Hasiera »
Karlos Gorrindoren bloga - Amildegiaren ertzetik
Karlos Gorrindo Etxeandia
Kazetari eta idazle badaezpadakoa. Ofizioa euskara teknikaria; afizioa idaztea. Ni ez naiz nor zurean sartzeko baina nire esana astintzaile bazaizu, ederto!
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Euskal komunitatea trinkotzeko tresna ezinbestekoak | Arian-arian(e)k Itxurakeria eta plantak bidalketan
- Juan(e)k Harria ibili dabilen arren, goroldioak itsatsita jarraitzen du bidalketan
- karlos(e)k Perbertsioa bidalketan
- JJ(e)k Barre egiten digute bidalketan
- JJ(e)k ELA, udal gobernuaren manporreroa bidalketan
Artxiboak
- 2021(e)ko urria
- 2021(e)ko iraila
- 2020(e)ko azaroa
- 2020(e)ko abuztua
- 2020(e)ko uztaila
- 2020(e)ko apirila
- 2020(e)ko urtarrila
- 2019(e)ko azaroa
- 2019(e)ko urria
- 2019(e)ko iraila
- 2019(e)ko ekaina
- 2018(e)ko apirila
- 2017(e)ko abendua
- 2017(e)ko azaroa
- 2017(e)ko urria
- 2017(e)ko martxoa
- 2017(e)ko urtarrila
- 2016(e)ko abendua
- 2016(e)ko abuztua
- 2016(e)ko maiatza
- 2016(e)ko apirila
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko urria
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko ekaina
- 2015(e)ko maiatza
- 2015(e)ko apirila
- 2015(e)ko martxoa
- 2015(e)ko otsaila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko azaroa
Mimenkadak euskarari
2015-10-07 // Euskara // Iruzkinik ez
Txiste bat izango ez balitz, negarra eragingo lioke honelakorik entzuteak bere burua euskaradun sentitzen duen edozeini. Aringarri gisa, baina, esan dezadan sei-zazpi urteko haur batek kontatua dela aurreko pasadizoa Euskal Telebistako Sorgintxulo saioan. Bihurrikeria linguistiko horren errudunik bilatzen hasi orduko, hobe dut esatea aurretik, baina, nor ez dudan mordoilokeria horren hobendun ikusten. Haurra bera, jakina, entzundakoa eta ikasitakoa baino ez baitu xurgatu eta errepikatzen. Onartu egin behar da, gainera, guraso guztiek ez dutela zuzentzaile lana egiten ibiltzeko ezagutzarik edota gaitasun nahikorik, arrazoiak arrazoi.
Has gaitezen, bada, erantzukizun eta ardurak partitzen.
Haurraren ikasbidean euskara ondo egiteko arduradun artatzaile-irakasleek badute ardura, zalantza izpirik gabe. Jakin badakigu, baina, direnak eta ez direnak egin ohi dituztela euskararen kalitate minimoa zaintzen eta transmititzen. Esaterako, “Nik maite zaitut edota ezagutzen zaitut” afitxez itsatsiriko hormak ere ez dira nahiko, D ereduan aritu izanagatik ere, gure haur eta gazteen burmuinean txertatzeko ohikeriaz darabiltzaten “asko maitetsut, atzo ikusi notsun” bezalako petralkeriak. Hamalau urteko gazte baten ahotik “Tobilloa dobleu dot” esan eta tobillo-aren eta dobleu-aren euskarazko bertsioa zein den zalantzan jartzen duen gazteak arazo handia du euskararekin, bidenabar esanda. Kasu honetan ez nuke irakaslea hobendun hartuko, eta bai, ostera, gazteen egungo euskararekiko zabarkeria.
Haurrekin euskaraz eta gurasoen artean gaztelania hobesten dutenek ere badute ardurarik, bestalde.
Euskal Telebistak ere badu ardura eta erantzukizunik, jakina, euskararen presentzia aktiboa bultzatzearen aurkako politika ziztrina daramalako sortu zenetik, diskrimanzio positiboarena eraman beharrean.
Euskara normalizatze bidean lanean dihardugunok ere badugu zer esan eta zer aitortu. Lider eraldatzaile ikusezinaren atzetik ari gara azkenaldiotan, euskara noranahiko bilakatuko duena ezinbestean. Eta esistitzen ez den izaki metafisiko horren atzetik ibiltzeak geure buruaren egainua baino ez dakar.
Baina hirugarren mailako gastritisa eragiten diguten arduradun handien eta bekatarienak gure herriko erakunde politiko nagusiak dira. Euskara babestuko lukeen legea onartu eta indarrean jartzeko ardurarik ez hartzeak, euskara bigarren mailakoa eta folklorikoa izatea baino ez dakar. Kilometroak bezalako ekitaldi publikoetara joaten direnean baino ez dute aldarrikatzen gobernatzen dauden politikariek euskara zabaldu eta babestu beharraren auzia, euskararen mozorroa jantzita. Total, urtean behin egin beharreko esfortzu-proba baino ez da.
