesedetan, euskararen (batua) elikagai direlakoan. Eta urteak joan eta urteak etorri, belaunaldiak joan eta belaunaldiak etorri, eta normalizazio bidean barik, zabaldu eta ugaritu beharrean, gero eta lokalagoa, baztertuagoa eta aho-mintzotik urrunduago dago euskararen (batua) ibilbide arantzatsua…… Denontzat euskara bat eta mundu guztiak ulertzeko modukoa indartu behar dugu, gizarte maila eta estamentu guztietan. Bestela, “1968ko Arantzazuko bilera hark” ezer gutxirako balio izan duen sentsazioarekin biziko gara beste ehun urtean ere. Eta politikagintzan bezala, hizkuntzan ere aurrera egin beharrean, atzerantz arrapalada bizian egiten ari garen sentsazio mingots garratzak aho-sabaia ustelduko digu…… Badakit: murgiltze linguistikorik ez izateak, euskarari prestigio ez emateak, lege aldetik babesik ez izateak eta beste hainbat faktore exogeno eta endogenok (hedabide erdaldunen eragina; euskaldunok dugun joera amorratua gaztelaniari prestigio emateko) kalte baino ez dio egiten gure hizkuntzari” (Negatibista)
Kasu bi ala bietan, xenofobo barik, negatibista baino, errealista naizela uste dut. Baina jakina, dena da itsasoa ikusten dugun kolorearen araberakoa. Batek botila erdi hutsik ikusiko du eta, besteak, ordea, erdi beterik. Egoeraren analisia egiteak, enpirikoki arrazoitua, gainera,ez du esan nahi zu ukazioaren aktibista zarenik. Eta bai, ordea, zure analisi errealistaren bitartez, zenbaitzuei hausnarketarako gonbidapena egiten diezula egoeraren zehaztasunak emanda.
Nire idatzietan agertu nahi dudan mezua argia delakoan nago. Jendarte pentsalaria nahi dut xaxatu, akuilatu: Euskara maite dutenak nahi ditut limurtu nik ikusten dudan errealitatearen irudiaz jabe daitezen, errealitatearen alde izkutu hori begien bistan jarriz. Establishment-etik datorrenak ez gaitzala itsutu saltzen duten koipeztatutako urdaiazpikoarekin.
Aldizkarikoek esan beharko dute diru laguntzen bidez sisteman integratuak izateak, asimilatuta egoteak, politikoki zuzen izateak eta ilargiaren alderik argiena baino ez erakusteak merezi duten duintasunez iraunarazteko.
Euskal kulturalen malurak ez datoz soilik establishment-ak euskal kultura folkloretzat hartzeagatik. Kulturgile gutxiagotuek eurek beraiek sortutako sare zirkular itxi eta itsuak, kuadrillakeriak eta txokokeriak badute erantzukizunik ere euskal kulturaren endekapen horretan.
Milan Kundera parafraseatuz
2020-07-22 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
“Irria eta ahanzturaren liburua” liburuaren harira
Zirkuluaren enigma eta sinbolismoa, biribilaren estratagema. Milan Kunderaren arabera, zirkuluan edo giza taldeak biribilean eratzeak irmotasuna, alaitasun eta segurtasunaren inpronta ematen dio gizabanakoari.
Zirkuluan eta biribilean eskuak eskuz lotuta dantza egin dezakezu, barre egin, eta osotasun baten parte zarelako segurtasuna eman diezazuke. Zirkulutik at ez dago zabarkeria eta errefuxa baino. Eman dezagun zu zeu zirkuluan eta biribilean zaudela lagun talde batean, eta badagoela bat zirkuluak onartzen ez duen berba bat edo keinu bat egiten duela. Zirkuluak, orduan mekanismo automatikoa du lagun hori presioaren bidez zirkulutik at ateratzen hasteko.
Bere bura zirkulutik kanpo ikustean eta atzera berriro zirkulura sartzen ahalegindu arren, ezinezkoa da. Besterik gertatzen da lerroarekin. Lerrora itzuli zaitezke, atzean edo aurrera berriro jarriz. Lerroa irekia da. Zirkulua, ostera, itxia, irmoa iragazkaitza. Zirkuluak esangura magikoa du, eta boterea du, indarra, eta bertara batzen direnak pozik eta alai bizi dira, haiek eratutako sisteman ikusten baitute beren burua gogotsu. Zirkulutik kanpo geratzen dena, mesprezatua eta ahantzia izaten da.
