Hasiera »
Karlos Gorrindoren bloga - Amildegiaren ertzetik
Karlos Gorrindo Etxeandia
Kazetari eta idazle badaezpadakoa. Ofizioa euskara teknikaria; afizioa idaztea. Ni ez naiz nor zurean sartzeko baina nire esana astintzaile bazaizu, ederto!
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Euskal komunitatea trinkotzeko tresna ezinbestekoak | Arian-arian(e)k Itxurakeria eta plantak bidalketan
- Juan(e)k Harria ibili dabilen arren, goroldioak itsatsita jarraitzen du bidalketan
- karlos(e)k Perbertsioa bidalketan
- JJ(e)k Barre egiten digute bidalketan
- JJ(e)k ELA, udal gobernuaren manporreroa bidalketan
Artxiboak
- 2021(e)ko urria
- 2021(e)ko iraila
- 2020(e)ko azaroa
- 2020(e)ko abuztua
- 2020(e)ko uztaila
- 2020(e)ko apirila
- 2020(e)ko urtarrila
- 2019(e)ko azaroa
- 2019(e)ko urria
- 2019(e)ko iraila
- 2019(e)ko ekaina
- 2018(e)ko apirila
- 2017(e)ko abendua
- 2017(e)ko azaroa
- 2017(e)ko urria
- 2017(e)ko martxoa
- 2017(e)ko urtarrila
- 2016(e)ko abendua
- 2016(e)ko abuztua
- 2016(e)ko maiatza
- 2016(e)ko apirila
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko urria
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko ekaina
- 2015(e)ko maiatza
- 2015(e)ko apirila
- 2015(e)ko martxoa
- 2015(e)ko otsaila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko azaroa
iritziak iritzi
2014-12-16 // Politika // Iruzkinik ez
C. jaunari ahoa bitsez bete zaio Mundu mailako Alkate onenaren Iñaki Azkuna izena emango zaiolako aurrerantzean, Bilboko Alondegia aisia eta kultura zentroari. Besterik behar duela mundu mailako alkate onenak, iritzi dio, zerbait berria, plaza, eraikin edo kale (etorbide, hobeto) aurretik ezelako identifikazio ezagunik ez lukeena. Mundu mailako alkate onena izendatu baitzuten, ze karajo! Esaterako, San Mames berria barik, Azkuna futbol estadioa.
Eta G. jaunak adierazi dio, Azkunaren gaineko loriak luzaroan entzuten egon ostean, Azkuna zena PP alderdi politikoaren urpekaria izan zitekeela Euskal Herrian, edo UPyD-koa, edo Espainiako edozein alderdi erregionalistarena, euskaltasunaren usainik minimoena sudurreratzen zuen orotik urruntzen edo saihesten baitzuen Frantziako Legion de Honor-eko zaldun saria jaso zuen Azkuna zenak. Kanpotik jasotako laudorioei erreparatzen ziela, eta etxekotasunari muzin, hots, bere burua mundu mailako hiritartzat zuela eta txokokeriak baztertzen zituela. G.-ren ustetan, hortaz, Txinako harresiaren bide zati bati izena ematea egoki litzateke mundu mailakao alkate onenari. Ezen hemen Euskal Herrian, eskailera mekaniko batek ere ez bailuke munduko alkate onenaren izenik mereziko.
C. jaunak sutsu diotso munduko alkate onenak egindako kudeaketari begiratu behar zaiola eta Bilbo munduan jarri duela ikusgai. Munduko alkate onenaren lana ez zela ideologiatik elikatzen eta bai, ostera, izatearen nazioartekotasunetik.
Eta erantzun dio G. jaunak, jada berotzen hasita, sigla politiko jakin baten ordezkari izan zenez gero (PNV), uste izatekoa dela sentiberatasun ideologikoa izatea, berak ordezkatzen zuen herri-zati abertzalearekiko, baina hark zipitzik ere ez zuela abertzaletik, G.-ren ustez, deus gutxi aportatu baitzion munduko alkate onenak abertzaletasunaren espiritu tantrikoari. Abertzaletasuna, zentzu zabalenean eta ez talibanenean ulertuta, noski. Espainiako Errege Juan Carlosen eta Albako Duke andrearen adiskide min zen Iñaki zenari (norberak aukeratzen ditu bidelagunak) bere patrikera zabaleko azpiko arkutik pasatzen zitzaiola abertzaletasuna, eta euskararen edo euskaltzaletasunaren apologista izatetik ere urrun baino urrunago egon zela munduko alkate onena omen zena.