Tokiko erakundeak ere ez dira atzean geratzen erantzukizunean. Zehatzago esateko, Urriko Lehen Astelehena dela eta, Gernika-Lumon arraza piriniarra duten abelgorrien erakustaldi eta salerosketan, alkatxofadun esatariak gaztelania aukeratzea azalpenak emateko, baserritarrak eta ikusle gehienak euskaldunak direnean. Gernika-Lumoko Udalak Euskararen Erabilera Plana du onartuta, eta zehaztuta zeintzuk diren hizkuntza irizpideak udala antolatzaile den ekitaldi publikoetarako, eta gaztelaniari ez zaio lehentasunik ematen, ezta hurrik eman ere!
Eta bien bitartean, euskararen egoera malkartsuari adabakiak jartzen jarraituko dugu herritar xeheok, errealitate hau aldatuko badugu. Edo okerrago dena, korrontearen kontra igeri egiten jarraituko dugu, izokinak bezala, helmugara iritsitakoan, hartzaren ahutzetan amaitu ahal dugula jakin izanagatik ere.
Eureka
2015-09-24 // Politika // Iruzkinik ez
Aurkitu dut edabe magikoa. Euskaldun askoren ondoeza sendatuko duena. Nazioarte mailan bagarela nor aitortuak izateko beharrezko dugun onarpena, alegia. Akabo miseriak eta negarrak, desilusio eta zapuzkeriak. Lortu dut eragiketa aritmetikoaren bitartez gure politikaren jarduera abertzaletasunera erakartzea, estatu bezala aitortuak eta onartuak izan gaitezen mundu mailan. Eta hara nondik ulertzera iritsi naizen orain, euskal gatazka deritzonaren konponbidea ez dagoela gurean, aspalditik aitortua izan den bezala. Bai, jaun-andreok, ez da huskeria iritzi honetara gaur eta berton iritsi izana. Baina iritsi gara, iritsi behar genuenez gero. Kostata, baina. Independentziara eta Estatu berria sortzera eramango gaituen kate maila Espainian dago, Atapuercatik haratago. Madrilen, hain zuzen ere. Han ez dago putzu septikorik, gure nahaiak eta ametsak herdoiltzen dituenik, Obelix-i indarra ematen dion isurkidun pertza baizik, gure arazo siko-dramatiko guztiak konponduko dituen sendagilea, alegia. Deskubrimendu honek beste izar bat jarriko du Europa Batuko banderaren erdigune urdinduan. Gurea. Hona hemen aurkikuntzaren edertasuna, sua eta errobeda asmatu zuten garaiko gizkienaren parekoa. Eta atetzar zaharkitua irekiko duen giltza Podemos, PSOE eta Ciudadanos alderdi politikoen esku dago, zalantza izpirik gabe. Alderdi hauen ideario politikoan, Espainiako egitura ekonomiko geografikoa hankaz gora jarriko baitu. Irrikan nago beraz, noiz iritsiko diren Estatu espainiarreko hauteskunde orokorrak, PP boteretik urrundu eta hiru alderdi hauen arteko koalizio taktikoa gauza dadin, indarrean jar ditzaten lehenbailehen Euskal Herriari buruz duten aurreproiektu politikoa, berdintasunean, anaikidetasunean eta askatasunean dagoena oinarrituta. Espainiar guztiak denak gara bat eta bera Konstituzioaren arabera. Hortaz, fuera erkidego autonomiko zenbaitzuek duten pribilegio eta onurak. Izan gaitezen jakobinoa, zentraliza dezagun botore politiko-sozial oro. Kanpora Eusko Jaurlaritzaren gobernu paralelo diren Aldundi eta Batzar Nagusiak. Eta zer gertatzen da Euskaldunen diruak gobernatzeko eskumena ematen dion Kontzertuarekin? Utikan! Hori diote hiru alderdi nazional horiek. Eta orduan bai, orduan, espainiarrengandik jasotako eskumen apurrez konformatzen diren PNVko buru eta hankak, alto! esango dute. Eta txiki utziko dute Katalanek hartu duten bidea. Eta Euskal bidean urratsak ematen hasiko gara. Herria ahalmenduko da eta indaba plateretik kenduko dizkiguten lau koilakada aldarriatu beharrean, hasierakoak, lehen platera, bigarrena eta postrea maneatuko dugu guk geuk. Bagarelako gai eta nahi dugulako. Sukaldaritzan artistak garelako. Eta goi mailako politika sukaldean egiten denarekin hasten delako.
