Perbertsioa
Mundu guztiaren ahotan dabil ETAren azken komunikatuaren edukia. Ni egon naiz soslai begiratzen zer esaten duten hangoek eta hemengoek, eta iritzi anabasaren ondorioz nireak deusetarako ekarpenik egino ez duelakoan, mutu egon naiz, gaur arte. Zertarako ezer idatzi dena esan eta idatzi badute? pentsatu izan dut. Kontuan hartuta, honelakoetan iritzi-jasa amaigabeak aspertu eta gogagaitzeraino eraman dezakeela edonor.
Baina ezin isilik egon!
Espero izatekoa ziren, bada, Espainiako politikarien aldetik jaurtikitako ziraun eta zapo, hasiera bateko ezusteko eta harriduratik behin itzartu eta gero. Ulertzekoa da gerra honetatik bere burua garaile eta umiliatzaile ikusten duenaren larderia eta mesprezua eta benetako kristautasunaren jarraibideak jarraitu ez izana ETAren barkamen eskakizunaren aurrean. Giza erreakzio normala da. Gatazka konponbidean jartzeko garai bateko “armak isilarazi, entregatu, erakunde gisa desagertu eta barkamena eskatzearen” baldintza ezinbestekoaren esijentziak lekutan daude. Orain nahi dute ETA belaunikarazi, eta penitentzian joatea”El Valle de los Caidos”eraino belaunez belaun, nor beraren hilobia egin, fulsilatu eta zulora jaurtiki, ETAk egindakoa inoiz ere ez dietelako barkatuko. Barkamena ematea ahuldade ezaugarria delako boteredunarentzat.
Honaino dena ulergarri, bada.
Baina bada iritzi saldo honetatik guztietatik amorrarazi nauen batena. Urkullu jaunarena, hain zuzen ere. Jaun honek etika eta estetika aipatu ditu ETAren barkamen eskaintzaren harira. Ahantzi barik metafisika, filosofía eta animismoa (edo amigismoa ote da?). Eta ETAren komunikatuaren eduki eta esanahi orokorraren ondorioa barik, hitzez hitzeko zirujau azrteketa egin dio eta akats tipografikoak eta gramatikalak ere atera nahi izan dizkio eduki onartezinari. Barka diezadala Urkullu jaunak, baina Ertzaintzaren aurreko pulpitoan egindako deklarazioetatik abade trazak hartu dizkiot, eta ez kristautasunaren fedea bete-betean jarraitzen duenarena, baizik eta abade perbertsoarena, eliza katolikoa lotsatan uzten duenarena, pedofilia kontuak direla eta: “Utzi hurbil daitezela nigana umeak eta isilean eta iluntasunean milika eta lamika diezadatela Artxidonako Cipotea barkatze bidean lagungarri izango zaielako bidetik ateratako gure neska-mutilei” (Xabier Arzallus dixit).
Egia da ETAk emandako urratsa arinago eeta goizago eman behar izan zuela nire iritziz. Baina bizitza honetan den-denak du bere tempus-a eta hitzak eta ekintzak ez dira inoiz denen gustuko izaten. Gu geu ere saiatu ginen ETAren noraezeko ibilbidea lehenbailehen amai zedin, ekintza bakoitzak sortzen zuen sufrikarioari amaiera eman ziezaion, ikusi egiten baikenuen indarkeriaren erabilerak helburuaren inguruan indarrak metatu barik sakabanatu egiten zituela etengabean. Eta borroka armatua ez zela tresna baliagarria helburu politikoak lortzeko.
ETAk eman du zegokion urratsa, bada, konturatu da jarduera armatuak ez duela deusterako balio egun eta desagertzear da dagoeneko. Ez dut uste, hortaz, ETAk San Vicente de la Sonsierrara joan behar duenik Aste Santuan “Los Picaos” penitentzia betetzera, bizkar biluzian mimenkadak bere buruari ematera, egindako bekatuak barkatuak izan dakizkion.
|
||
Euskal Herriko gizarteak ez du ezagutu urteetan, mendeetan esnago nuke nik, egun bizi duen gatazkarik gabeko egoera lasai eta barea. Konfrontazio politikoa minimoetara murriztu da eta bizikidetzan saiatzen ari gara, batzuek, lan eginez eta, bestetzuek, lan egiten utziz. Ez ditugu ahaztuko eta gatazka honek sortu dituen eta gartzeletan dauden biktimen alde lanean jarraituko ditugu, kalean ikusi arte. Eta Euskal Herri subirau eta euskaldunaren alde borrokan jarraituko dugu azken hatsa eman arte, modu batean edo bestean. ETArenak egin du, gureak ez.
|
||
Jesukristok berrogei egun igaro behar izan omen zuen desertuan nor zen eta zer nahi zuen jakiteko. Ezker Abertzaleak, tamales edo halabeharrez, “berrogei urteko” desertua igaro beharko du zama astindu eta atzera berriz oinez ibiltzen ikasteko indarkeriaren makulurik gabe. |
Oharra: nik neuk ere egin ditut akats tipografiko eta gramatikalak. Hauek ote dute mezuak baino garrantzi handiago?