Kepa Zelaia
Kazetaritza ikasten bukatu berri dut eta azkenengo lanetatik interesgarrienak iruditu zaizkidanak ipini ditut hemen, momentuko okurrentziak ere badaude eta baita momentuan garrantzia dutela uste ditudanak. Atsegin badituzue, ez atsegin horrenbeste eta probetxuzkoak izan daitezen, zabaldu.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Kepa Zelaia(e)k Sabino Aranari buruzko erakusketa zabalik bidalketan
- Joseba(e)k Sabino Aranari buruzko erakusketa zabalik bidalketan
Ura duen iturririk ez da geratzen Alfaman, eta egonez gero, turistendako berritu behar da
Atalak: Sailkatu gabea
Lisboako auzo historikoan nabarmen ugaritu dira egun gutxi batzuetarako doazen turistei alokatzen dizkieten apartamentuak.
Kanpotarrek bertako bizitza “tipikoa” gozatzen dute, errentarientzat negozio ona da, ez dago traba judizialik, baina Alfama eta bere jendea, berezi egiten dituen identitatea galtzen ari dira, bisitariek bilatzen duten huraxe hain zuzen.
Kepa Zelaia- Lisboa
Sé katedralak Lisboan ongietorria ematen digu Alfama auzo historikoan sartu gaitezen, eta gainera, behin barruan ikusiko dugunaren seinale bat edo beste ematen dizkigu. Hiriko elizarik zaharrena kapitaleko zati zaharrenaren sarrera da, non etxe zaharrek kale estuak sortzen dituzten eta horiek patio eder, esekitoki edo iturri elbarrituengana garamatzaten. Elizako eskaileren pean turisten begiradak bilatzen dituzte tuk-tuk gidariek, gustura eserita auzo pintoresko eta tipikoenean paseo bat emateko. Goiko sarreran, emakume bat txanponen baten zain dago eskuan baso bat hartuta, eta ia egunero koltxoiarekin izkina baten lo egiten du, basoak sarreran itxoiten jarraitzen duen bitartean.
Espainiako Tripadvisor bidaien webguneko erabiltzaileek uste dute Alfama “auzo oso polita dela, kale estu ederrekin eta bista izugarriekin; auzora jaistea ibilaldi benetan atsegina da, leku perfektua bere kaleetan galdu eta Lisboako etxe koloretsuak preziatzeko eta baita auzokoen egunerokoa…; enkantu asko duen auzoa da, denbora gelditu egiten da bertan”.
Katedrala ezkerrean utzita harrizko kaltzada batetik jaisten gara laranjondo eder batzuen konpainian, eta baita laranja zapalduren batenean ere. Lehenengo terrazek kafe edo zerbeza bat hartzera gonbidatzen gaituzte, bakoitzaren gogoaren arabera, eta sanwichak, pizzak edo pasta eskaintzen dizkigute; menu ez oso portugaldarra. Alabaina, zertxobait aurrera jarraitu ezkero, auzoko kaleek botatako malkoen esentzia dastatzeko lehen lokala aurkitzen dugu; fadoa. Club de Fado inguruko jatetxe ezagunenetarikoa da, eta horregatik, baita elitistenetakoa ere. Hemengo turismoa tuk- tuka baina goraxeago dago, eta lisboar arruntak kanpotik ikusten den sukalde zatia begiratzearekin konformatu beharko du, jana pribilegiatu gutxi batzuengana mugatuz. Souvenir dendek turismo konbentzionalera dakarkigute bueltan baldosa bat edo Pessoaren erretratu bat erosteko.
Rua São Miguel
Harresi zahar batek auzoko zati interesgarrienetariko batera garamatza, São Miguel kalera. Bertan paseatuz entzuten dira fado melodiak gauetan, musikarien konpainian okela eta arraina zerbitzatzen dituzten jatetxetatik. Hemen ikus eta bizi daiteke kontraste soziala modu gordinenean. Lehen aipatutako Tripadvisor webgunean, beste erabiltzaile batek honela deskribatzen du auzo historikoan bizitako bere estantzia: “Auzo erdi-erdian apartamentu txikitxo bat alokatzeko zortea eduki genean, fado jatetxe ugari dauden kale estu batean. Erabat erromantikoa zen gauez kaleetan ibili eta fadoak entzutea … Lisboa tipikoa, aizu.”