Monopolioa
2015-09-14 // Gizartea // Iruzkinik ez
Mundu demokratiko mendebaldarra eskandalizaturik utzi du Petra Laszlo kazetari hungariarrak emandako ostiko eta zangotrabatze ekintza doilorrak. Telebista kateetan behin eta berriro agertu dira irudi ezin aldrebesagoak. Poliziarengandik ihesi doazen errefuxiatu dohakabeak hain baldar hartzea ere! Eskerrak bideo kamera izan duela eskuetan! Zer ez zuen egingo bazoka izan balu! Nor da ezpata dantzari ilehoria hanka azpian hartzeko gerratik, miseriatik eta Heriorengandik ospa egiten dabiltzan errefuxiatu gajoak. Kartzela zigorra merezi du, eta heriotza zigorra ere bai, Ipar Amerikako Milwaukee herrian biziko balitz. Egin duenak ez baitu barkamenik. Kontzientzia moral eta etiko guztiak astindu ditu gurean halako ekintza bidegabeak.
Inor harritu ez duena da borra eskuan dinbi eta danba dabilen poliziaren jarrera ahalguztiduna. Seme-alabak esku banatan eta negar batean dituen gizona makurrarazi eta belaunikarazten duen uniformedunaren portaera larderiatsuak ez du jendartearen kontzientziarik astindu, borra etengabean dantzatzen dabilen bitartean. Bere lana egiten dihardu, jakina: jendartea bultzatu, ostikatu, egurra banatu, burdin hesiak jaso, kontzentrazio eta tortura zelaiak eraiki, txerritzat dituztenei bazka banatu, purra-purra, eta basapiztiak balira bezala hartu goian zerua eta lurra azpian baino ez duten iheslari beldurtuak. Jakina, poliziak badu herritarrak jipoitu, torturatu eta hiltzeko eskubide moral eta monopolioa eta sistema demokratiko mendebaldar honek ematen dion eskumena zintzo eta zorrotz betetzen du. Nor da kazetari petral hori inoren praketan sartzeko eta demokrazia mendebaldarraren zaintzaileak direnen lana eskuetatik eta hanketatik kentzeko. Eta zein da lan duin hori?: Dronak, Tomahauwk misilak, gerra hegazkinak eta tankeak erabili Gaza mapamunditik desagerrarazteko, Irak zirtziltzeko, Libia eta Siria herriak inbaditu, sarraskiak eragin eta heriotza nonahi zabaltzeko.
Zangotrabatze batek doilorkeria handiagoa erakusten du, jakina, gerra hegazkinetik jaurtikitzen dituzten bonba-multzoak baino.
Bizi kalitatea
2015-09-10 // Gizartea // Iruzkinik ez
Hileta-aurrea da, tanatorioan ematen den aien aldirako tartea. Senide hurbilekoenak hurreratzen ari dira. Lobak kasu honetan, hil berriak ez baitu seme-alabarik beragatik negarrik egingo duenik. Emazteak aspaldi utzi zuen haragizko mundua, hezur bilakatzeko. Banaka-banaka sartu dira osaba hilik datzan gelara, erdi isilean. Ez da gelan negarrik, penarik edo dolurik antzematen, eta etxekoak salbu ez da inor gehiago hurreratu gorpu datzan osabarenera azken agurra ematera. Hileta elizkizunerako utziko dute, beharbada, adiskide eta hurbilekoek azken kantu hitserako aukera. Tanatorioan, bien bitartean, lobek hitz eta pitz dihardute, tarteka irrika, marteka barre algaraka. Ikusia dut Cantinflasen pelikuletako hileta elizkizun batean dolu handiagorik! Hilotzak merezi duen errespetu, isiltasun eta doluaren aztarnarik gutxi loben artean. Elizarako bidea arin batean egin du segizioak autoen barruan. Eliza aurrean ere gorabeherak izan dituzte loba andariek hilkutxa eliza barrura nork sartuko. Urlia mengelak ez duela balio, sandiak uko egin dio, eta hirugarren mailako ahaideek lagunduta sartu dute hilkutxa eliza barrura. Apaizaren berba samurrek ere ez dute ur bilakatu ahaide nagusien begi lehorrak eta begiratu urrunekoa. Eta elizkizun osteko hilerrirako bidea ere arin-arinka egin dute, parafernaliari lehenbailehen amaiera ematearren.
Elizatik kanpo entzun eta ikusi diren negar bakarrak neska gazte batek besotik oratuta eraman duen adin ertaineko andrearenak eta neskarenak berarenak izan dira. Alargundu zenetik, erdi gaixo eta ezgauza, osaba gau eta egun zaindu, jaten eman, garbitu eta jantzi-erantzi egin dion errumaniarrarenak eta beronen alabarenak, hain zuzen ere. Haien negarraldiak goibeldu du apur bat eliztarren gogoa. Samurtu ez, ostera, senideen bihotza. Emigranteak gozatu ditu osabaren azken urteak, lagundu bere bakardadean, hauspotu makalaldian. Anartean, lobek norberaren egunerokotasunari eutsi diote: lana, oporrak, seme-alabak, bidaiak… Osabaren zamatik libre. Bizimodu hobe eta duin baten xerka datozen errefuxiatuek, aldiz, leunagoa egiten digute bizimodua. Guri ezer lapurtu barik, gure bizi kalitateari eusten baitiote, teorian guk egin nahi ez ditugun lanak eginez.
erotismoa
2015-06-17 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Erotismoa
Hauteskundeetako txikleak ez du jada zaporerik. Baina ahoan darabilgu mamurtu eta mamurtu, goma huts bilakatuta. Hezur matraila gogortuko zaigu, hori du onik. Edo hortz-haginak kraskatu, hori txarrik.
