Hasiera »
Kepa Zelaiaren bloga - Begira egiezu
Kepa Zelaia
Kazetaritza ikasten bukatu berri dut eta azkenengo lanetatik interesgarrienak iruditu zaizkidanak ipini ditut hemen, momentuko okurrentziak ere badaude eta baita momentuan garrantzia dutela uste ditudanak. Atsegin badituzue, ez atsegin horrenbeste eta probetxuzkoak izan daitezen, zabaldu.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Kepa Zelaia(e)k Sabino Aranari buruzko erakusketa zabalik bidalketan
- Joseba(e)k Sabino Aranari buruzko erakusketa zabalik bidalketan
Bernardo O’Higginsen gutun ezkutatua maputxeen alde
2016-09-23 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Euskal Herriko prentsak jaso du aste honetan Txilen memoria historikoaren inguruan emandako pausu berria. Pinocheten kolpearen osteko egunetan aritutako Heriotzaren Karabanaren kasua berriz zabaldu dute froga berriak agertu direlako. Honela zioen Berriak: “Heriotzaren arrasto ezabaezina”.
Albiste honi tiraka ari nintzen beste artikulu batekin topo egin nuenean. Bernardo O’Higgins, Txileko independetzia iraultzan izandako pertsonarik garrantzitsu eta ezagunenetariko baten gutuna da. Bertan, estatuko buru zelarik, maputxeak independenteak direla onartzen du. Maputxeen egungo egoera horren gogorra izanda, Txileren historian horren esanguratsua izandako pertsonai batek zuen iritzi irekia irakurtzea interesgarria iruditu zait.
Jarraian gutuneko zati batzuk gaztelaniaz eta hemen Mapuexpress hedabideko artikulu osoa.
” El Supremo Director del Estado a nuestros hermanos los habitantes de la frontera del Sud.
…Las valientes tribus de Arauco, y demás indígenas de la parte meridional, prodigaron su sangre por más de tres centurias defendiendo su libertad contra el mismo enemigo que hoy es nuestro. ¿Quién no creería que estos pueblos fuesen nuestros aliados en la lid a que nos obligó el enemigo común? Sin embargo, siendo idénticos nuestros derechos, disgustados por ciertos accidentes inevitables en guerra de revolución, se dejaron seducir de los jefes españoles.
…Ahora que no hay un motivo de consideración hacia vosotros, ni menos a los españoles, creo me escucharéis persuadidos de que sólo me mueve el objeto santo de vuestro bien particular y del común del hemisferio chileno.
…No hay ni puede haber una razón que nos haga enemigos, cuando sobre estos principios incontestables de mutua conveniencia política, descendemos todos de unos mismos Padres, habitamos bajo de un clima; y las producciones de nuestro territorio, nuestros hábitos y nuestras necesidades respectivas no invitan a vivir en la más inalterable buena armonía y fraternidad.
…Yo os ofrezco como Supremo magistrado del pueblo chileno que de acuerdo con vosotros se formarán los pactos de nuestra alianza, de modo que sean indisolubles nuestra amistad y relaciones sociales.
…Nuestras Escuelas estarán abiertas para los jóvenes vuestros que voluntariamente quieran venir a educarse en ellas,
…Araucanos, cunchos, huilliches y todas las tribus indígenas australes: ya no os habla un Presidente que siendo sólo un siervo del rey de España afectaba sobre vosotros una superioridad ilimitada; os habla el jefe de un pueblo libre y soberano, que reconoce vuestra independencia, y está a punto a ratificar este reconocimiento por un acto público y solemne, firmando al mismo tiempo la gran Carta de nuestra alianza para presentarla al mundo como el muro inexpugnable de la libertad de nuestros Estados. …
Bernardo O’Higgins R.