O. jauna hurreratu da eztabaidara eta esan du harenak txarlotadak eta Txomin del Ragatokoaren ateraldiak baino ez zirela izan. Kudeatzaile ona ez, laguntzaile onak izan zituela alboan, Areso, esaterako, eta kudeaketan eta politikan benetako profesionalez inguratu zela bere zorionerako. Eta , azkenik, mahaikieek aho bete hortz utzi ditu hauxe esan duenean: Azkuna euskal etnozida deitoragarrienetarikoa izan da gure hurbileko historian.
Gaur da eguna
2014-12-03 // Euskara // Iruzkinik ez
Etxepare, Lizardi, Koldo Mitxelena eta Eneko Aritza bera ere izango ditugu gaurkoan adur-jario eta aipagai, eta euskaraz eta gazteleraz Aitorren hizkuntza zaharraren aldeko apologia sutsua egingo digute tribuna eta pulpitu guztien gainetik eta azpitik, haien guztien ahotsa gaurkoan inoiz baino ozenago entzun dezagun. Euskara maite dugulako gehiago, arraintxoak ura baino. Gaurko egunez.
Eta aho-lezea eztitasun okaztagarriz beteko zaie gure hizkuntzaren norabide eta abiadura geldiezin honetan Babelgo dorrearen erpineraino iritsiko delako segurtasunez, eta ez soilik albo herrietako hizkuntzen parean jarrita dagoelako dagoeneko, baizik eta mundu osoko hizkuntza guztien gainetik jarriko delako epe laburrera, mundu mailako hizkuntza hegemoniko bilakatuta. Edo, bestela, galdetu Patxi Bastarrikari.
Nik, benetan, ez dakit non bizi den gure Patxi hau (Urkullu, Andres Urrutia…) toposferan, estratosferan, mesosferan, termosferan edo gure errealitate-erabilera linguistikotik 550 kilometrora dagoen esosferan. Esan behar da gero!: “Gure gizarte bizitzaren alor guztietan gero eta ikusgai eta entzungaiagoa egiten ari da euskara… Gero eta esparru gehiagotan bizi da, bizi dugu, euskara naturaltasun eta ohikotasunez. Unibertsitatean dugu euskara, eta, noski, eskolan. Administrazioan ere bai, eta lan munduan. Telebistan bezala, prentsan…”
Esatea libre dela eta, entzun-irakurri egin behar! Jaurlaritzaren hizkuntza politikaz ardura duenak esan beharreko ateraldiak otutzen zaizkit gehiago, gure hizkuntzak Euskal Herrian bizi duen amesgaizto benetakoaren isla baino. Hau da, desertuan egunetan galduta eta urik gabe, oasia ikusten ari den aluzinazioa ez ote den Bastarrikaren iritzia.
Azken-azken datua: Hernanin euskara jakin-ulertu %80k, erabili %39k. Hortaz, Euskal Herriko eskualde gehienetan ematen den erabilera-erregresio honekin jarraituta, politikari amesle iruzurgileen hitzak sendabelar eta auspo baino gehiago, itsas-neska kantu izango dira gure belarrietarako, benetan ez den horretan sinistarazi nahi digutelako.
Irakurri mesedez Julio Sotoren iritzi artikulua (Erabili.com, Berria egunkariatik hartuta), merezi du eta!
DEIALDIA
2014-11-25 // Euskara // Iruzkinik ez
Euskararen egoera sozio-kultural-ekonomikoa zein den ikusita, neurriak hartzeko eta ekintzetara jotzeko garaia delakoan nago. Hori dela eta, nik neure izenean eta neuk ahalordetzen ditudan gogaideenean, hauxe ADIERAZI nahi dut:
Gure hizkuntzak berez ez du nahiko indarrik egun egon dagoen zainketa berezien gelatik ateratzeko. Gaixorik, ahul, adorerik gabe, motibaziorik gabe, triste eta zinkurinka dihardu etengabean. Hilurren dagoela jakin daki. Eta kukua egitera joaten zaizkionak irri-etsi eta berba adore-emaile badabilzkio ere, berak badaki ez dela bakarrik eta berez aurrera aterako (ez baita batere papaoa), haren buru-gorputzeko osasunaren jabe diren medikuek baliabide eraginkorrak eta benetako ausardia aplikatu ezean.
Deialdi hau, bada, euskalgintzan dihardugun guztioi egina da. Hots, era zuzen edo albotik euskararen errepide trauskilduan zuloak estaltzearren, adabakiak jartzen ari garen guztioi:
Euskararen osasunaz arduratzen diren orori: mediku, erizain, administrari zein garbitzaileei. Hedabideetako egunerokoan euskararen presentzia urriak sentibera jartzen dituenei: telebista, irrati eta prentsa idatzikoei. Musikan, kantuan, bertsotan eta ipuin kontalari dihardutenei. Kazetari, idazle zein edozein argitaletxetako arduradun eta langilerei. Euskara teknikariei, brikolagean dabilenari, apeak zuritzen, kaleak garbitzen eta ertzain zein udaltzain arduratsuei. Kirol pasibo eta aktibodunei. Enpresa-buru zein langile xeheei. Aberats zein pobreei. Haur, gazte, adineko, gizon eta emekumeei. Euskaraz mintzo direnei eta egin nahiko luketenei.