Baina gauaren aurretik dago goiza, eta terrazak erretiratu eta eguzkia irten ostean, beste bat da kaleak duen aurpegia. Emakumeak gonak jantzita irteten dira harategi edo arrandegira, jendea solasean aritzen da edo fruteria kanpoko mahaietan karta-jokoan. Beste batzuk goizeko zerbeza edaten dute eskailera-maila baten eserita, eta São Miguel eliza pean, haxix usaina eta tonuz igotako berbaldiak eguneroko egoerak dira. Hor senti dezakegun Alfama ez da ez menina ez moza. Drogek eta pobreziak hartutako errealitate sozial gogor bati aurre egin behar diote bertakoek. Diktadura garaiko Estado Novoaren azken urteetan bere gisara utzia izan zen, eta azken hamarkadatan egoera hobetu den arren, azken krisi ekonomikoak berriro kolpatu du auzoa. Droga trafikoak berriro gora egin du, eta murrizketa publikoak direla eta gertuko Polizia eskuadra bat ixteak ez du laguntzen arazoa konpontze aldera. Turistak hemendik paseatzen dira ibilbidea bukatzeko, eta argazki kamara deseroso samarra izaten da beraien egunerokoan city tourreko modelo izateko prest ez daudenentzat.
Orain ez dira soilik paseoan aritzen, bisitarietako askok bertan egiten dute bizitza egun gutxi batzuez. Turisten oporretarako gertatutako apartamentuak nabarmen ugaritu dira azken urteetan. Eraikin askotan zaharberritze lanetan ari dira turistak jaso eta ostatu eman ahal izateko. Etxebizitzak alokatzea ohiko negozioa bihurtu da auzoan, eta bertan ibiliz, ez da erraza langile gabeko edo mailu zarata entzuten ez den kalerik aurkitzea. Alfama obratan dago barnealdea, fatxada, atea aldatu eta kanpotarra ondo jasotzeko.
Horren errua Lisboako Ganbera Munizipalaren turismo politikak du hein handi batean. Orain ez urte asko auzoaren errehabilitazioa hasi zenean, jendea bertatik bota eta Olivais bezalako leku periferikoetara bidaltzea zen joera. Auzotar ugari orain dela 20 bat urte joan ziren, eta ez datoz bueltan nahigo dituztelako hango etxe berriak Alfamako zaharren aldean. Beste askok geratzea nahi dute, baina auzoan dituzten zaharberritze arau espezifikoek garestitu egiten dituzte obrak, eta jabe edadetu askok ez dute ordaintzeko gaitasunik. Hala ere, udaletxeak ez du inongo laguntza politikarik pertsona horientzat. Bitartean, estatuko ondarea errehabilitazioaren parte bezala saltzen du, baina etxe horiek bizitzeko ala turismorako erabiliko diren jakiteko esfortzurik ez du egiten. Higiezinen espekulazioa bazkatzen du, eta gainera, gelen batezbesteko prezioa igotzen da, gazteak bertara bizitzera joateko baldintzak are gehiago okertuz.
Gelak alokatzeko ekintza 2014ko azaroaren 27tik indarrean dagoen 128/2014 dekretu-legeak erregulatzen du. Dekretuak hasieratik garbi esaten du “diploma honek jardueran hasteko sinplifikazio eta erraztasun handiagoko logika bati jarraitzen” diola. Ez dago lizentzia edo baimen berezirik eskatu beharrik, eremuko Ganbera Munizipalean ohartarazi behar da soilik. Etxebizitzaren jabeak ez du jarduera abiatzeko tasarik ordaindu behar, eta ez du plaka identifikatzailerik jarri behar eraikinaren kanpoan. Azken dekretu honek ez ditu ateak ixten ezta aktibitatea mugatzen, aitzitik gauzak erraztu eta ateak zabaltzen ditu praktikan jarraitzeko.
Fenomeno honek bizikidetza nabari aldatu du. Auzotarren bizitza mantentzen da oraindik hainbat lekutan, baina asko beste hizkuntza bat darabilten kanpotarrekin bizi dira, beraiek baino eskala sozial altuagoan dagoen jendearekin, eta gainera bizilagun berriak gutxitan egoten dira aste bat baino gehiago. Badaude bizilagunak hizketan aritzen diren txokoak, eta andreak lehiotatik hizketan aritzen direneko argazki preziatua egin daiteke artean, baina liburuxka turistikoetan horrenbeste errepikatzen den Alfamaren ate irekiko bizitza galtzen ari da, alboan bizi dena ezagutu ere ez egitearen ondorioz.
