Kepa Zelaia
Kazetaritza ikasten bukatu berri dut eta azkenengo lanetatik interesgarrienak iruditu zaizkidanak ipini ditut hemen, momentuko okurrentziak ere badaude eta baita momentuan garrantzia dutela uste ditudanak. Atsegin badituzue, ez atsegin horrenbeste eta probetxuzkoak izan daitezen, zabaldu.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Kepa Zelaia(e)k Sabino Aranari buruzko erakusketa zabalik bidalketan
- Joseba(e)k Sabino Aranari buruzko erakusketa zabalik bidalketan
Justizia printza gutxi batzuk Victor Jararen hilketan
Atalak: Sailkatu gabea
1973ko irailaren 11ko goizean Santiagon, Salvador Allende Txileko presidentea Estatuko Unibertsitate Teknikoan hitzaldi bat ematekoa zen. Allendek plebiszitu batera deitzeko asmoa zuen, boterean jarraitzen zuen ala ez erabaki zezaten herritarrek. Ekitaldia eguerdiko 12tarako jarrita zegoen.
Victor Jara 11:00etan iritsi zen bere gitarrarekin eta antolatzaileek gertatzen ari zena ba al zekien galdetu zioten: “Noski dakidala, baina Magallanes irratian norbere lantokira joateko entzun dut. Nik lana hemen dut, eta hemen nago”. 40 urte zituen eta, aldi berean, unibertsitate horretako teatro zuzendaria zen.
14:00tan etxeratze-agindua eman zuten, baina 600 irakasle, ikasle eta funtzionariok, tartean Jara, bertan geratzea erabaki zuten. Egunsentian, militarrak tiroka sartu ziren unibertsitatera eta metrailetaz seinalatuta atera zituzten kanpusetik atxilotuak. Autobus publikoetan sartu zituzten kolpeka eta Estadio Chilera eraman. Han pasa zituen bere azken orduak kantariak, izan ere, egun batzuk geroago militante komunista batek Hilerri Metropolitarraren izkina baten aurkitu bere gorpua 44 bala zulorekin.
Nork eta nola hil zuen Jara ez da inoiz guztiz argitu. 2012ko abenduaren 28an, Santiagoko Gorte Apelazioak Hugo Sanchez Marmonti eta Pedro Barrientos Nuñez militar ohiak prozesatu zituen hilketaren egileak izatea egotzita. Sarean ikusgai dago ¿Quién mató a Victor Jara? Chilevisionek egindako erreportajea. Bertan, hilketaren testigu izan zen Jose Paredes soldadu ohiak dio Barrientos izan zela aktoreari atzetik oso distantzia laburrera pistolaz buruan tirokatu ziona. Lurrean zela metrailatu zuten gainerako zuloak eginez.
Duela ia bi urte Center for Justice and Accountability(CJA) organizazio internazionalak demanda jarri zuen Jararen alarguna, Joan, eta Amanda bere alabaren izenean. Barrientosi tortura, hilketa estrajudiziala eta gizateriaren kontrako krimenak egotzi zizkioten.
1973an Barrientos “Tejas Verdes” erregimentuaren zerbitzura zegoen. Manuel Contreras koronela zen unitatearen buru eta honek Santiagora bidaiatu zuen militarren altxamenduan laguntzeko. Hala ere, koronel erretiratuak ukatu egin izan du “Bronce” izeneko bere destakamendua Estadio Chilen egon izana. Jararen ustezko hiltzailea Estatu Batuetara joan zen bizitzera 1989an. Egun 66 urte ditu eta Deltonan, Florida iparraldean, bizi da herritartasun estatubatuarrarekin.
Txilen, Gorte Apelazioak amaitutzat eman zuen hilketaren inbestigazio sumarioa martxoan. 12 ofizial autoretza, konplize edo bahiketa-estaltzaile izatea, tortura eta homizidio kalifikatua egotzita inputatu zituzten. Herrialdean bizi ez den bakarra eta beraz, epaitua izan ezin dena Pedro Barrientos Nuñez da.
Estatu Batuetan berriz, Floridako epaile batek prozesua baimendu berri du eta ustezko hiltzailea epaituko dute. Hala ere, tribunalak ez du onartu Barrientos gizateriaren kontrako krimenen pean juzkatzea. Gainera, Txilen ez bezala, Estatu Batuetan demanda zibila da eta horregatik diru kondena oso altua jaso dezake militar ohiak, baina ez kartzela-zigorra.