SANTIAGO, Sábado 13 de Marzo de 1819. ″
Sabino Aranari buruzko erakusketa zabalik
2016-02-17 // Sailkatu gabea // 2 iruzkin
“Askatasun eguzkia. Sabino Arana 1865-1903” erakusketa zabalik dago Bizkaiko Foru Aldundiaren Ondare Aretoan (Maria Diaz de Haro kalea 11, Bilbo). Joseba Agirreazkuenaga historialariaren ardura pean antolatu da esposizioa eta apirilaren 20rarte ikusi ahalko da.
Honako atal nagusiak ditu erakusketak: memoriala, XIX. mendeko kultura politikoak, berpizkunde kultural euskaltzalea eta Sabino Aranaren ibilbide pertsonala eta politikoa. Mende horren bukaeran eta XX.aren hasieran Bilbok izandako aldaketa sakonak ere azaltzen dira.
Euskal abertzaletasunaren sustatzaile eta EAJren sortzailea hobeto ezagutzeko hainbat margolan, eskultura eta gauza pertsonal aurkituko ditu bisitariak. Lehengo aldiz jarri dira jendaurrean ikusgai. Paneletako testuek testuingurua ulertzen laguntzen dute eta areto txiki batean Aranari buruzko film eta dokumentalak ere ematen dira.
Hemen erakusketaren liburuxka eta ordutegia.
Alemania Europako txapeldun
2016-02-01 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Arg. pol2016.ehf-euro.com
Atzo jokatu zen Europako Txapelketako finala Krakovian eta Alemaniak Espainia menderatu zuen 17-24 irabazita. Tauron Arenan jolastu zen partidua 12.000 zaleren aurrean. Aurreko partiduan Kroaziak brontzezko domina eskuratu zuen.
Alemaniarrek hasieratik bukaerara kontrolatu zuten partidua eta Espainiak ez zuen lortu partiduan sartuta egotea. Raul Entrerriosek, txapelketako jokalari baliotsuenaren saria ematen diotena, harridura hitzak izan zituen gertatu zenarekin: “Ez dugu behin ere gure tokia aurkitu. Ulergaitza da gaur gertatutakoa”.
Alemaniak gogoz hasi zuen partidua 1-5eko markagailuarekin eta Dagur Sigurdsson islandiarrak gidatutako taldea aurretik mantendu zen norgehiagoka osoan zehar. Defentsa benetan gogorra eta Wolff atezainaren gelditu onei esker espainiarren erasoa kamustu zuten eta Sterbikek Hispanoak partiduan mantendu arren atsedenaldiko markagailuak garbi erakusten zuen aldea (6-10). Bigarren zatian gauzak ez ziren aldatu eta Weinhold eta Dissinger gabe ere txapelketa irabazi zuten alemaniarrek.
Euskaldunek ere ez zuten bere eguna izan finalean. Mindegia deialditik kanpo geratu zen, Gurbindok hegaletik botatako jaurtiketa bakarra huts egin zuen eta Aginagalderi ere asko kostatu zitzaion defentsa gogorrari aurre egitea.
Eguneko beste partiduan Kroaziak 24-31 irabazi zion Norvegiari Dunvnjaken lan onari esker eta txapelketa gorabeheratsua egin badute ere, amaiera ona eman diote domina lortuta.
Norvegia- Alemania eta Espainia- Kroazia finalaurrekoak
2016-01-28 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Arg. pol2016.ehf-euro.com
Atzo jokatu ziren Polonian mutilen eskubaloiko Europako Txapelketako partidu erabakigarriak eta honakoak izango dira ostiraleko finalerdiak: Norvegia- Alemania (18:30) eta Espainia- Kroazia (21:00).