Gurean, osterantzean, lepoko berria duten txakur zahar berek darraite boterean, gutxi gorabehera. Aldaketak izan dira aginte makildunetan, baina aldaketarik ez da izango eginbideetan. Ez nabarmenik, behintzat.
Aldaketako bat PNVk PSOEri egindako proposamen matrimoniala. Zaharrak berri. Tristea eta mingarria, abertzaletasunaren ikuspegitik begiratuta, baina ezin zaio inori norekin maitemindu behar den agindu. Bihotzeko kontuak nekez ulertzen ditu arrazoimenak.
Poztekoa, Nafarroakoa. Hamarkada luzez Trantsizioaren oinordekoak agintzen egon osteko haize freskoa ekarriko dute tokiko administrazio lizunduetara. Eta egurastu egingo ditu kontzientzia kolektibo desaktibatuak. Sense and sensibility eskatuko diegu agintari berriei. Hori baino ez. Hori guztia.
Arreta eman didana ez da izan, baina, hauteskunde ondoko sasi matrimonioen ezkontza bidaiaren prestakuntzak, Justizia Administrazioko Fiskaltzak hartu duen erabakiak baino. Sutu egin nau, egia esateko. Ikertu egingo omen du Andoainen gertatua alkaterako hautaketan. Susmoak omen ditu bozka zuriaren atzean mehatxuak, fraudea edo beste zerbait egon ote daitekeen. Arin hasi dira desleialtasunak. Edo agian, matrimonioaren alde ez dagoenak azaleratu nahi izan du bere egonezina. Zergatik ez. Dena dela, adi boto emaileok, hauteskundeetan bozka zuri eman duzuen guztiok susmagarri zarete Calparsoro fiskal nagusiarentzat. Demokrazia honetan bai edo ez, arre edo ixo aukeratu behar da, eta bozka ematera ez doazenak ere, abstenitu direnak, legez kanpo dihardute, ez dakit zein momorro iraganekoak susto edo muerte erabaki dezazun agintzen ei dabilelako. Ofizioz ireki duela espedientea, diote. Baina, nire ustez, ezkontideen esku beltza ez da urrun ibiliko fiskalarenetik, zirri atseginean ibili beharrean.
Eta benetan harritzekoa dena da politikariek agintean irauteko edo berau lortzeko duten afana. Zer ote du botereak berau lortzeko bultza hemendik, saka handik ibiltzeko? Erotikoa ei da, eta behin lortuta umeldun eta tentedun jartzen gaitu antza, eta sesiorako prest uneoro. Hau da, herritarra izorratzeko prest.
Karlos Gorrindo Etxeandia
Uhin hedakorra
2015-05-20 // Euskara // Iruzkinik ez
Gaizka Garitanoren jarrera mediatiko duintasunezkoak ausart egin ditu euskararen eraztun magikoa galdu ez duten hainbat mohikano euskaltzale. Nire ustez. Denboran urrun barik hur gertatutako hiru pasadizo aipatu baino ez, herritar oinezkoei eragin erradiaktibo horrek kalte barik harro izateko moduko sentsazioa sortu diela jakiteko.
Baga: Gure herriko erreka alderik alde zeharkatzeko zurezko zubia egin zuten duela gutxi, herrigunetik kilometro pare batera, eta herritarren pozerako. Pasiran joan ohi naiz askotan eremu horretatik, eta egun batean, zubiaren albo banatan bina neska gazte, eskuetan karpeta eta boligrafoa galdeketarako prest: “Estamos haciendo una encuesta para el Govierno Vasco sobre el grado de satisfacción que ha supuesto la construcción del puente”. “Eta inkesta edo dena delakoa euskaraz egiterik egongo da, ezta?” nik. “No, yo no lo se hablar y la encuesta está en castellano”. “Oso ondo, euskaraz egiterik ez badago, agur”. Lau ziren inkesta egileak, laurak elebakarrak.