Ez da kasualitatea planetak zirkuluan mugitzea eta haietatik harri bat edo meteorito bat jaregin eta kanporako bidea hartzea indar zentrifugoa dela eta. Eta orbitaren inguruan hiltzen (ahanzten) dira batzuk, eta besteak erorketan bertan. Zirkuluaren herrimina sentitzea normala izaten da, edo ez, baina denok unibertso beraren parte garenez gero, zirkuluak osatuz irauten du unibertsoak. Baina biziraupen duinak, bestalde, eragotzi egiten gaitu zirkulua osatzeko ahaleginean ibiltzea. Irrirako eskubidea zirkuluan bizi direnek dutela soiki dirudi. Haiek sortutako errejimenak ematen baitie, antza, pozik eta zoriontsu bizitzeko aukera, haien monoplio balira bezala. Ahanzturaren kontzeptuak, ordea, edonoren iragana errotik moztea dakar, zirkulua eratzen dutenen iritzian. Ezinbestekoa da zirkulutik kanpo geratu direnak irri egin nahi izatea, nahiz eta negar egitea ezinbestekoago duten. Ez dira gutxi oroitu nahi dutenak, baina badira, halaber, berain bizitza ahanzturan galduta bizi nahi izatea.
Eta hau guztia unibertsoan gertatzen bada, zelan ez da gertatuko Euskal Herrian, Tolosan, Emerito Arrese kalean, bertan dagoen txokoan. Aldizkari batean, argitaletxe batean, sareko plataforma batean. Txokokeriak, kuadrillakeriak eta merkantilismo basak sortzen baitituzte gurean zirkulurik gotorrenak, zoritxarrez.
Hain gara ezdeusak!
2020-04-06 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Hutsal, hutsaren hurrengo, ezer ere ez sentitu beharko ginateke pertsonok garaiotan, jaio berri adimendu gabea baso sarrian laga eta naturaren erdian babesik gabe, inguruan dagoenaren kontzientziarik gabe balego bezala.
Gizakia egozentrikoa da eta hasierako denboretatik munduaren epizentro ikusi du bere burua, naturako gainerako elementuak beronen menpe eta agindura egongo balira bezala. Gizakiak miloika eta miloika lagun erail ditu gerretan eta konkistetan eta milaka eta milaka lur eremu zanpatu, gizakien arteko hautaketa naturala bere eginda, indartsuarena, boteretsuarena izango balitz bezala. Eraikin-harresi faraonikoak jaso ditu beraren izena eta izana betikotzeko asmoz. Lur planetaren parte barik, beronen jabe dela uste du gizakiak. Harropuzkeriak, soberbiak, egozentrismoak, egoismoak, narzisismoak, banitateak gidatu dituzte gizakien urratsak. Naturako izakirik garrantzitsu bakarra dela sinestuta egon da gizakia gizaki denetik. Eta iritsi da pentsatzera unibertsoaren erdigune dela lur planeta, geozentrismoaren teoriaren arabera, eguzkia bera ere lur planetaren eta ondorioz gizkaiaren mende jarrita. Eta unibertsoaren egile eta sortzaile omen denareakin harreman zuzena duenaren harropuzkeria darabil, egolatriaren erpinera igonda.
Ezin dira ukatu, bestalde, beraren biziraupena ziurtatzeko historian zehar gizakiak egin dituen deskubrimenduak: sua, gurpila, papera, moldiztegia, penizilina, telefonoa, internet. Gizakiaren informazio genetikoaren bilduma lortu du genomak aztertutakoan. Espazioa konkistatzen hasteko asmoz dihardu hamarkadetan: ilargia, Martia, esne bidetik kanpoko exoplanetak deskubritu, unibertsoaren handitasuna gizakiarentzat huskeria bat izango balitz bezala.