Izan ere, gero eta oxigeno gutxiago geratzen zaio birikietan euskarari, eta zainetara txertatuta dituen suero eta morfinek eraginik ere ez diote egiten dagoeneko. Deus ez egitekotan, bada, begien aurrean datzan gure hizkuntzaren azken hatsa baino ez dugu egiaztatuko. Ezbehar hau gertatu aitzin, bada, hauxe ESKATU nahi dut:
Eusko Legebiltzarraren ate nagusian elkarretaratzea egitea guzti-guztiok “EUSKARA NAHI BADUGU NORANAHIKO, DIRUA ETA LEGEA BEHARKO” lemapean.
Eguna: abenduak 22, eguerdiko ordu batean.
Eta eskatuko duguna, hauxe baino ez da: Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu linguistikoak emendatzea eta zabaltzea euskararen mundura. Eta bestetik, agindeia egitea Jaurlaritzari euskarak albo herrietako hizkuntzen lege maila bera izateko beharrezko izapideak egin ditzan berehalakoan.
Euskaljantziak
2014-11-21 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Egongo ote da munduan hizkuntzarik geurea beste aztertu eta ikertzen dutenik? Ezetzean nago.
Euskaltzaindiaren Jagon Jardunaldietan euskararen egoera Euskal Herriko hiriburuetan aztertu dute duela gutxi. Eta pazientzia eskatu digute. Aurreko batean, Hitz Ordenaren Erabilera Estrategikoen gaineko liburua aztertu zuten Donostiaratutako hizkuntzalari, soziolinguista eta beste hainbat adituk. Eta Seber Altuberen Erderismos liburuaren bertsio berritua iruditu zitzaigun. Xamarrek mintegia antolatu du euskararen bilakera historikoaren azpildurak begi bistan jartzeko, eta Bonaparte, Humbolt, Foruak, Abadia, Sabino Arana etabarrak izan ditu aipagai euskararen miseriak eta malurak deskribatzeko. Eta iraganean bizitzea atsegin dugula ondorioztatu dugu.
Orion, Gernika-Lumon, Gasteizen, Maulen zein Etxarri Aranazen, bilerak, topaketak, mintegiak antolatu eta euskararen inguruko gorabeherak, gainbeherak eta abaildurak dituzte aztergai, mintzagai, haserre eta kezkagai.
Atzera begira bizi gara euskaldunok, iragan eta orainaldiko prozesu linguistikoak zelan egin duen maldan behera eta galgarik gabe. Eta erostari dihardugu, aieneka.
Eta hain dugu jite troglodita jartzen euskara mintzagai dugun orotan, ezen hileta batean gaudela ematen duen. Edo agian horixe izango da arrazoia.
Baina gero, euskara, Europako eta mundu mailako hizkuntza zaharrena esan, eta ahoa bitsetan jartzen zaigu, jario eta jario, iktusa emateko hurren. Atera kontuak! Nafarroako Antso Jakintsuaren ama hizkuntza euskara ei zen. Eta esfinterretik behera zirina, gozamenaren gozamenaz.
Kopon!!! Nahikoa da! Asper-asper eginda gaude. Gogaituta, gure zilborrestearen jira-biran ibeltzeaz eta inork konponbiderik ez emateaz. Edo ez ematen ahalegintzeaz. Nor mintzaten da, euskara noranahiko bilaka dadin, erabili beharreko baliabide ekonomikoez? Gehitu beharreko aurrekontu kulturalez? Jarri beharreko azpiegitura materialez?
Berba zenbat gura, baina arazoa konponbidean jarri inortxok ere ez. Non ote daude herritarren langile diren politikarien eskabide eta aginpideak, euskarak albo herrietako hizkuntzen balio legal bera izan dezan? Erabil dezatele behingoz botereak ematen dizkien eskumena eta eskubidea euskarak izan beharko lukeen garrantzia eta zabalkundea izan dezan.
Eta eragile soziokultural-linguistikook jarraituko dugu gurean, baina boterea eta erabakiak hartzeko gaitasuna duenak egin dezala dagokiona berehalakoan.
Ahal dugunentz
2014-11-19 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Gaurkoan arrazoia eman behar diot Andoni Ortuzar jaunari: Podemos-ek lanean erakutsi beharko du aspalditik zabaltzen diharduen teorizazio politiko guztia zelan gauzatu. “Eskuak zikindu” -Ortuzar jaunaren arabera- beharko ditu lanean, eta egindakoaren ondorioak denborarekin jarriko zaizkigu ikusgai. Bidea ibilian egiten baita.