Bigarren faseko azken jardunaldi bizia espero zen atzo eta ez zen ezustekorik faltatu. Lehen taldean, Frantziak txapelketako sorpresa izaten ari den Norvegiari irabazi behar zion aurrera egiteko, baina 24-29 galduta Karabatic, Omeyer eta konpainiak ez zituzten etxeko lanak ondo egin. Ondorengo partiduan, Polonia eta Kroaziak finalerdietako bigarren sailkatua aukeratuko zuten. Poloniarrek irabazita edo 4 gol baino gutxiagoko aldeaz galduta norvegiarren kontra jolastuko zuten; 4 eta 11 gol arteko diferentziaz galduta Frantzia izango zen finalaurrekoetan eta aldea handiago balitz Kroazia klasifikatu zen. Kroaziarrek 23-37 egurtu zituzten poloniarrak beraien etxean.
Bigarren taldean, Danimarkak astearteko partiduan huts egina zuen suediarren kontra berdindu ostean eta Alemania garaitzea behar zuen aurrera egiteko. Alemaniarrek ere finalerdietara igarotzea zuten jokoan baina zail zuten aurreko norgehiagokan bere bi jokalari onenetakoek, Weinholdek eta Dissingerrek, min hartu ostean. Hala ere, partidu oso lehiakorra egin eta danimarkarrei bi goleko aldeaz irabazi zieten. Hurrengo partiduan, Espainiak ez zuen hutsik egin eta kostata izan arren Errusia garaitu zuen 25-23.
Espainiar selekzioan dabiltzan hiru euskaldunek ere lagundu dute taldearen sailkapenean. Julen Aginagaldek partidu oso onak jokatu ditu eta taldeko erreferente eta liderra izaten jarraitzen du. Niko Mindegia izan da aukera gutxien izan dituena, baina atzoko norgehiagokan deialditik kanpo geratu arren beste partidu guztietan izan ditu minutuak. Eduardo Gurbindo ere txapelketa txukuna egiten ari da eta askotan bere berezko postuan jolastu ez arren defentsako lanean lagundu du. Gainera, egunotan jakin da jokalari nafarrak Bartzelona utzi eta Nantes talde frantziarrarekin fitxatu duela datozen hiru denboraldietarako.
Hemen fase honetako 5 gol onenak EHFren ustez.
Hasi da Europako Txapelketa
2016-01-18 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Ostiralean abiatu zen mutilen eskubaloiko Europako Txapelketa Polonian eta hilaren 31arte jokatuko dituzte selekzioek partiduak. Frantzia, Danimarka eta Kroazia titulurako lehian koska bat gorago ikusten dira, baina beste hainbat talde ere ez dira atzean geratzen. Atzo, esaterako, Norvegiak 34-31 irabazi zion Kroaziari. Emaitza guztiak eta zenbait bideo ikus daitezke EHFren web orrialde honetan.
Hiru euskaldunek ere jokatuko dute txapelketa espainiar selekzioarekin: Julen Aginagaldek, Eduardo Gurbindok eta Niko Mindengiak. Azken hau lehen aldiz ariko da txapelketa handi batean, aurretik zenbait aldiz lehen deialdian egon eta azken momentuan kanpoan geratu ostean. Berriak honako elkarrizketa egin zion aurreko astean.
Larunbatean jolastu zuten lehen partidua eta ondo irabazi zioten Alemaniari 32-29. Hiru euskaldunek minutuak eduki zituzten. Aginagalde erasoan partidu osoan aritu zen, beste batzuetako maila erakutsi ez zuen arren; Gurbindok partidu ona egin zuen eta bukaera aldera erabakigarria ere izan zen; eta Mindegiak jokatu zituen minututan ondo gidatu zuen taldea eta bizitasuna eman zion jokoari.
Bigarren partidua gaur izango dute Esloveniaren kontra 18:15etan (Teledeporte). Mindegiarekin batera Pick Szeged talde hungariarrean ari den Dean Bombac erdilari abilari eta defentsa gogorrari aurre egin beharko dio Espainiak, eta guzti hori Veselin Vujovic jokali ohi mitikoak gidatuta.