Eta hara non nanobirus batek hankaz gora jarri duen mundua eta mundutarren biziraupena: ekonomia, politika, egozentrismoa eta egoismoa. Garaiotan espeziearen biziraupena dago jokoan. Denok gaude beldurrez, eta ezin asmaturik gabiltza zelakoa izan daitekeen etorkizuna. Garbi dagoena da txertoa aurkitu ezean, gure konfinamenduak luze joko duela. Ez dezala jendeak pentsa uda etorri eta lehen bezala hondartzara, kontzertu masiboetara, futbol zelaietara, Julietaren ugatza laztantzeko asmoz Veronara oporretan joaterik izango duen. Lur planeta ez da segurua jada berau ustiatu, zirtzildu, erraustu, mesprezatu eta herio bidean jarri dugunontzako.
Dinaosauroek miloika urte bizi izan ziren lur planetan. Meteorito zaparrada batek erail zituen izaki haiek guztiak. Egun, mikroskopio arrunt baten begitik ere ikusi ezin den nanobirusak kinka larrian jarri du giza espeziaren biziraupena.
Arrakalak
2020-01-27 // Gizartea // Iruzkinik ez
Bada eskultura mota bat nik ulertzen ez dudana. Abstraktua, alegia. Edo kontzeptuala, beste adiera bat erabiltzearren. Eskulturaren aurrean jarri, eta nik ezin asmatu zer den, zer adierazi nahi duen artistak, beronen ahotik azalpenak jariotzen ez diren bitartean. Eta azalpenak azalpen, hasiera bezain hotz eta motz geratu ohi naiz. Arte mota hori artelanetan jantzita dauden eruditoentzako egina balego bezala da, edo, bestela, bere buruari galderak egiten ohituta dagoen ikuslearentzako. Artea ezingo baita gozatu bihotzak eta urdailak sentiaratzen dizunarekin bakarrik. Arte mota horrek duen funtzio nagusiena ikuslea pentsatzen jartzea baita. Sentimendu eta emozioetatik haratago doan lanak, hunkitu barik, pentsarazi egin behar dizu, arte egilearen arabera. Bada baina, artea benetakoa bada, hunkitu egin behar zaituen iritzia duenik. Eta kontzeptualak ez dizu bihotza ukitzen.
Gauza bera gertatzen da urriaren 30erako adostuta dagoen Greba Orokorrarekin. Deialdia ez da bihotzera iritsi. Emozioak eta sentimenduak ez dira galdatan jarri eta eratzun premiazko bat eman behar dugula sentiarazi. Planteiamendu abstraktua da, kontzeptuala, azalpen amaigabeen beharra duena, arrazoimenara iritsi ahal izateko. Greba hau arrazoi aunitzez jantzi behar dute, langileen eta herriaren bihotza beratzen jartzeko. Pentsioak aipatu eta nor ez da asaldatzen pentsiodunen eskabide duina lortzeko, erretiroan daudenak daramaten borrokarekin? Nork ez du gizon eta emakumeen arteko soldata-arrakalaz amaitzea nahi? Prekarizazio-formula oro kentzea? Lan-Harremanetarako gure eredu propioa eta negoziazio kolektiboko marko propioa erabakitzeko eskubidea izatea? Gizon eta emakumeen arteko berdintasuna?
Arazoak egon badaude; injustiziak indarrean dirau gizarte neoliberal guztietan, eta baita komunistatzat jotzen dituztenetan ere. Euskal Herrian, Espainian, Frantzian zein Palestinan kontzientzia sozial eta nazionalek badute lanik (greba orokorrak -altxamendu iraultzaileak) eta motiborik gora-goraka jartzeko eta irtenbiderik edo konponbiderik bilatzen hasteko. Mundua hankaz gora dago: gerrak, altxamenduak, aldaketa klimatikoa, arazo soazialak eta politikoak… Grebaren erabilera azken urratsa da borrokan. Eta ondorio guztiekin egin beharko litzateke helburuak lortuko badira. Frantzian hiru hilabete daramate borrokan. Eta ez dute amore emateko asmorik. Galdu edo irabazi. Ezin da beraz, greba sinbolikorik egin. Bestela, borroka mota horrek duen zentzua, indarra eta balioa galduko luke.
