Hasiera »
Kepa Zelaiaren bloga - Begira egiezu
Kepa Zelaia
Kazetaritza ikasten bukatu berri dut eta azkenengo lanetatik interesgarrienak iruditu zaizkidanak ipini ditut hemen, momentuko okurrentziak ere badaude eta baita momentuan garrantzia dutela uste ditudanak. Atsegin badituzue, ez atsegin horrenbeste eta probetxuzkoak izan daitezen, zabaldu.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Kepa Zelaia(e)k Sabino Aranari buruzko erakusketa zabalik bidalketan
- Joseba(e)k Sabino Aranari buruzko erakusketa zabalik bidalketan
Superkopa Donostian geratu da
2015-08-31 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Bera Berak 18-17 irabazi zion larunbatean Rocasa kanariarrari eta sasoiko lehen titulua eskuratu zuen bosgarrenez, laugarrenez jarraian.
Estu bai baina ito gabe, halaxe definitu zuten atzo Berrian, eta halaxe aritu ziren donostiarrak Superkopako finalean. Markagailuan gertu bukatu arren partidu osoan zehar aurretik joan ziren Bera Berako neskak. Aurre-denboraldiko zalantzak uxatu zituzten eta etxeko zaleak gustura geratu ziren.
Donostiarrek gogor hasi zuten partidua eta Rocasakoen akatsak baliatuz 4-1 irabazten jarri ziren 8.minuturako. Hala ere, kanariarrek defentsa lana gogortu zuten eta bi aldeetako atezainen geldiketa onei esker 9-6 iritsi ziren atsedenaldira. Bigarren zatian azkar jokatu zuten bi taldeek eta bukaera arte mantendu zuten diferentzia, azken hiru minutuetan partidan izandako alderik txikienera hurbildu zirelarik kanariarrak.
Judith Sanzeri partiduko jokalari onenaren saria eman zioten, Ana Martinezek goleatzaile nagusiarena jaso zuen eta Ana Tempranok atezain onenarena , bere parean selekzioko kide Silvia Navarro edukitzearen merituaz. Temprano gustura azaldu zen partiduarekin, edukitako zailtasunak onartu zituen arren: “Bagenekien gogorra izango zela. Partidua gure eremura ekarri dugu eta azkenean finala berriz ere emaitza estuarekin amaitu da”.
Josean Gasca kiroldegia ez zen askorik bete finala ikusteko. Aipatzekoa da ordezkari politiko ugari ere egon zirela partidu ikusten Jose Manuel Ruiz Euskal Eskubaloi Federazioko presidenteak lagundurik, tartean Iñigo Urkullu, Markel Olano, Denis Itxaso eta Eneko Goia. Xabier Mikel Errekondo ere bertan izan zen, baina azken hau bere kontura joan zen.
Politikariek eskubaloiko jokalari gehiago ezagutzeko aukera eduki zuten, izan ere, Noticias de Gipuzkoak hauteskunde munizipalen aurretik Donostiako hautagaiei eginiko galdeketan beraien ezagutza falta erakutsi zuten. Hona galdera eta erantzunak bere horretan:
Bera Berak sufritu egin zuen, baina azkenean lasai hartu ahal izan zuen arnasa. Montse Puche taldeko entrenatzailea pozik agertu zen: “Garaipena oso garrantzitsua da denaren bila goazen denboraldi hau hasteko”. Aste honetan hasiko dute liga donostiarrek Zarautzen aurkako derbiarekin.
Arg: Berria.eus
Patagoniako errekek presa gabe jarraituko dute, momentuz
2015-07-17 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Txileko Gobernuak Hidroaysen proiektua geldiarazita dauka, ingurumenari eta bertako familiei egindako kalteak kontuan hartzen ez dituelako.
ENDESA eta Colbun S.A. enpresek, Patagoniako ibaietan bost zentral hidroelektriko egin nahi dituzte. Santiagoko Apelazio Gortean erreklamatu dute gobernuaren azken erabakia.
Baker errekaren zati bat (Arg. patagoniasinrepresas.cl)
Baker eta Pascua ibaiak Txile hegoaldean aurki daitezken leku ederrenetakoak dira. Ur garbi eta emaritsudun erreka hauen inguruak Patagoniaren esentzia dira. Carretera Australean bidelagun, desagertzeko arriskuan dagoen huemul bakartiren bat ikus daiteke zortearekin, eta ekoturismo berriak eraman dituen arrantza edo raftinga egin daitezke errekotan. Potentzia hidriko garrantzitsua dute, eta hori ez da sekula oharkabean pasa energia enpresentzat.