Arg. diariodenavarra.es
Atzerritarrak, etxe berri bateko maskarak
2016-01-12 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Aurreko ikasturtean Lisboan nengoela honako saiakera laburra idatzi nuen Claudia Madeiraren “Teorias do drama e do espectáculo” irakasgairako; “Atzerritarrak, etxe berri bateko maskarak” izenburuarekin. Euskarara itzulitako bertsioa eta gaztelerazkoa jartzen ditut hemen interesa eta denbora duen inork irakurri nahi balu.
Bost kapitulo motz hauetan dago banatuta lana:
Atzerritarrak, etxe berri bateko maskarak
Extranjeros, mascaras en un nuevo hogar
Arg. eventoplus.com
Norvegia txapeldun berriz
2015-12-21 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Norvegia da nesken eskubaloiko munduko txapeldun berria Holandari 31-23 irabazi ostean atzoko finalean. Herningeko Jyske Bank Boxen kantxan jolastu zen partidua 12.500 zaleren aurrean. Norvegiarrek Europako, Olinpiadetako eta Munduko azken txapelketak irabazita beraien indarra erakutsi zuten beste behin.
Partiduak emozio gutxi eduki zuen eta lehen zatiaren amaieran ia apurtuta zegoen norvegiarren aldeko diferentziarekin (20-9). Grimsbo atezainak baloi asko gelditu zituen, Herremek ederki jolastu zuen hegaletik eta, orokorrean, talde joko ona erakutsi zuten. Bigarren zatia ere gogor hasi zuten, baina holandarrek ez zuten behera egin eta beraien jokoarekin jarraitu zuten. Batez ere Polmanen golei eta Snelderren lanari esker markagailuan hurbiltzea lortu zuten (26-21), baina Norvegiak ondo eutsi zion aldeari.
Brontzezko domina Errumaniak eskuratu zuen Poloniari 22-31 irabazita. Bestalde, Espainiarentzat oso emaitza ona izan da Norvegiak txapelketa irabaztea, Rioko olinpiadetara sailkatzeko fasetik libratu eta zuzenean pasatu baita.
Mutilen eskubaloian Asobal Kopa jolastu dute asteburuan Leonen eta Barcelonak lortu du titulua Naturhouseri kostata 35-31 irabazi ostean. Talde errioxarrak partidu gogorra egin zuen eta lehen zatian irabazten joan arren, azkenean kataluniarren talde luzeagoa gailendu zen.
Arg. Skanpix denmark
Holanda- Polonia eta Norvegia- Errumania finalaurrekoak
2015-12-17 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Atzo jokatu ziren nesken eskubaloiko Munduko Txapelketako final laurdenak eta bihar,ostirala, izango dira finalaurrekoak. Holanda- Polonia (18:00) eta Norvegia- Errumania (20:45) lehiatuko dira igandeko finalera pasatzeko. Biharko bi partiduak Teledeporten zuzenean botako dituzte.
Honakoak izan ziren atzo jolastutako partiduen emaitzak: Holanda 28- 25 Frantzia; Polonia 21- 20 Errusia; Norvegia 26- 25 Montenegro eta Danimarka 30- 31 Errusia.
Espainiak ez zuen lortu final zortzirenetan aurrera egitea, Frantziaren kontra gol bakarreko diferentziaz galdu baitzuen denbora bukatuta penalti bat jaso ostean. Jorge Dueñas entrenatzaile bilbotarra epaileen lanarekin kexu azaldu zen beste behin: “Epaile bikotearen aldaketa bat egon da eta hori arraroa da”.
Nerea Pena jokalari iruindarrak ere haserre bukatu zuen norgehiagoka eta Twiterren honakoa idatzi zuen: “Qué puta VERGÜENZA!!!! Que estos árbitros puedan robarnos un paso a cuartos es INCREIBLE!!!! Eso sí que es DAÑAR AL BALONMANO #fairplay”. Eli Pinedo eta Macarena Aguilar jokalariek jarraipena eman zioten iruindarrak esandakoari sare sozialetan eta Paco Blazquez espainiar federazioko presidenteak ere kantxan justiziarik ez zela egon adierazi zuen. Esan beharra dago, Penak partidu oso ona egin zuela frantziarren aurka, azken minutuetan zerbait behera egin bazuen ere.