Eta hala eta guztiz ere, eta gurera etorrita, ez dakit nik bada, grebaren sustatzaileek nahikorik goratu duten ahotsa, herrian entzun ahal izateko beste. Artelan kontzeptualarekin gertatu bezala ez ote den gertatzen ari greba planteiamendu honekin: aldarri eta aldarrikapen asko, azken finean, elkartasuna adierazteko baino izango ez den borroka erabiltzea. Helburu asko mahai gainean, greba soil batek bideratu edo konpondu ahal izateko.
Kontzientzia izatea buru ganbarako toki ezkutuenean lagata dugun garaiotan, inoiz baino premiazko ikusten dut hari astinaldia ematea, borroka egiteko bada ezezik, zergatik ez dugun egingo argudiatzeko ere, elkarrengandik urruntzen diren iritziak eta pentsamenduak kontzientziak berbideratu ditzan.
Euskara
2019-11-08 // Euskara // Iruzkinik ez
EUSKARA SUSTATU, GARATU ETA NORMALIZATZEAREN ALDEKO LANA BILBOKO URTXINTXA ESKOLAN
PROIEKTUA
• Parte-hartzaile eta dinamikoa
• Hezkidetzailea, ez sexista eta ez baztertzailea.
• Ulerkorra, arrazionala eta aktiboa.
• Uneoro hezitzailea.
• Zehatza.
• Esanguratsua eta praktikoa.
• Komunikakorra.
• Aurrerakoia eta askatzailea.
• Ingurugiroaren ezagutzaren eta errespetuaren bultzatzailea.
• Elkarlana ardatz duena.
• Inklusiboa.
• Kooperatiboa
METODOLGIA
Parte-hartzailea: Eskola jendearen parte-hartzeari esker eraikitzen da eta era berean, Eskolaren ekite nagusia jendartean partaidetza sustatzea da.
Elkartasunean oinarritua: Jendarte justu, demokratiko eta anitz bat bermatuko duen elkartegintza lortzearen aldeko interes bat aurkezten duen pertsonei irekia dagoena.
Inklusiboa: Pertsona guztiak hartzen dituena, beraien baldintza fisiko, intelektual, sozial, emozional, linguistiko edo beste batzuei erreparatu gabe eta hizkuntza, etnia eta kultura gutxituetakoak edota beste eremu baztertuetako pertsonak barne.
Integrala: Garapen prozesua bere osotasunean bultzatzen duena, eskolaz kanpoko eremua ere barneratuz.
Behatzailea: Inguruan eta norbere barnean gertatzen dena gogotsu aztertzeko jarrera duena dauden beharrez, indar-guneez, aukerez eta gabeziez jabetuz.
Kritikoa: Behatutakoa zalantzan jartzeko joera duena, bere pentsaera propioa garatuz.
Eragilea: Prozesu baten ondorioz eraikitako pentsamendua jendartean zabaltzeko eta elkarbanatzeko jarrera duena.
Dinamikoa: Aktiboa eta ekiteko prest dagoena.
Sortzailea: Egoera ezberdinetan irudimena eta dinamikotasunez, era berritzaile batez, aukera ezberdinak eraikitzen dituena.
Euskalduna: Euskal Herriak dituen berezko nortasun eta ezaugarri historiko, sozial, kultural eta politikoak transmititzen dituena eta euskararen normalizazioaren bidean lan egiten duena.
Hezkidetzailea: jendartean gertatzen den sexuaren araberako bereizketari aurre eginez, pertsona guztiak aukera eta eskubide berdinetan hezten dituena, jarrera ez sexista bati eutsiz.
….…………………………………………………………………………………………………………………………………………………………
La Constitución española de 1978.
Título preliminar
Artículo 3
1. El castellano es la lengua española oficial del Estado. Todos los españoles tienen el deber de conocerla y el derecho a usarla.
……………………………………………………………………………………………………………………………………………………………..
2050eko Euskal Konstituzioa
Atariko titulua
1. Artikulua
1. Euskara Euskal Herriko Estatuaren hizkuntza ofiziala da. Euskal herritar guztiek ezagutu behar dute eta erabiltzeko eskubidea dute.