Biga: Seme nagusiak pizza afaldu nahi zuela eta, nik ezin apeta hori bete gabe utzi, neu ere pizza zale bainaiz. Gure ustez, herriko pizza onena egiten dutenera joan nintzen mandatua egitera. Jabeak euskaldun petoak, pizza banatzaileak errumaniar gazte bat, urteak daramatzana herrian bizi eta lanean. Euskaraz jabeari holako eta halakoa nahi dugula pizza. Errumaniar gaztea aurrez aurre, helbidea eta apuntatzeko prest, nahiz eta asko baino askotan gurera etorri den mandatua ekartzera eta jakin badakien. Euskaraz nik: “Ocho de Enero kalea…” eta berak zirkinik ere ez… “eta betiko telefonoa”, nik… “idatzi ba”, nik…. eta berak: “Mientras no me hables castellano no apunto nada”… “Pues tendras que aprender tambien el euskara un poco si trabajas en un pueblo euskaldun”, nik. Eta hark erantzun: “El euskara no sirve para nada y el castellano lo entiende todo el mundo”. Orduan nire erreakzioa izan zen: “Aizu, jabeari, ez dut pizzarik nahi, eta zure langile honek euskarari errespetu txikiena gordetzen ez dion bitartean ez naiz hona gehiago etorriko”.
Higa: Seme txikia bainontzian, buruan txanpua eta interfono hotsa kaleko atean. “Por favor me puedes abrir. Estamos haciendo una encuesta sobre la situación en general de Euskadi”. Kolarreko atea ireki eta umearenera joan naiz arrapaladan, begiak erre ez diezaizkion burutik behera lerratzaen zaion txanpuak, burua urez garbitzera. Din-don, txirrin hotsa etxeko kanpo atean. Arrapaladan egin dut harainoko bidea, inkesta egilea ezin izan zitekeelakoan irudituta, bigarren solairuan bizi bainaiz. “Hola buenas tardes, neskak, quisiera hacerle una serie de preguntas…” Euskaraz izango da inkesta ezta?” nik, bainontzian dagoen semea gogoan, estu eta larri. “No, no se hablar en vasco pero si quiere le puedo hablar en ingles, aleman, frances… en cualquiera de las lenguas de la Comuidad Europea…” “Pero no en la mia, agur”. Atea itxi eta arin batean egin dut semearenera…”Aita…. begietan azkure handia dekotttttttt…..aiiiii!!!!”
Hauteskundeak
2015-05-18 // Politika // Iruzkinik ez
Mitin politiko batean izan nintzen atzo lehenengoz. EH Bildukoan. Eta ez dut uste beste batera inoiz joango naizenik. Zin dagit. Kamustuta, dezepzionatuta, hauts eta huts utzi ninduen entzundakoak. Mitinetara doan jendeak zer entzun gura duen ez dakit. Uste dut berdin diola. Esaten dena esaten dela, beti izango dira prest uju eta ija bat egiteko, irrintzi bat jaulkitzeko edota txalo zaparrada jotzeko. Esaten dena esaten dela. Berdin dio koherentziarik gabekoa, orokorra eta zehaztasunik gabekoa botatzen bada airera. Beti izango dira zaleak txaloka hasteko prest, belarrieta iritsi zaien mezua inoiz entzun gabekoa balitz bezala. Gu herriarekin gaude, aurrerakoiak eta horizontalak gara, esango dute, eta besteak, atzerakoiak eta bertikalak, Euskal Herrian Espainia aldeko politika ekonomikoarekin bat egiten duten australopitekus kasposoak. Mezu eta proposamen zehatzik ez, eta goraipatu eta gorazarre egingo zaie palestinarren borrokari eta euskal presoen egoera eramanezinari. Eta sardina latetan batutako txalo zaparrada galanta entzungo da jarraian. Gu solidarioak baikara, hurkoaren sufrimenari atxikimendua erakusteko beti prest.
Eta hau Udal eta Foru hauteskunde kanpaina batean esandakoak. Eta ni itxaroten, zain hizlariek noiz helduko dioten benetako mamiari, herriko benetako arazoei, aurkari politikoaren hautagaiak aginte makilari eustearren egindako jokutrien nondik norakoak azalduko dituenari. Gure herriak ez duela merezi konfiantzarik ematen ez duen agintari kamaleonikoa (adibide modura). Baina, batik, bat, proposamen zehatzak entzun nahi izan nituen, herritarroi benetan ardura digutenak, esaterako: “Gu, zuon diruaren kudeatzaile izango garenok, zuon zerbitzura gaudenok, ezker transbertsalaren ikuspegitik, udalean benetan garrantzia duenari emango diogu lehentasuna: udalekoak diren industria lur eremuak erabiliko ditugu industria erakartzeko, lana herrira ekartzeko, eta aspaldidanik abian jarrita dugun asmoa, hots, instituto politeknikoa lehenbailehen gauza dadin borrokatuko gara gorputzez eta arimaz, herriko gazteek aukera izan dezaten formakuntzan eta trebakuntzan. Gizarte zerbitzuak indartuko ditugu eta giza laguntza eta diru laguntzak biderkatzeko asmoa dugu. Herriko prekaritate laborala eta sozialaren alde egingo dugu, eta Espainiatik datozen lan eta politika inposaketak saihesten eta ez betetzen ahaleginduko gara. Gure ardura baita, euskal herritarrok garenez gero, muzin egiten saiatzea Espainiatik datozen inposaketa guztiei. Euskarak eta euskal kulturak behar duten lekua izango dute gure egunerokotasunean, gure ahoan, gure jardunean, eta biderkatu egingo ditugu arlo eta eremu horrek behar dituen laguntza oro. Euskara gure herrian bigarren mailako hizkuntza izan ez dadin“. Eta bertsolariak eta musikariak haien lana bukatutakoan, hauxe entzun gura izan nuen: “Gu ez gara zuen agintariak, zuek zarete gurea; gu zuen langileak baino ez gara. Hortaz, erdu mesedez, nahi duenak edo behar duenak, eta esan edo egin dezala nahi duen proposamena, zuen hitza guretzat sakratua baita, eta bete beharrekoa”. Honelakoak edo antzekoak entzun nahi izan nituen. Baina ezta hurrik eman ere!