Bestalde, mutilen eskubaloian Asobal Kopa jolastuko dute asteburu honetan Leonen. Larunbatean Ademar- Naturhouse (17:45) eta Barça- Cangas (20:00) partiduak egongo dira eta igandean txapelketa irabazten duenak EHF Cup-en lehiatzeko txartela eskuratuko du.
Munduko Txapelketan aurrera Espainia eta euskaldunak
2015-12-11 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Aurreko larunbatean hasi zen nesken eskubaloiko Munduko Txapelketa Danimarkan. Atzo jokatu zituzten laugarren jardunaldiko azken partiduak eta gaur izango diren partiduek emango diote amaiera lehen faseari. Espainiak 39-13 irabazi zion Puerto Ricori atzo eta jada final zortzirenetarako klasifikatuta dago. Pasa diren txapelketetan nabarmendutako Brasil eta Norvegiak ere aurrera egingo dute, eta besteak beste, Montenegro, Holanda eta Errusia gogor hasi dira beraien taldeko buru direlarik.
6 euskaldun dabiltza jokatzen Espainiako selekzioan Jorge Dueñas entrenatzaile bilbotarraren gidaritza pean. Azken honek, txapelketa hasi aurretik Gobernuko Presidenteorde Soraya Sanchez de Santamariak eginiko harreran “Selekzio honek Bilboko arduradun bat” duela eta “guztiaren bila joango” direla jakina dela esan zuen. Ainhoa Hernandez 20 urteko barakaldarra taldean debutatzen ari da eta erasoan oso lan ona egiten ari da. Horrez gain, aipatzekoa da orain arteko partiduetan Nerea Pena iruindarrak emandako jokoa.
Lehen partidua erraz irabazi zuten “Gerrariek” Kazakhstanen kontra 31-10, markagailuak erakusten duen bezala defentsa lan onari esker. Bigarrena justuan galdu zuten Errusiaren aurka 28-26. Entrenatzaile bilbotarra “epaileek errusiarren defentsa gogortasuna nahikoa moztu ez” zutela kexatu zen eta Marta Mangue kanariarraren eta Ainhoa Hernandezen “arazo fisikoek” ere lagundu ez zutela esan zuen. Hurrengo partiduan garaipen garrantzitsua lortu zuten Errumaniaren kontra 26-18, oso partidu betea eginda, eta atzo berriz irabazi zieten puertoricarrei.
Gaur lehen faseko azken partiduak jokatuko dira eta Espainiak Norvegia Europako txapeldunari aurre egin beharko dio. 20:30tan izango da eta Teledeporten emango dute zuzenean. Beste taldeei dagokienez, partidu interesgarriak egongo dira: Dinamarka- Montenegro, Holanda-Polonia eta Brasil-Frantzia. Horiek ez dituzte Teledeporten emango, baina IHF-ren web orrialdean zenbait partiduren laburpenak ikustea posible da.
Arg. Alberto Morante (EFE)
“Hitzak antzuak iruditzen zaizkit batzuetan eta musikak sentimenduak transmititzen laguntzen dit”
2015-10-11 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Lisboa
Eva Moriconi orain dela 22 urte jaio zen Italia erdialdeko herri txiki baten, Erromatik gertu. Bi urte zituenean Milan grisera mugitu zen bere gurasoak banandu zirelako. Bere ama arkitektoa da, baina lan gabezia dela eta, amonaren jabetzako etxeen logelak alokatzen dihardu egun. Azken hori, merkatutara joaten eta pintatzen bizi da Parisen. Bere aita musikaria da eta beti dabil kontrabaxua hartuta bidaian. 18 urte arte egon zen Milanen, bere amarekin, honen bikote berriarekin eta hiru arrebekin, bat bere aita berdinarena. Ez zegoen hirian oso gustura, bere lagunen oso ezberdina baitzen, eta besteak soinekoak jantzita dantza egitera joaten ziren bitartean, fantasiazko liburuak irakurtzen gelditzen zen bera. Hori Lizeo Artistikoko jendea ezagutu zuen arte izan zen. Musika jotzen hasi zen, arte ezberdinak ezagutzen eta bazela beste mundu bat ohartu zen. Lizeoa amaitutakoan Vietnam, Laos eta Tailandian bidaiatu zuen.