2007an Endesa Chile eta Colbun S.A.k, Hidroaysen proiektua aurkeztu zuten. 5 zentral hidroelektriko eraikita, hiru Pascua ibaian eta beste bi Bakerren, 2.750 megawattseko (MW) potentzia edukiko lukeen egitasmoa jarri zuten mahai gainean. Txilen energia hutsunea aurreikusten da datozen 10 urtetarako, batez ere iparraldeko meatzeen eskariaren ondorioz. Hidroaysenek beharrizan horien %20 eta %40 tartean beteko lituzke.
Energia gehiena minetara bideratuko litzateke, eta bitartean Patagonian soilik azpiegiturak geldituko lirateke. Proiektua polemikoa izan zen hasieratik, eta gizartearen zati handi baten gaitzespena eduki du. Manifestazio eta protesta ugari egon dira ordutik, eta Patagonia Presa Gabe bezalako mugimenduek oposizio gogorra egin diote.
Endesa Chile eta Colbun S.A. herrialdeko energia merkatuan garrantzia gehien duten bi enpresak dira eta proiektua burutuz gero, nabarmena den duopolioa gehiago indartuko zuten. Colbun, Matte familia indartsuaren enpresa da, eta Endesa Chile, izen bereko talde espainiarraren filiala, hori aldi berean ENEL italiarraren esku dagoelarik.
Espainiako multinazionalak Latinoamerikan
Txileko uraren %83 inguru bere esku du Endesak. Juan Pablo Orrego, Patagonia Babesteko Kontseiluko kidearen esanetan “1987an, Pinocheten diktaduraren azken urtean, estatuko energia sektore osoa pribatizatu zuten, lapurreta hutsa izan zena benetan.” Hamar urte geroago, diktaduran aritutako funtzionario ohiek Enersis Partzuergoa saldu zioten Endesa Españari. Txileko ur guztien eskubideak transnazionalizatu zituzten enpresa espainiarraren mesedetan, eta estatuak ezer kobratu gabe.
Espainiako hainbat multinazionalek Latinoamerikan duten jardueraren etsenplu gisa hartu dezakegu Endesaren kasua. Txilen eztabaida sortu duten beste proiektu batzuk ere eginak ditu, adibidez, Ralcoko urtegia BioBio eskualdean. Pehuenche komunitateak bizi ziren lurrak urpean utzi, eta orduan munduko hirugarren urtegirik handiena zena eraiki zuten 2004an. Indigena ugari engainatu zituzten paperak sinatzerako momentuan, eta ingurumenari eta indigenei buruzko legeen tolesdura guztiak aprobetxatu zituzten proiektua gauzatzeko.
Ralco urtegiaren panoramika (Arg. Diariouchile.cl)
Txilen bakarrik ez, El Salvadorren ere irregulartasun ugari salatu zituzten Torola ibaian egindako El Chaparral presa dela eta. Zenbait komunitate pobre jaioterritik kanporatu zituzten, eta eraikuntzaren ostean OMAL behatokian publikatutako txosten batek, komunitate kaltetuetan genero ezberdintasunak areagotu egin direla dio. Izan ere, uraren egoera txarrak zaildu egiten du emakumeak egiten dituzten etxeko lanak. Jorge Lago Bakea eta Duintasuna erakundeko kideak uste du El Chaparral presaren eraikuntza Erdialdeko Amerikarako Interkonexio Elektrikoaren Sistema deituriko proiektu estrategiko neoliberalaren parte dela, eta Endesa dela bere inplementazioaren bultzatzaile nagusietako bat.
Txilen bakarrik ez, El Salvadorren ere irregulartasun ugari salatu zituzten Torola ibaian egindako El Chaparral presa dela eta. Zenbait komunitate pobre jaioterritik kanporatu zituzten, eta eraikuntzaren ostean OMAL behatokian publikatutako txosten batek, komunitate kaltetuetan genero ezberdintasunak areagotu egin direla dio. Izan ere, uraren egoera txarrak zaildu egiten du emakumeak egiten dituzten etxeko lanak. Jorge Lago Bakea eta Duintasuna erakundeko kideak uste du El Chaparral presaren eraikuntza Erdialdeko Amerikarako Interkonexio Elektrikoaren Sistema deituriko proiektu estrategiko neoliberalaren parte dela, eta Endesa dela bere inplementazioaren bultzatzaile nagusietako bat.
Lan-kostu merkeak bilatzen dituzte enpresa multinazionalek, eta lan erreformen bidez gero eta gehiago estutzen dituzte langileak. Giza eskubideak sarritan urratzen dira, eta mugimendu sindikala debekatua edo jarraitua dago zenbait tokitan. Langile edo enpresen azpikontratazioa da jardun txar hori zuritzeko modu eraginkor bat. Kolonbian, esaterako, Endesaren filiala den Condesa enpresa energetikoan, langileen %80 azpikontratatuak dira.