Jakin badakigu, gainera, sistema usteldu honek munduko arimarik aratzena ere zikintzeko gai dela. Eta kontuan hartuta jendartea berez eta senez keria guztien jabe dela, zer berezirik luke Podemos taldeko politikari-jardunlariak, munduko gainontzeko gizaki maltzurrek ez luketenik?
Hortaz, Podemos-ek politikagintzan duen esperientzia gabezia herritarrengan zalantza bat baino gehiago eragitea normala baino normalagoa da.
Baina, bestalde, askosaz ere ilusio gehiago eragin du sistema demokratiko-politiko-ekonomiko-sindikalak usteldu honen aurka dauden herritarren artean. Podemos herritar askoren nazka eta enpaguaren espresio politikoa baino ez da.
Baina gauza bat da oposizioan egon eta den guztiari kritika egin. Eta gero, norbera boterean dagoenean, praxis politikoan ari denean, sistemak berak irensten zaituenean, nahiz eta sistema hau aldatzearen alde egon, aurrekoek egin duten antzeko lardaxkerietan jardun. Gizakia ahula baita, okerra izateaz gain.
Baina ortuzar jaunaren hitzetan beldurra ere antzeman dut. Podemos-ek ezkertiartzat-edo du bere burua, eta Euskal Herrian zelako sustraitzea izango lukeen ez badakigu ere, dar-dar jartzeko modukoa litzaioke EAJ/PNV-ri ezker aldeko alderdien arteko batasun kointurala egitea eta alderdi jeltzalea Ajuria Eneatik urruntzea zati baterako.
Espainian, jakina, Podemos-ek izan dezakeen presentzia instituzionala mesedegarri baino ez litzaioke gure herriko abertzaletasunari. Ez ezkertiartzat duelako bere burua, baizik eta euskaldunon ahotsa eta eskubidea errespetatzearen alde agertu direlako talde politiko horretako zuzendaritzakoak.
Podemos, berez, haize freskoa da Espainiako lokatz zabalduan. Ez dakiguna da sistema bera egurasteko balioko duen, edo sistemak irentsi eta Podemos basatzan murgilaraziko duen.
Nahi duena esaten duenak behar ez duena entzun beharko du
2014-11-17 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Tximino bati metraileta utzi eta tiroka hasiko zaizu norabide jakinik gabe. Kontziente ere ez da esku artean duen tramankuluaren gakoari sakatuz gero, zelako triskantza eragin lezakeen. Kontrolatu ezin den erreakzio mekanikoa ei da. Hori dela eta, tximinoarengandik datorren pertsona bati botere kuota minimoa eman, eta direnak eta ez direnak esan eta egingo ditu, kargu horren aitzakipean bere baitako mamu eta izakera psikopatologikoei bide emateko. Inoren gainetik egoteak, pulpitotik berba egiteak, entzuleak menekoak eta esanekoak, eta areago, bere hitzen jarraitzaile otzan izango direla jakinda, halako bihotz goratasun-borbortiarra eman behar bide dio boteredun horri. Eta eiakulazio mentalaren endorfinak askatzeak ahalguztidun egingo du. Gozamen neurrigabekoa emango dio botere zirtzil horren erabilpen egunerokoan.
Horixe bera gertatu zitzaion bozken eskumenak liberatu sindikal bilakatu zuen gure herriko hireorail tintadun gaixo antzerkizaleari. Sindikatuaren aparatuak eskura jarri zion metraileta eta tiroka hasi zen. Legea eta arrazoia nahastu zituen, eta pertsonaia anker eta judizializatuan bilakatu zuen pertsona. Paranoia legal asmatuen izenean, boterea baliatu zuen eta boterearekin batera tranpa, gezurra eta lapurketa, eta gorrotoa zabaldu zuen olio baltsa ere ez zen langileen kontzientzia kolektiboan.
Boterearen erabilera txarra egin zuela pentsatuko bide duzue. Agian bai. Baina norbait, berez eta senez, akerraren adar okerrak baino okerragoa denean, Machiavelli lumatu gabeko txoria da liberatu sindikal ohi honen aldean.
Neurrian dago gakoa. Onegia ere ezin zara izan, bestela, kaikutzat hartuko zaituzte. Gaiztoa izateak, ordea, ez du neurririk. Baina kasu! Boteregabedun bilakatzen zarenean, aurre egin behar diozu zure portaera eta izaera demasakoek eragindako ondorioei. Eta orain, egin kontu, boomerang-ak behin eta berriz joko dizu buruan, haren etorrea saihestu ezean. Eta ezin izango duzu ezer saihestu, zure esanek eta eginek atxilotuta baitzaude.
Akabo zuretzat metrailetak, lurtiar xehe eta soil zara dagoeneko, eta hauts bilakatuko zara betiko.
Gizartearen zorionerako!