Lisboako Nova Unibertsitate publikoan ari zara ikasten, baina ez zara Erasmus ikasle bat, nola da hori?
Bolognan nago matrikulatuta eta han egiten ditut azterketak. Ez nago hemen truke programa batekin, nahi dudalako baizik. Irakasleekin hitz egiten dut euren klaseetara joan ahal izateko eta zuzentzen dizkidaten lanak ere egiten ditut. Ikasteko modu bat da, antropologia portugaldarra ezagutu nahi badut ezin dut egin Italian. Unibertsitate publikoak aukera hori ematen dit.
Nola bururatu zitzaizun ideia hori?
Asiatik bueltan Antropologia ikasten hasi nintzen, baina konturatu nintzen ez nuela nahi ez behar leku finko baten egotea. Bidaiatu eta mundua ezagutu gura nuen. Lagun batekin mendira bizitzera joan nintzen eta naturarekin kontaktuan esperientzia ugari ezagutu nituen. Ondoren, Italia hegoaldean eta Frantzian ibili nintzen furgoneta baten, akordeoia jotzen duen lagun batekin eta akrobazia egiten duten beste batzuekin. Musika jotzen genuen jatetxeen parean, espektakuluak egiten genituen edo kantu tradizionalak ikasten genituen. Lehen urteko azterketak amaitu nituen bidaiatik bueltan, baina ez nuen Bolognan jarraitu nahi. Nire amona Australiara zihoan hilabetez eta itzultzaile bat behar zuen. Orduan, berarekin joanez gero joaneko hegazkin-txartela berak ordainduko zidala esan zidan. Nire amona bueltatu egin zen, eta ni 8 hilabetez geratu nintzen. Hango estantziak zertan zentratu nahi nuen jakiteko balio izan zidan, hain zuzen ere, musikan, yogan eta naturan. Itzultzean etsaminak egin nituen eta lagun on batek Lisboara zetorrela esan zidanez, animatu egin nintzen.
Familiak zure falta sumatu beharko du.
Ama ohituta dago honezkero, gainera bera ere hasi da orain bidaiatzen eta abenduan Lisboara etortzekoa da. Aitarekin ez dut erlazio askorik, berarekin hitz egin gabe daramatzat sei hilabete eta ez dakit hemen nagoen dakien ala ez. Nire arreba Parisen dago amonarekin eta beti oso kontrakoak izan garen arren, azkenaldian hobetu dugu erlazioa. Etxera telefonoz gehiago deitzen hasi naiz, lehen ia inoiz ez bainuen hots egiten. Nire ama ere aldatzen ari dela uste dut, ortu txiki bat jarri du terrazan eta ia dena biologikoa erosten du.
Beti zabiltza gitarra bizkarrean hartuta, musikarekin jarraitzen duzu.
Bai, hemen gitarra, harmonika eta saxofoia ditut. Amak ukelelea ere ekarriko dit datorrenean. Askatzen nauelako gustatzen zait musika. Bakarrik nagoenean energia botatzeko balio dit eta jendearekin komunikatzeko ere gustatzen zait. Batzuetan ez dut gogoko hitz egitea, uste dut badaudela hitzak antzuak diren momentuak, ez dute erakusten pentsatzen ari naizena ezta momentuan sentitzen dudana. Musikarekin ezin daiteke berbarik egin, baina sentimenduak transmititu daitezke eta batzuetan nahiago dut komunikazio hori.