Pablo Orregoren ustez enpresa europarrek estandar bikoitza erabiltzen dute. Latinoamerikako herrialdeetan saiatzen dira egiten Europar Batasunaren zuzentarau edo erregulazioen ondorioz egin ezin dituztenak. Patagonia Babesteko Kontseiluko kideak leku guztietarako estandar bakarra egotea exijitzen du.
Gobernuak ezetz dio, baina ez da betiko
Oraingoan negozioa ez zaie nahi bezala irten. Ingurumenean eduki dezakeen inpaktua neurtzeko tramiteetan sartuta zegoen proiektua. Sebastian Piñeraren aurreko legealdian Ingurumen Kalifikazioaren Erresoluzioa onartu egin zitzaion, baina ordutik 34 erreklamazio jaso zituen Hidroaysenek. Aurreko urteko ekainean, Michelle Bachelet presidenteak Ministro Batzordea deitu zuen kexen inguruko erabakia hartzeko. Komiteak erresoluzioa bertan behera utzi eta egitasmoa geldiarazi zuen.
Michelle Bacheletek gidatutako Ministro Batzordea (Arg. latercera.com)
Erresoluzioaren motibo garrantzitsuenak bi izan ziren. Batetik, presaren eraikuntzak eragingo dien 39 familiak birkokatu eta konpentsazio egoki bat emateko plan duin bat falta da. Bestetik, ingurumenean eragingo dituen inpaktuak ez dira behar bezala neurtu, batez ere, haragijale eta anfibioentzat neurriak ez dira hartu. Pablo Badenier, Ingurumen titularrak eta Ministro Batzordearen presidenteak, garbi utzi zuen orduan beraien jarrera: “Hidroaysen proiektu txarra da eta horregatik itxi diogu atea”.
Proiektua aldeko ahotsak ere azaldu ziren, eta adibidez, Alberto Salas Meatzaritzako Elkarte Nazionalaren presidentea, ez zen konforme geratu ministroek hartutako erabakiaz. Bere esanetan, meatzeek energia epe luzerako eta prezio lehiakorrean lortu nahi dute: “Hidroelektrizitatea energia garbi, berriztagarri eta merkea da herrialdeak dituen erronkei aurre egiteko. Lehiakortasun abantaila dugun aukera hau ezin dugu bazter utzi”.
Urte honen hasieran, Gobernuak Hidroaysenen kapitulua ixteko beste pauso garrantzitsu bat eman zuen. Endesak 2006an ur eskubide berriak eskatu zituen proiektua gauzatzeko, eta 7 urte tramitean egon ostean, Uren Zuzendaritza Orokorrak enpresak eskatutako ur eskubideak ezeztatu zizkion.
Hortik aste batera, Hidroaysen eta Punta Alcalde proiektuen garapena geldiarazi zuela iragarri zuen Endesak. Patagoniako eraikuntzari buruz, berehalako proiektuen portfolioan ez dagoela esan zuen konpainiak. Hala ere, Endesa Chilek eta Colbunek ez dute oraindik amorerik eman eta Ministerioaren zenbait dekreturen aurka egin zuten. Santiagoko Apelazio Gorteak enpresek aurkeztutako errekurtsoa tramitera onartu zuen eta orain erantzunaren zain daude.
Txile hegoaldean dauden baliabide hidrologikoak ustiatzeko eztabaida ez da proiektu honetara mugatzen. Sakonean landu beharreko gaia da, izan ere, seguruena da energia beharrak berriz ere hegoaldera begira jarriko dituela enpresak etorkizunean.
Hidroaysenekin bazter utziko litzatekeen energia ordezkatzeko, sektoreko aktore eta adituek Txile erdialdeko proiektu hidrologikoak azkartu behar direla uste dute. Horrekin batera, ikatz eta gasean oinarrituko den termoelektrizitatea garatu beharra ikusten dute. Energia nuklearraren aukera ere irten da mahai gainera. Hala ere, zentral nuklearrak eraikitzeko aukerak gaitzespen handia du iritzi publikoan, are gehiago Txilek dituen mugimendu sismikoak kontuan hartuta, eta 2011n Fukushiman gertatuko lurrikararen esperientzia denboran horren gertu edukita.
Jende gehienak gaia amaitutzat eman duen arren enpresek sokatik tiratzen jarraitzeko aukera dute oraindik. Gainera, beste gobernu batek azkenaldian hartutako erabakiak aldatu ditzake etorkizunean. Aysen eskualderako erabakitzen den energia garapen planaren arabera izango da hori.