2. Gaztelania eta frantsesa ofizialak izango dira, halaber, eta hizkuntza horietan mintzatzeko eskubidea izango du nahi duenak
Arestian aipatutako proiektuak eta metodologiak hutsaren hurrengoko balioa izango dute behin Legea aplikatuta
AURRESKUNDEAK
2019-11-04 // Politika // Iruzkinik ez
VOXi emango diot bozka datozen hauteskundeetan. Edo Cs-ri alderdi politikoari. Edota, luzaroan pentsatu barik, PP-ri. UVPONX alderdi politikoari emateak ez zuen nik nahiko nukeen eraginik izango nire asmo eta helburuetan. Sentimendu abertzalea duen pertsonak ideologia aldaketa hain sustraikoaren arrazoia azaltzen ahaleginduko naiz, denak baitu bere oarina eta geroa, hasiera eta amaiera, jaiotza eta heriotza. Eta nire azalpenarekin batera eskatu nahiko nieke nire iritzien balizko irakurleei eta independentista eta euskaltzale diren guztiei gauza bera egin dezaten, gure helburuak lortzeko gakoa eta edabe majikoa hauteskunde hauetan alderdi espainiar horiei bozka ematean lortuko baititugu.
Egun, Espainiako erresuma administrazio zentralizatuan barik, administrazio bakarrean barik, hirutan dago banatuta: Estatuaren Administrazio Nagusia (gainerarakoen gainetik dagoena) Autonomiadun Erkidegoak eta Tokiko Administrazioak (udalak). Deszentralizazio honen aurka agertzen dira gutxienez bi alderdi politiko: VOX eta Cs. Eta apur bat xaxatuz gero, PP bera ere bai. Hiru alderdi hauek batuta Espainiako gobernuaren aginpidera iristean, arras aldatuko litzateke Estatu-nazio espainiarraren administrazio egituraketa.
Hitz eman dute VOXekoek aurreskunde hauetan aginpidera iristean, euskaldunok izan ditugun pribilegioak bertan behera utziko dituela: Autonomia Erkidegoa eta Errejimen Forala. Eta ilegalizatu egingo dituela alderdi politiko nazionalista-abertzaleak. Lurralde historiko bakarra Espainiakoa egingo dute. Hego Euskal Herriko lau herrialde, Espainiako probintzia huts. Espainiak administrazio bakarra izango du, kapitalean zentralizatuta. Konstituzioaren 155. artikulua aplikatuko dute erresuman zehar, eta Pais Vasco kontzeptua desagerraraziko dute. Eta gaztelania hizkuntza bakarra izango da .
Lurra ikaraka jarriko da nazionalisten-abertzaleen oinazpian ondorioz; Arbola Santuaren adarrak ere zabunka jarriko ditu. Berrogei urtean hibernatzen egon den hartzak nagiak aterako ditu eta kobazulotik ateratzean, garai bateko muga imaginarioak ezabatuta ikusiko ditu eta berrogei urtetako botere kuota usufruktariorik gabe ikusi du bere burua. Orroe egingo du, haserre, eta dei horren erantzun gisa, mendi eta leizetan itzartzen ari diren hartz taldeak elkarretaratzen hasiko dira Arbola Santuaren inguruan. Baso eta errekatan sakabanatuta, galduta eta desmoralizatuta dauden otso taldeak ere Otso Alfak egindako uluari erantzungo diote eta Foruen gordeleku den Hiri Sakrosanturantz egingo dute zalu, hartzekin bat egitearren. “Euskal Herri hegoalde honetan gu garena izaten uzten ez badigute, gu garena izateari eutsi beharko diogu hartzok eta otsook” esan du Hartz Alfak. Uluka hasi dira otsoak hunkituta. “Bat egin behar dugu guk, herri bakarra garela adierazteko etxean eta kanpoan, gurean eta nazioartean”. Otso taldearen negarrak! “Ez da nahiko dagoeneko Autonomia Erkidegoa, Lurralde Historiko izendatzea edota Errejimen Forala aldarrikatzea. Guk orain eta hemen idependentzia eta soberania nahi dugu” Bildutakoen txaloak eta besarkadak, otsoek hartzei, hartzek otsoei! “Gu geu gara, inork nor garen esan behar barik ere. Geure izateari eutsi behar diogu”. Eta bat eginda, eskutik oratuta, biribilketa alaian egin dute hartzek eta otsoek Euskal Herriko zoko-mokoetan barna, katea luzatzeko asmoz, Europarako bidean, hango mandamasen Bula eskatzera, gu geu garena garelako aldarrikatzera.
