Barre egiten digute
Aurreko egunean motor zahar tuneatua saldu nahi izan ziguten Eusko Jaurlaritzakoek.
Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendariaren presentzia eta ekarpena izan genuen bi batzarretan zehar Bilbon.
Lehendabizikoan kezkatuta barik aspertuta irten ginen bertara bildu ginen euskara teknikariok. Zerupean ezer berririk ez dagoela pentsaturik atera ginen bertatik. Proposamen batekin etorri zitzaizkigun alai eta alderrai: SIADECOri agindua eman diote Administrazioetako Euskararen Erabilera Planetarako tresnak jartzearen agindua. Eta horrekin batera, eta hauxe da batzarrotara inguratzeko deialdiaren helburua, aplikazio informatiko bat jarri nahi ziguten eskura, administrazio orok eskutik oratuta eta biribilketa ezin alaiagoan eredu bera erabil dezagun.
Edo bestela esanda, hauxe da saldu nahi diguten motor zahar tuneatua.
Lehenengo bilera hartan aplikazioaren aukeraz gain, Eusko Jaurlaritzak kontratatutako SIADECOren egitasmoa eta Jaurlaritzan bertan egindako lana aurkeztu zizkiguten, EAEko beharbada udalerri gehienetan euskararen erabileraren indizeak ezagutzeko makina bat aplikazio ditugunean erabilgarri, eta Erabilera Plan trinko eta zehaztuak egiten ditugunean azken urteotan. Egia da ez digutela aplikazio berri hori erabiltzera behartzen. Horixe baino ez genuen behar!
Baina aplikazioarekin ez ezik, limurtu nahi izan gintuzten Jaurlaritza dekretu berri bat ontzen ari delako xuxurlarekin, 86/97 Dekretua gaindituko omen lukeenarekin, alegia. Sugeak txoriari begiratzen dionean bezala gera gintezen nahi omen zuten, antza, ontzen ari omen den dekretu horrek erabilera planak, hizkuntza politikak eta euskararen legea bera ere hutsaren hurrengo utziko dituelakoan.
Baina usteak erdiak ustel eta beste erdiak pastel! Esan ziguten dekretua negoziatu behar dutela, adostu, akordioetara iritsi, erdal komunitatea kaltetua atera ez zedin.
Eta nik dakidala dekretuak ezarri egiten dira, eta urtetako injustiziari konponbide legala eman.
Eta gure haserrea adierazi genion Jaurlaritzako ordezkariari eta esan genion hamarkadak daramatzagula euskara teknikariok jasaten, eta euskaldunok oro har, Euskal Herrian euskara bigarren mailako hizkuntzatzat jotzea Autonomia Erkidegoko goi erakunde eta politikariek (gaztelania mono parlanteez gain).
Euskara erabiltzea eskubide dela eta erdara (gaztelania, kasu honetan) derrigorrezkoa jakitea.
Euskarak ez duela babes juridikorik ez legalik eta hizkuntza politika aldatu ezean, gaztelania mono parlanteen aurrean kikilduta jarraituko dugula. Alkate batek, zinegotzi batek, zerbitzu buru batek eta langile xehe batek euskara derrigorrez jakin eta erabili behar dutela, gaztelania bezalaxe.
Eta babes legal hori izan ezean, euskarak jai daukala. Eta euskararen legea manifestu eta xede aitorpena baino ez dela egun eta euskarak gaztelaniaren pareko balio legal eta juridikoa bera behar duela.
Kokoteraino gaudela euskararen inguruko inkestak egiteaz, nazkatu egiten gaituztela jada indizeak, baremazioak eta ponderazioak. Ez ditugula euskararen aldeko Korrikak, Ibilaldiak edota Kilometroak egin nahi, ez dugula euskararen nazioarteko eguna ospatu nahi, salbuespenak salbu.
Gaur eta hemen, euskara lehen mailako hizkuntza izatea nahi dugula eta izaera hori legeak emango diola, gaztelaniak duena bezalakoa: euskara eskubide, gaztelania ikasi beharra. Non eta Euskal Herrian, noiz eta 2017an.
Eta aplikazio informatiko hori erabilita eta SIADECOk prestatutako inkesta eginda, Euskararen Kalitatearen Ziurtagiria lortu gura bada, Bikain Ziurtagiria euskara legez babestea dela bikaintasunik handiena. Konplexurik barik, beldurrik barik, guk gaztelaniari eduki behar diogun errespetu legal bera izan behar duela euskarak berea ere. Boluntarismotik harago.
“Bestentzat mediku, ta beretzat barbero ere ez”. Edo gaztelaniaz “Consejos vendo y para mí no tengo”. HPSkoek Jaurlaritzaren politikan eragiteko gaitasun falta bera da euskara zerbitzuak Gernikako Udalean daukana. Bestela nola ulertu Twiterren @AytGernika izena hartzea?
Benetan deitoragarria gernika-lumoko udalean gertatzen dena. Bederatzi urte daramagu prentsa
gabineta erdaldun peto baten eskuetan. Bederatzi urte sufritzen eta salatzen prentsa arduradunaren
portaera eta jarduera.
Udal gobernuan egondako guztiek esan dute konponduko dutela gabezia eta arazo larrria.
Euskara zerbitzutik salatu, aurre egin, haserratu eta publiko egin du urte hauetan guztietab zehar.
Baina”kargu politikoa” da, alkateak izendatua, eta honek agintzen du berarengan. Tuwiter eta faceboock
haren eskuetan dago, eta udaleko aldizkaria. Imajinatu ere ezin duzu egin Jon zenbat enfrentamendu izan ditugun urte hauetan guztietan zehar.
Baina arazo larri honetan arduradun eta erantzule bakarra Jose Maria Gorroño da. Euskara Zerbitzua
ningunetaua, baztertua eta mezprezatua baitago udal honetan.
Ez dakit Gernikako udalean zer gertatzen den. ELAko “ustel” horien bertsioa jakin beharko litzateke.
Baina hedabide honetako gaia da hau?
Badute liberatu “jaizale eta saldu” horiek zeure akusazioei erantzuteko aukerarik Argian?
Ez dakit ba oso zintzo ari ote zaren.
Barka! Aurreko iruzkina toki desegokian egina da. Ezabatuko?