Kepa Zelaia
Kazetaritza ikasten bukatu berri dut eta azkenengo lanetatik interesgarrienak iruditu zaizkidanak ipini ditut hemen, momentuko okurrentziak ere badaude eta baita momentuan garrantzia dutela uste ditudanak. Atsegin badituzue, ez atsegin horrenbeste eta probetxuzkoak izan daitezen, zabaldu.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Kepa Zelaia(e)k Sabino Aranari buruzko erakusketa zabalik bidalketan
- Joseba(e)k Sabino Aranari buruzko erakusketa zabalik bidalketan
“Hitzak antzuak iruditzen zaizkit batzuetan eta musikak sentimenduak transmititzen laguntzen dit”
Atalak: Sailkatu gabea
Lisboa
Eva Moriconi orain dela 22 urte jaio zen Italia erdialdeko herri txiki baten, Erromatik gertu. Bi urte zituenean Milan grisera mugitu zen bere gurasoak banandu zirelako. Bere ama arkitektoa da, baina lan gabezia dela eta, amonaren jabetzako etxeen logelak alokatzen dihardu egun. Azken hori, merkatutara joaten eta pintatzen bizi da Parisen. Bere aita musikaria da eta beti dabil kontrabaxua hartuta bidaian. 18 urte arte egon zen Milanen, bere amarekin, honen bikote berriarekin eta hiru arrebekin, bat bere aita berdinarena. Ez zegoen hirian oso gustura, bere lagunen oso ezberdina baitzen, eta besteak soinekoak jantzita dantza egitera joaten ziren bitartean, fantasiazko liburuak irakurtzen gelditzen zen bera. Hori Lizeo Artistikoko jendea ezagutu zuen arte izan zen. Musika jotzen hasi zen, arte ezberdinak ezagutzen eta bazela beste mundu bat ohartu zen. Lizeoa amaitutakoan Vietnam, Laos eta Tailandian bidaiatu zuen.
Lisboako Nova Unibertsitate publikoan ari zara ikasten, baina ez zara Erasmus ikasle bat, nola da hori?
Bolognan nago matrikulatuta eta han egiten ditut azterketak. Ez nago hemen truke programa batekin, nahi dudalako baizik. Irakasleekin hitz egiten dut euren klaseetara joan ahal izateko eta zuzentzen dizkidaten lanak ere egiten ditut. Ikasteko modu bat da, antropologia portugaldarra ezagutu nahi badut ezin dut egin Italian. Unibertsitate publikoak aukera hori ematen dit.
Nola bururatu zitzaizun ideia hori?
Asiatik bueltan Antropologia ikasten hasi nintzen, baina konturatu nintzen ez nuela nahi ez behar leku finko baten egotea. Bidaiatu eta mundua ezagutu gura nuen. Lagun batekin mendira bizitzera joan nintzen eta naturarekin kontaktuan esperientzia ugari ezagutu nituen. Ondoren, Italia hegoaldean eta Frantzian ibili nintzen furgoneta baten, akordeoia jotzen duen lagun batekin eta akrobazia egiten duten beste batzuekin. Musika jotzen genuen jatetxeen parean, espektakuluak egiten genituen edo kantu tradizionalak ikasten genituen. Lehen urteko azterketak amaitu nituen bidaiatik bueltan, baina ez nuen Bolognan jarraitu nahi. Nire amona Australiara zihoan hilabetez eta itzultzaile bat behar zuen. Orduan, berarekin joanez gero joaneko hegazkin-txartela berak ordainduko zidala esan zidan. Nire amona bueltatu egin zen, eta ni 8 hilabetez geratu nintzen. Hango estantziak zertan zentratu nahi nuen jakiteko balio izan zidan, hain zuzen ere, musikan, yogan eta naturan. Itzultzean etsaminak egin nituen eta lagun on batek Lisboara zetorrela esan zidanez, animatu egin nintzen.
Familiak zure falta sumatu beharko du.
Ama ohituta dago honezkero, gainera bera ere hasi da orain bidaiatzen eta abenduan Lisboara etortzekoa da. Aitarekin ez dut erlazio askorik, berarekin hitz egin gabe daramatzat sei hilabete eta ez dakit hemen nagoen dakien ala ez. Nire arreba Parisen dago amonarekin eta beti oso kontrakoak izan garen arren, azkenaldian hobetu dugu erlazioa. Etxera telefonoz gehiago deitzen hasi naiz, lehen ia inoiz ez bainuen hots egiten. Nire ama ere aldatzen ari dela uste dut, ortu txiki bat jarri du terrazan eta ia dena biologikoa erosten du.
