Kepa Zelaia
Kazetaritza ikasten bukatu berri dut eta azkenengo lanetatik interesgarrienak iruditu zaizkidanak ipini ditut hemen, momentuko okurrentziak ere badaude eta baita momentuan garrantzia dutela uste ditudanak. Atsegin badituzue, ez atsegin horrenbeste eta probetxuzkoak izan daitezen, zabaldu.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Kepa Zelaia(e)k Sabino Aranari buruzko erakusketa zabalik bidalketan
- Joseba(e)k Sabino Aranari buruzko erakusketa zabalik bidalketan
Norvegia- Alemania eta Espainia- Kroazia finalaurrekoak
Atalak: Sailkatu gabea
Arg. pol2016.ehf-euro.com
Atzo jokatu ziren Polonian mutilen eskubaloiko Europako Txapelketako partidu erabakigarriak eta honakoak izango dira ostiraleko finalerdiak: Norvegia- Alemania (18:30) eta Espainia- Kroazia (21:00).
Bigarren faseko azken jardunaldi bizia espero zen atzo eta ez zen ezustekorik faltatu. Lehen taldean, Frantziak txapelketako sorpresa izaten ari den Norvegiari irabazi behar zion aurrera egiteko, baina 24-29 galduta Karabatic, Omeyer eta konpainiak ez zituzten etxeko lanak ondo egin. Ondorengo partiduan, Polonia eta Kroaziak finalerdietako bigarren sailkatua aukeratuko zuten. Poloniarrek irabazita edo 4 gol baino gutxiagoko aldeaz galduta norvegiarren kontra jolastuko zuten; 4 eta 11 gol arteko diferentziaz galduta Frantzia izango zen finalaurrekoetan eta aldea handiago balitz Kroazia klasifikatu zen. Kroaziarrek 23-37 egurtu zituzten poloniarrak beraien etxean.
Bigarren taldean, Danimarkak astearteko partiduan huts egina zuen suediarren kontra berdindu ostean eta Alemania garaitzea behar zuen aurrera egiteko. Alemaniarrek ere finalerdietara igarotzea zuten jokoan baina zail zuten aurreko norgehiagokan bere bi jokalari onenetakoek, Weinholdek eta Dissingerrek, min hartu ostean. Hala ere, partidu oso lehiakorra egin eta danimarkarrei bi goleko aldeaz irabazi zieten. Hurrengo partiduan, Espainiak ez zuen hutsik egin eta kostata izan arren Errusia garaitu zuen 25-23.
Espainiar selekzioan dabiltzan hiru euskaldunek ere lagundu dute taldearen sailkapenean. Julen Aginagaldek partidu oso onak jokatu ditu eta taldeko erreferente eta liderra izaten jarraitzen du. Niko Mindegia izan da aukera gutxien izan dituena, baina atzoko norgehiagokan deialditik kanpo geratu arren beste partidu guztietan izan ditu minutuak. Eduardo Gurbindo ere txapelketa txukuna egiten ari da eta askotan bere berezko postuan jolastu ez arren defentsako lanean lagundu du. Gainera, egunotan jakin da jokalari nafarrak Bartzelona utzi eta Nantes talde frantziarrarekin fitxatu duela datozen hiru denboraldietarako.
Hemen fase honetako 5 gol onenak EHFren ustez.