Turisten etorrera ongi datorkie merkatu txikiei, beraietako asko etorkin pakistandarrak direlarik, izan ere, etxe alokatuetan gertatzeko jakiak erosten dituzte hainbat bisitarik. Komertzio horietako salneurriak altuagoak dira horregatik, eta asko turismoari esker bizi dira. Auzotik gertu supermerkatu bat dago, eta badago jendea dirua duenean bertara doana erostera, eta falta zaionean berriz, denda txikietara joaten dena fidatuta eros dezakeelako. Komertzio tradizionala desagertzen ari da. 6 jostundegi zabalik zeuden kalean, orain bakarra geratzen da, baina berdina gertatzen da arrandegiekin, harategiekin edo ile-apaindegiekin. Lokal horietan ibiltzen direnak batez ere auzotarrak izaten dira, egun baten 6.000 inguru izan zirenak eta egun 3.000 ere ez direnak. Eguneroko jardunaren gabeziak komertzio hauen gainbehera ekarri dezake.
Ur gabeko iturriak eta iraganaren ahanztura
Ondarea eta bere eraikinak ere izugarri zabartu dira azken urteetan. Auzunetik paseatuz gero guztiz utzitako ateak aurkituko ditugu, denborak maiztu dituenak, eta horiei itsatsita berritu berriak daude, kolore berde eta zuria orain iritsitakoen bandera gisa erakusten dutenak. Etxebizitza ugarik aspalditik hutsak dirudite, eta beste asko graffitiekin pintatuta daude, gehienak marka pertsonalez eta kapa bat baino gehiagorekin. Lehen orrian ageri den irudian, emakume bat ikus daiteke pintura galtzen ari den etxe baten paretik pasatzen Remedios kale ezagunean. Behean beste argazki baten, bertan behera utzitako iturri bat dago, egunen baten ur trago bat hartzeko edo beste edozertarako enkontru leku izango zena. Gaur, iturri denek edo ia denek ez dute funtzionatzen, ezta bi chafariz edo iturri monumentalek, euren funtzioa argazkien posera mugatu baita. Paradoxa kuriosoa, izan ere, Alfamaren etimologia “al-hamma” arabiar hitzetik baitator, eta honek, bainuak edo iturriak esan nahi baitu.
Hemen ugari palazioak daude. Adibidez Azevedo Coutinho Jauregia, Santo Estêvão elizaren ondoan dagoena. Etxea izen bereko familiarena da, eta aita gerra almirantea izan zen Salazarren diktadura garaian. Auzoko jaun eta jabeak izan ziren, mezetara joaten zirenean ere lekua erreserbatuta edukitzen zuten. Jauregia oraindik beraiena da, eta bertan bizi da ama. Hala ere, eurei ere iritsi zaie krisi ekonomikoa eta orain, eraikinaren zati bateko logelak dituzte alokairuan turistentzat.
Erreportaje honek ez du egoera ezezagun bat deskubritzen. Auzoko jendea aspaldi ohartu zen Alfamak duen balioaz eta berau uztearen arriskuaz. Pertsona horietako batzuk osatzen dute Alfamako Ondare eta Populazioaren Elkartea. 1987 sortu zen eta Santa Luzia begiratokian duten lokalean kokatuta, auzunearen identitatea mantentzeko lanean dabiltza ordutik. Bere azken ekintzetako baten, inguruko puntu esanguratsuenak bisitatu zituzten Clementino Amaro irakasleak gidatuta.
Honek guztiak auzo baten transformazioa ekarri du, baina ziurrenik ez bertakoei komeni zaien norabidean, sarritan ez baita oroitzen ezta errespetatzen beraien identitatea. Alfamak beti eduki du pobreziaren mugan dabilen jendearen arazoa. Egungo populazioa zaharra da, eta ingurua nola aldatzen den ikusten du, egoera saihesteko edo sikiera bertan parte hartzeko ahalmen gehiegi gabe. Belaunaldi berriak ez badira auzuneko bizitzarekin identifikatuak sentitzen, edo ikusle hutsak izatera mugatzen badira, aurrezkoaz beharbada gogoratuko ez den identitate berri bat nola ezartzen dioten igarriko du Alfamak. Leku bateko bizitza bertan bizi diren pertsonek egiten dute, berea ere badelako zaintzen dute, eta Alfaman ez bada hori gertatzen, aurki bere esentzia galdu eta berniz merkea eman beharko diote.