Amaitzeko, proposamen bat pulpito honetatik politikari-gai guztiei. Haien asmoa botoak irabaztea bada, herritarren diruak kudeatzea eta kudeaketa horri kutsu ideologikoa erantsi nahi badiote, erabil dezatela estrategia hau: aurkako ideologia edo alderdi politikoaren zale-forofoen mitinetan parte har dezatela hizlariek, eduki programatiko zentzudunak limurtzaile izan daitezkeelako burmuin zalantzatien aurrean. Norberaren alderdi politikoaren mitinetan parte hartzeak ez baitu meriturik, txalo errazak oso merke daudelako hauteskunde garaian.
Eralan
2015-04-23 // Euskara // Iruzkinik ez
Oso aspergarria izan ohi da euskararen gaineko diskurtso apokaliptoko zein motibatzaile monotematikoak entzutea edo irakurtzea (hau barne). Euskarak tonu bakarra du, gainera, kolore bakarra, akorde bakarra. Ezin adosago egon, beraz, euskaldunak sinsorgo hutsak garen herri legendarekin . Eta ez naiz ari soilik ikastaro, mintegi edota jardunaldi bateko hiztunak darabiltzan dezibelio loarazle zurrunga eragileengatik. Euskara mintzagai dugunean, hizkuntza bera egiten zaigu horizontala: soinu, duinu eta musikarik gabea.
Euskara ogibidetzat eta militantziatzat edo zaletasuntzat edo gogo bakartzat hartzen dugun ekintzaileok oso barneratuta daukagu, gainera eta zoritxarrez, gure hizkuntzaren malerusen isla garela. Akastun gara egunero eta etengabean. Gure ibilbide eta langintzan ez dugu ezer artezik eta akatsik gaberik egiten. Erabat aldatu behar dugu jarrera, portaera, izaera eta nortasuna.
Euskara teknikariok sutara! eta errautsetatik jaldi dadila zeru garbiaren bidean izate aratz eta gardena euskara mundu zabalera hedatuko duena ezelango traba eta oztopo arkitektonikorik gabe. Ez dakigu behar bezala kudeatzen, azalarazten, transmititzen edota besterenganatzen zientzia infusak euskara jakiteko euskaltzaleoi eman digun gaitasun eta abilezia. Euskaradunok jainko ahalguztidunaren atzamarrak ikutuak izan gara. Ez, ostera, euskararen zipristin korrosiboak zauri sendaezinak eragiten dizkien erdaldun elebakar eta euskaldun pasiboak.
Eta horretan dihardugu, liderren xerka, eredu eta ispilu izan daitezen euskararen erabilera triunfoko arkupetik pasatzen zaien erdaldun elebakarren aurrean eta elebidun proskritoen atzean. Psikologia karreradunak behar dira langintza horretarako, eraldatzaile intelektualak, konbertso animikoak, izaera, nortasun eta aiurri egituratzaileak. Utikan teknikari perbertsoak!, noizbait Euskal Herria askatzeko asmotan dabiltzanak euskara akuilu erabilita. Zorroztu aiztoak enfrentamendua baino sortzen ez duten euskaradun orojakileen lepoa mozteko. Zer da euskara teknikaria, obsoleto eta herdoilduta geratu den tramakulu erabilezina baino? Zer dira, euskaragintzan diharduten taliban inposatzaile nardargarriak baino?
Gurea da hutsunea eta ez beste inorena. Guk egituratzen ditugun Euskara Planak zaharkituta geratu dira eta beste bide batzuk jorratzen hasi behar dugu: elkarrekintza, liderko kateak, giza izaeraren beraren definizio berriak egin behar ditugu. Zer eta euskara aintzat hartzen ez dituztenegana iritsi, eta apal-apal, barkamena eskatu eta mesedez, arren eta otoi, ulertu eta onartzen dugula haien portaera eta jarrera euskararen larre ihartuetara ez hurbiltzeko. Baina jakitun izan daitezela, halaber, euskara bitartez flower power egoera psikotropiko sikodelikoa lortuko dutela, edo beste berba batzuk erabilita, Nirvana aurkituko dutela ezelako droga ez legezkoak irentsita edota esnifatuta.