Demanda jarri zuen organizazioak txalotu egin du erabakia, baina azken akusazioa ez onartzea “etsigarria” dela ere esan du: “Victor Jararena eta Pinocheten diktaduran burututako beste milaka hilketak direna bezala deitu behar dira, gizateriaren aurkako krimenak dira” aldarrikatu zuen Almudena Bernabeu CJA organizazioko abokatuak. Demandaren azken helburua Barrientos Txilera bueltan eramatea da Jararen familiaren esanetan, bertan justiziari aurre egin diezaion. Militar ohiak zigor-eskaera gaitzestea eskatu zuen matxoan, jurisdikzio gabekoa zela argudiatuta.
Bera ez da Estadio Chilen aritu ziren militarren artean libre dabilen bakarra. Victor Jara estadiora eraman zutenean, “El Principe” ezizenez ezaguna bihurtu zen ofizial batek ezagutu zuela diote bertan egondakoek. Betaurreko ilunekin eta gerrara zihoanan tankeran aritzen zen hura, aurpegia pintatuta, metraileta gurutzatuta, granadak bularrean zintzilik, eta pistola eta aiztoa gerrian zituela. Egun departamentu bateko buru den funtzionarioak, behin eta berriz egurtu zuen Jara. Honi gutxitan kentzen zitzaion irribarrea ahotik, eta horrek gehiago amorrarazita, ostikadaka edo metrailetaren kulatarekin jotzen zuten. Edwin Dimter printzeak 23 urte zituen estatu kolpearen urtean eta berak onartu ez arren, uste zabaldua da bera izan zela kontzentrazio-esparru bihurtutako kirol estadioan ibilitako ofizial ezaguna. Kantautorearen hilketan testigu izan zen, eta nahi adina handikeria egin zituen atxilotuekin. Oihuka bere menera jarri zituen, irainka zuzendu zitzaien, eta makila eskutan paseoan zebilela oztopatu zion preso bat ere bidali zuen hiltzera.
Sergio Gutierrez kazetaria ere estadioan egon zen atxikita, eta Jara oso minduta ikusi zuela dio: “hematoma ugari zituen masailetan, zurbil ikusten zitzaion, begirada galduarekin”. Ezagutzea ere kosta egin zitzaion, agurtu egin zuen eta nola zegoen galdetzean kantariak “begira nire eskuak… begira nire eskuak” erantzun zion, “birrindu egin dizkidate berriz gitarra jo ez dezadan”. Geratzen zitzaizkion azkazal gutxiak guztiz beltzak zeudela gogoratzen du Gutierrezek.
Boris Navia abokatua ere Estadio Chilen egon zen egun horietan, eta hilketa egunean soldaduak Victor Jara goiko pisuan jipoitzen ikusi zituen. Jarak zutitzea ere lortu zuen pare bat aldiz, baina azkenean lurrean gelditu zen eta eraman egin zuten. Bizkarretik buruan tiro bat jota hil zen militarrez beteriko gela batean.
Botere Judizialeko Magistratuen Asoziazioak barkamena eskatu zuen duela ia bi urte Pinocheten diktadura garaian egindako “ekintza eta omisioengatik”: “Orduko Justiziak, batez ere Auzitegi Gorenak, oinarrizko eskubideen defentsaren eta estatuaren abusua jasan zituzten biktimak babestearen bere jardunean amore eman zuen”. Egia eta Adiskidetze Batzordeak eginiko txostenaren arabera, 1973 eta 1990 urteen artean 3.000 hildako egon ziren (mila inguru desagertuta daude oraindik) eta 38.000 pertsona torturatu zituzten. Memoria historikoak eztabaida gai izaten jarraitzen du Txileko gizartean; azken hauteskundeetan Michelle Bachelet eta Evelyn Matthei hautagaiak are gehiago banatu zituen, baina ezkerraren garaipenak kale izenen bat aldatzeaz gain ez du askorik eragin.
Jararen kantuek eta kontuek libre jarraitzen dute Txilen eta munduan. Hala ere, den-dena ere ez da libre, eta Victor Jara Fundazioak martxan jarritako Galpón Victor Jara zentro kulturala baimen faltagatik itxi egin zuten 2013ko ekainean, hamar urte baino gehiagoz Santiagoko Plaza Brasileko erreferente izan ostean. Ordutik, berriz noiz zabalduko duten zain daude eta gaude.