Beti zabiltza gitarra bizkarrean hartuta, musikarekin jarraitzen duzu.
Bai, hemen gitarra, harmonika eta saxofoia ditut. Amak ukelelea ere ekarriko dit datorrenean. Askatzen nauelako gustatzen zait musika. Bakarrik nagoenean energia botatzeko balio dit eta jendearekin komunikatzeko ere gustatzen zait. Batzuetan ez dut gogoko hitz egitea, uste dut badaudela hitzak antzuak diren momentuak, ez dute erakusten pentsatzen ari naizena ezta momentuan sentitzen dudana. Musikarekin ezin daiteke berbarik egin, baina sentimenduak transmititu daitezke eta batzuetan nahiago dut komunikazio hori.
Noiz hasi zinen musikarekin?
Nik ez nuen musikarik jo nahi nire aita musikaria zelako. Lizeoko azken urtean artea ikasten zuen jendearekin geratzen hasi nintzen eta ekintza ugari antolatzen genituen Milaneko plazan. Telak eramaten genituen, esaterako, gauza biziak erakutsi eta kolore pixka bat emateko hiri gris hari. Nire aitonak jotzen ez zuen gitarra akustiko bat zeukan, behin hartu egin nuen eta hortik joan nintzen jotzen saiatzera zerbait egitearren.
Nola ikusten duzu Lisboako musika mugida?
Asko dago, baina oraindik badut zer ezagutu. Bossa nova, fadoa eta musika afrikarra da hemen benetan gustatzen zaidana, asko dago eta ikastea nahi dut. Jam session ugari ere egiten dituzte eta gogoko dut ezagutzen ez dudan jendearekin musika jotzea. Gainera oso kontent nago, aurreko astean lortu bainuen nire lehen kantua bakarrik eta osorik osatzea.
Zer ematen dizu yogak egunero saioak egin ditzazun?
Saio baten ostean izaten dudan ongizate sentsazioa. Iratzartzeko dudan modurik onena da. Egunero nire gorputzarengan konfiantza gehiago dudala sentitzen dut eta hobeto ezagutzen dut, eskutako hatzetatik behatzetaraino. Baita espiritua ere, bien arteko nahasketa baita. Askoz hobeto kontrola naiteke arnasketa on bati esker. Goizean edo gauean egiten duen efektua ezberdina da. Goizetan, ametsen mundu batean zaude eta yogatik pasatuz errealera bueltatzea gradualagoa da, zure buruaren kontzientzia gehiagorekin egiten duzu. Gauetan, zure gorputza deskantsatzeko egiten duzu. Egunero ordu t’erdi eta bi orduren artean praktikatzen dut, izan ere, beste bi edo hiru orduz acroyoga egiten dut.
Acroyoga?
Yogan garrantzitsua da meditatzea eta acroyoga dibertigarriagoa da. Beti egin behar da beste pertsona batekin, eta horrek lagunaren gorputza ezagutzen laguntzen gaitu.
Oinutsik ibiltzeak yogarekin erlazioa du ala ez?
Mendian bizi nintzenean udaberria zen eta oinutsik ibiltzen hasi nintzen. Hirira itzulitakoan ez nituen oinetakoak jantzi nahi. Orain hotz egiten du eta jantzi egin behar ditut. Aurrekoan oinetako itxi batzuk jantzi nituen eta min egin zidaten, ezin izan nituen yogako zenbait postura egin, oinetakoek gaizki egiten dute. Asko gustatzen zait jendeak izaten duen erreakzioa, izan ere, nirea probokazio bezalako bat da beste bizitzeko modu bat badagoela esateko.
Begana ere bazara.
Asian nengoenean, egun batean esnatu eta animali gehiago ezin nituela hil konturatu nintzen. Oso naturala izan zen, oraindik egiten ari naizen bidai espiritual baten parte da eta egun hartatik ez dut gehiago okelarik jan. Krudista izaten ere ahalegindu nintzen, baina zopak izugarri gustatzen zaizkit eta ez nengoen guztiz gustura.
Orduan zein da gaurko menua eta plana?
Nire pisu-kideak sukaldean egin behar du. Egunero zopak prestatzen ari gara eta ahal badut estazioko barazkiak jaten ditut. Plana klasera joatea da, yoga egitea, swing dantzatu eta agian musika pixka bat joko dut lagun batzuekin.
Idatz-ondokoa: Elkarrizketa hau aurreko ikasturtean eginda dago, baina oraindik testigantza emateko baliagarria delakoan nago. Evarekin azkenekoz egon nintzenean Alemanian zehar bidaian zebilen bere airera.