Eta sinetsi egin behar dugu. Sinetsi aldaketa horretan, sinetsi aukeratutako bide hori dela helburura eramango gaituena, helburua bidea bera egitea izanagatik ere. Eta agonostiko samar garenoi sinesmen huts fededun totemikoak beldurrik ez, baina zalantza bat baino gehiago sortarazten digu. Baina esaten zaigu euskararen salbamendurako dagoen edabe bakar eta magikoa alofilia dela, hots, osagai judeo-masoniko-kristaua duen filosofia mota hori. Zeinak ezkerreko masaila txalotzen dizunari eskumakoa eskaini behar diozun, txalotzailearen zapatekin bi egunez eta bi gauez ibilitakoan, haren oinetako kiratsarekin jabetu zaitezen.
Bego!
Botere gose
2015-03-23 // Politika // Iruzkinik ez
Berba edota egintza bati aurpegia jarrita errazago identifikatzen duzu kontzeptuaren esanahia. Hau da, irudi batek ehun berbak baino argiago adieraz dezake esaten duzuna. Eta gaurko (atzoko) irudia hauxe da:
Hauteskundeetako aurre-kanpainan murgilduta gaudenez, hasi dira tableroan jartzen jokorako pieza guztiak: damak, zaldiak, alfilak, dorreak eta errege-erreginak. Garrantzirik eta oihartzun handien eragiten dutenak errege-erregin hautagaiak dira, batzuk alderdietako baseak aukeratuta eta, bestetzuk, alderdiko buruzagitzaren atzamarkeriak. Gaurkoan, baina, bere burua hautagai aukeratu duen egolatrarenak eman digu arreta. Hedabideetako portadak bereganatu ditu, irratsaioetako eta telebistako izar bilakatu da zenbait egunetan, eta hautagai honek hiru adierari aurpegia jarri dio, eta gu ezjakintasunetik atera gaitu: kamaleoia, poltrona eta. hirugarrena, manporreroa.
Koka dezagun egoera teatrala aurrekarietan. Alkate izaten jarraitzen duen politikariaren zikloa amaituta zegoelakoan, EHBilduko zuzendaritzakoek erabaki zuten beste hautagai bat izatea datozen hauteskundeetarako. Alkate jaunak, baina (ez da bera makala!) egoari hego tzarrak erantsi eta herriak alkate izaten jarrai dezala eskatu diotela zabaldu nahi izan zuen mesfidatien artean. Herriak eman diola aginte makila eta herriak kenduko diola, bidezkoa bada, buru gaineko koroa. Handik laburrera zurrumurruak ari ziren hedatzen su-hautsa legez herrian zehar: koalizioa utzi eta tokiko talde bat sortuta azalduko zela hauteskundeetara. Esan dezadan, bidenabar, ez dudala koaliziokide batzuen haserrea ulertzen alkateak hartutako erabakia dela eta. Zortzi urtean bi gobernu paralelo izan dira hiribilduan, eta ezkerreko eskuak egiten zuenari buruz ez zekien deus eskumakoak, eta alderantziz. Alderdi bakoitzak bere botere kuota gobernatzen zuen aldameneko kideari ezelako azalpenik emateke. Beraz, indignatuta barik, pozik egon beharko lukete koalizioko kideek, euren traiektorian aurrera egiteko zama larria kendu baitute gainetik. Kasu honetan, jaka aldaketa alkateak egin du, kamaleoi bilakatu da, eta berdin zein koloretako zakua jantzi, aldaketa horrek botere-aulkiari eta prime time-ri eutsiko badio. Estetika kontuari kasu eginda, gainera, triste samarra da beti jaka bera jantzita ibiltzea eta eskubide guztia du nahi duena eta nahi duenean jantzi-erantzi ibiltzeko. Politikan, baina, aldaketa hori larrutik ordaintzen da, edo ordaindu beharko litzateke, etika edo moralik gabekotzat jotzen delako horrelako hautu-mautuetan dabilena.
Guztiz sutan daudenak EAJ-ko militante historikoak dira, bestalde. Histeriko jarri dira, alderdiak hiribilduko baseen iritzia kontuan hartu barik erabaki duelako, duela gutxira arte, EAJ alderdiaren azotea izan den alkate hegalariarekin bat egitea eta beronekin batera koalizioan joatea datozen hauteskundeetara. Urrats arriskutsu hau ematea, era honetan baino ezin da ulertu: Euskal Herri mailan Bildu koalizioa pitzatu nahi izatea nazio mailan, EAJ alderdi hegemoniko izaten jarraitu nahi izateagatik. Baina kasu honetan badago nabardura txiki bat. Gaur egunera arte, alderdien baitan sortu dira tira-birak, zatiketak eta dramak, kanpoko eragileen parte hartze zuzena izan barik. Kasu honetan ulertu beharko da, Bildu koalizioa kanpotik torpedeatzeko saiakera bat izan dela, eragin erreadioaktiboa izan dezan Euskal Herri mailan. Egia da hiribilduko EAJ alderdiko sinesdunek aho bete hortz utzi dituela zuzendaritzak (Goikoek!!!) hartutako erabakiarekin. Nire ustez, hiribilduko EAJ alderdiak hanka sartze historikoa egin du, historian zehar inoiz ezagutu ez zaiona: identitatea galdu du, nortasuna, inoren interes partikular eta handiusteen menera jartzean. Eta militanteek ez dute hau ulertzen.