Eta…………… sartu kalabazan eta…..……….…..plazan
Iraulia
2019-10-29 // Politika // Iruzkinik ez
Neure buruari galdetzen diot ez ote gabiltzan aspaldi oso luzez gure Herri eta Hizkuntzaren gaisotasunei buruzko arakatze eta aztertze amaigabeetan, ezer gutxi ekarri eta aurrera pausurik egin gabe, negar batean plañiderak bagina bezala. Onartu behar dut, halere, badugula motiborik horretarako: nazio eta hizkuntza kontzientziaren diluizioa, gizarte zibil independentzia eta euskaltzaleengan. Badakigu euskal nazioaren kontzientzia ordezkatuta dagoela hein handi batean suzedaneoa den autonomismo edulkorante batez. Euskararen egoera erreala, hots, laino artean edota esofera linguistikoan bizi direnen iritziaren kontrara, kalean entzuten duguna, gazte, nerabe eta nagusien ahotan galgarik gabeko gainbehera arriskutsuan dabilela.
Beharrezkoa da idatzi latzak publiko egitea, norberaren testigantza eta lekukotzatik eginak, errealitatearen isla gordin direnak, bestalde, jendea konturatu dadin egoeraren larriaz. Ezinbestekoak dira, gainera, kontzientzia nazional-linguistiko izpirik pizterik lortuko badugu. Baina egoeraren minak eta saminak eragiten dizkiguten negar uholdeak ezin gaitu malkotan irato. Sendabideak bilatzen ahalegindu behar dugu, konponbideak aztertzen eta iragaten dihardugun basamortu politiko, ideologiko, linguistiko, sozial eta kulturalari atarramendua bilatu. Etorkizuna birplanifikatzen hasi behar dugu, orainean, gizarte zibil idependientzia eta euskaltzaleek galdutako ilusioa, desaktibazioa eta desmoralizazioa berreskuratzearren.
Onartu beharra daukat egoeraren azterlan zehatzak eramango gaituela endekapenaren nondik norako zehatzak ezagutzera. Eginda ditugu dagoeneko Euskal Herria nazio gisa eta euskararen egoeraren gaineko diagnostiko gehienak. Sintomak ezagun zaizkigu. Arazoa larria da eta, ondorioz, hartu beharreko neurriak larriagoak beharko ditu izan. Ikuspuntu politiko edo ideologikoak barik, pedagogiko eta psikologokiak behar ditugu landu gizartean. Zer egin dugu txarto, zer utzi dugu bide bazterrean, zergatik desidia politiko-kultural hau, zein da bidea labirinto honetatik ateratzeko. Erantzunak bilatzen hasi behar dugu. Pedagogia eta psikologia konstruktibista aplikatu behar dugu, hots, errealitate eta bizi izandako esperientziaren eraikitziaile aktiboa izan behar dugu berriro. Euskal independientzia-zale eta euskaltzaleen sakabanketa emozionala berreskuratzen saiatu behar dugu atzera, diskurtso anakroniko kaltegileak atzean lagata. Ez da erraza izango motibazioa, konpromisoa, elkarlana eta sakrifizioa berreskuratzea aspaldian galdu genuenon artean. Zaila, oso zaila izango da. Baina ez dago beste biderik. Bide bakarra dugu hau. Kataluinian gertatzen ari dena ispilu behar du gure asmoetarako. Kataluiniako egoera iraultzaileak hunkitzen gaituen emozio bera barreiatu behar dugu euskaldunon artean. Eta horren aurrean, eta hau bai ezinezko dakusadala gaur egun PNVren buruzagitzan haize berriak jo arte, kaleko indarra artikulatuko duen klase politiko eta erakunde/eragile kultural sendo eta sinesgarriak behar dira ezinbestean, lidergo funtzionala izango luketena, gizarte zibilaren asmo eta helburuak saretzeko. Alegia, objektibo egingarriak, eta egingarriak diodanean idependentzia eta Euskal Herri euskaldunaz ari naiz, zehaztu, planifikatu, antolatu behar ditu lidergo funtzional horrek, gizarte zibil eraikitzailea kohesionatuko badu.