Noiz hasi zinen musikarekin?
Nik ez nuen musikarik jo nahi nire aita musikaria zelako. Lizeoko azken urtean artea ikasten zuen jendearekin geratzen hasi nintzen eta ekintza ugari antolatzen genituen Milaneko plazan. Telak eramaten genituen, esaterako, gauza biziak erakutsi eta kolore pixka bat emateko hiri gris hari. Nire aitonak jotzen ez zuen gitarra akustiko bat zeukan, behin hartu egin nuen eta hortik joan nintzen jotzen saiatzera zerbait egitearren.
Nola ikusten duzu Lisboako musika mugida?
Asko dago, baina oraindik badut zer ezagutu. Bossa nova, fadoa eta musika afrikarra da hemen benetan gustatzen zaidana, asko dago eta ikastea nahi dut. Jam session ugari ere egiten dituzte eta gogoko dut ezagutzen ez dudan jendearekin musika jotzea. Gainera oso kontent nago, aurreko astean lortu bainuen nire lehen kantua bakarrik eta osorik osatzea.
Zer ematen dizu yogak egunero saioak egin ditzazun?
Saio baten ostean izaten dudan ongizate sentsazioa. Iratzartzeko dudan modurik onena da. Egunero nire gorputzarengan konfiantza gehiago dudala sentitzen dut eta hobeto ezagutzen dut, eskutako hatzetatik behatzetaraino. Baita espiritua ere, bien arteko nahasketa baita. Askoz hobeto kontrola naiteke arnasketa on bati esker. Goizean edo gauean egiten duen efektua ezberdina da. Goizetan, ametsen mundu batean zaude eta yogatik pasatuz errealera bueltatzea gradualagoa da, zure buruaren kontzientzia gehiagorekin egiten duzu. Gauetan, zure gorputza deskantsatzeko egiten duzu. Egunero ordu t’erdi eta bi orduren artean praktikatzen dut, izan ere, beste bi edo hiru orduz acroyoga egiten dut.
Acroyoga?
Yogan garrantzitsua da meditatzea eta acroyoga dibertigarriagoa da. Beti egin behar da beste pertsona batekin, eta horrek lagunaren gorputza ezagutzen laguntzen gaitu.
Oinutsik ibiltzeak yogarekin erlazioa du ala ez?
Mendian bizi nintzenean udaberria zen eta oinutsik ibiltzen hasi nintzen. Hirira itzulitakoan ez nituen oinetakoak jantzi nahi. Orain hotz egiten du eta jantzi egin behar ditut. Aurrekoan oinetako itxi batzuk jantzi nituen eta min egin zidaten, ezin izan nituen yogako zenbait postura egin, oinetakoek gaizki egiten dute. Asko gustatzen zait jendeak izaten duen erreakzioa, izan ere, nirea probokazio bezalako bat da beste bizitzeko modu bat badagoela esateko.
Begana ere bazara.
Asian nengoenean, egun batean esnatu eta animali gehiago ezin nituela hil konturatu nintzen. Oso naturala izan zen, oraindik egiten ari naizen bidai espiritual baten parte da eta egun hartatik ez dut gehiago okelarik jan. Krudista izaten ere ahalegindu nintzen, baina zopak izugarri gustatzen zaizkit eta ez nengoen guztiz gustura.
Orduan zein da gaurko menua eta plana?
Nire pisu-kideak sukaldean egin behar du. Egunero zopak prestatzen ari gara eta ahal badut estazioko barazkiak jaten ditut. Plana klasera joatea da, yoga egitea, swing dantzatu eta agian musika pixka bat joko dut lagun batzuekin.
Idatz-ondokoa: Elkarrizketa hau aurreko ikasturtean eginda dago, baina oraindik testigantza emateko baliagarria delakoan nago. Evarekin azkenekoz egon nintzenean Alemanian zehar bidaian zebilen bere airera.