Hitza herriak izango du aurki, baina neure egingo ditut Perez Reverteren hitzak: hauteskundeek ez dute deusetarako balio, boto emailea analfabetoa (politikoa, esan nahiko du) izatekotan.
Asmo onak
2015-02-06 // Euskara // Iruzkinik ez
Badakit ezkortasun tematia islatzeak nire iritzi artikuluetan aspergarri bilaka nazakeela balizko irakurleen begietara. Ondorio positiborik ez antzematea nire blogaren edukietan jakinmina pizteko errezetarik desegokiena dela. Irakurleak erakarri barik, urruntzeko baliabide errazena dela beti kopetilun jardutea, alegia. Badakit. Eta erdi erabaki nuen urtea amaitutakoan, saiatuko nintzela aurrerantzean bizitzaren eta nik jorratzen ditudan bi gai nagusien (politika eta euskara) erpinak ez hain zorrotzak eta zauri eragile izaten. Nire pentsaera eraldatzeko asmo ez hain irmoa aktibatzen saiatuko nintzen deliberoa hartu beharra nuela. Bizitzan den orok baitauka alde ona, txarra duen bezalaxe. Gainera, ez ditut soilik nire iritzi artikuluen irakurleak gogaitzen. Eztiñe lankidea, esaterako, kokoteraino daukat: “Ez esan, beti bezala, zure analisi kritiko negatiboak hurbilago daudela errealitatetik, alde positiboa bilatzen dutenena baino, errealitatea kaleodoskopikoa baita, eta zure iritzia oso subjetiboa”. Ados.
Azter dezagun, esaterako, berri-gertakizun hau: “Nafarroako eremu euskaldunean euskararen erabilerak behera egin du azken urteotan”. Berri txarra, jakina, kaleodoskopiaren edezoien angelutatik begiratuta. Euskara nagusi den eremuan euskararen gainbeheraren argazkia argi ilunetan atera da. Eta, ondorioz, nire baitako ahots negatibista (errealitatearen jasotzailea) gailendu, eta abailduta geratu naiz ikusirik erresistentzia gerra honetan betidanik euskararenak izan diren eremuak galtzen doazela emaro-emaro. Ostera, kaledoskopioak baditu kolore eta forma geometriko gehiago ere lagin honetan: “Eremu ez euskaldunean gora egin dute ezagutzak eta erabilerak pitin bat”. Poztekoa, noski, baina (atzera nire baitako ahots iluna) gaztelania erabat nagusi den eremuan euskarak ateratzen dituen zipristenek eta hazitako kimu berriek ezingo dute inolaz ere euskararen normalizazioan izan beharreko jabekuntza lortu, hazkunde motela eta niminoa baita, zonalde euskaldunean ez erabilerak duen gainbeheraren aldean.
Edo beste errealitate argigarri hau: PSE-EE-ko zinegotziek gora-goraka jarri dira, eta ez dut uste bakarrak izango direnik, EHBildu alderdi politikoaren arabera, EAEn kargu hartuko duten zinegotzi berri-eraberritu orok euskara jakin behar dutela adierazteagatik. Berri txarra euskararentzat. Agintari politiko hauek, eta ezkutuan eta isilean dauden gehiagok, nahikotzat jotzen dute gaztelania bi hizkuntza ofizialak diren lurraldean aginduan jarduteko. Hau da, ez dute euskara derrigorrezkotzat jotzen, administratuen diruak eskuartean nahierara erabiltzeko ez baita derrigorrezkoa ezein hizkuntzarik jakitea. Mutuak ere ederto burutuko luke langitza hori! Eta, klaro, herritarren aurrean eta, areago, menpeko dituzten langileen aurrean (administrazioan lan egiteko Hizkuntza Eskakizun jakin bat esijitzen zaie) eredu eta jarraibide izan behar dutenen gaitasun linguistikoa eta mentalaren gainean ez die inortxok ere ardurarik eskatzen.
Laburbilduta, asmo onek talka egiten dute eguneroko errealitate gordinarekin, eta hau bat eta bakarra ez dela dakigun arren, kezkatu egiten gaituzte nahi izango genukeen zeru urdin oskarbitu gabean agertzen diren laino beltz mehatxugarriek, eta ez hainbeste poztu, pozgarri den arren, zeru berunezkoan ager daitezkeen ostarteek.
Astorkia andrea, errealitatea ere tematia da, zoritxarrez !