Justizia printza gutxi batzuk Victor Jararen hilketan
2015-05-07 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
1973ko irailaren 11ko goizean Santiagon, Salvador Allende Txileko presidentea Estatuko Unibertsitate Teknikoan hitzaldi bat ematekoa zen. Allendek plebiszitu batera deitzeko asmoa zuen, boterean jarraitzen zuen ala ez erabaki zezaten herritarrek. Ekitaldia eguerdiko 12tarako jarrita zegoen.
Victor Jara 11:00etan iritsi zen bere gitarrarekin eta antolatzaileek gertatzen ari zena ba al zekien galdetu zioten: “Noski dakidala, baina Magallanes irratian norbere lantokira joateko entzun dut. Nik lana hemen dut, eta hemen nago”. 40 urte zituen eta, aldi berean, unibertsitate horretako teatro zuzendaria zen.
14:00tan etxeratze-agindua eman zuten, baina 600 irakasle, ikasle eta funtzionariok, tartean Jara, bertan geratzea erabaki zuten. Egunsentian, militarrak tiroka sartu ziren unibertsitatera eta metrailetaz seinalatuta atera zituzten kanpusetik atxilotuak. Autobus publikoetan sartu zituzten kolpeka eta Estadio Chilera eraman. Han pasa zituen bere azken orduak kantariak, izan ere, egun batzuk geroago militante komunista batek Hilerri Metropolitarraren izkina baten aurkitu bere gorpua 44 bala zulorekin.
Nork eta nola hil zuen Jara ez da inoiz guztiz argitu. 2012ko abenduaren 28an, Santiagoko Gorte Apelazioak Hugo Sanchez Marmonti eta Pedro Barrientos Nuñez militar ohiak prozesatu zituen hilketaren egileak izatea egotzita. Sarean ikusgai dago ¿Quién mató a Victor Jara? Chilevisionek egindako erreportajea. Bertan, hilketaren testigu izan zen Jose Paredes soldadu ohiak dio Barrientos izan zela aktoreari atzetik oso distantzia laburrera pistolaz buruan tirokatu ziona. Lurrean zela metrailatu zuten gainerako zuloak eginez.
Duela ia bi urte Center for Justice and Accountability(CJA) organizazio internazionalak demanda jarri zuen Jararen alarguna, Joan, eta Amanda bere alabaren izenean. Barrientosi tortura, hilketa estrajudiziala eta gizateriaren kontrako krimenak egotzi zizkioten.
1973an Barrientos “Tejas Verdes” erregimentuaren zerbitzura zegoen. Manuel Contreras koronela zen unitatearen buru eta honek Santiagora bidaiatu zuen militarren altxamenduan laguntzeko. Hala ere, koronel erretiratuak ukatu egin izan du “Bronce” izeneko bere destakamendua Estadio Chilen egon izana. Jararen ustezko hiltzailea Estatu Batuetara joan zen bizitzera 1989an. Egun 66 urte ditu eta Deltonan, Florida iparraldean, bizi da herritartasun estatubatuarrarekin.
Txilen, Gorte Apelazioak amaitutzat eman zuen hilketaren inbestigazio sumarioa martxoan. 12 ofizial autoretza, konplize edo bahiketa-estaltzaile izatea, tortura eta homizidio kalifikatua egotzita inputatu zituzten. Herrialdean bizi ez den bakarra eta beraz, epaitua izan ezin dena Pedro Barrientos Nuñez da.
Estatu Batuetan berriz, Floridako epaile batek prozesua baimendu berri du eta ustezko hiltzailea epaituko dute. Hala ere, tribunalak ez du onartu Barrientos gizateriaren kontrako krimenen pean juzkatzea. Gainera, Txilen ez bezala, Estatu Batuetan demanda zibila da eta horregatik diru kondena oso altua jaso dezake militar ohiak, baina ez kartzela-zigorra.
Demanda jarri zuen organizazioak txalotu egin du erabakia, baina azken akusazioa ez onartzea “etsigarria” dela ere esan du: “Victor Jararena eta Pinocheten diktaduran burututako beste milaka hilketak direna bezala deitu behar dira, gizateriaren aurkako krimenak dira” aldarrikatu zuen Almudena Bernabeu CJA organizazioko abokatuak. Demandaren azken helburua Barrientos Txilera bueltan eramatea da Jararen familiaren esanetan, bertan justiziari aurre egin diezaion. Militar ohiak zigor-eskaera gaitzestea eskatu zuen matxoan, jurisdikzio gabekoa zela argudiatuta.
Bera ez da Estadio Chilen aritu ziren militarren artean libre dabilen bakarra. Victor Jara estadiora eraman zutenean, “El Principe” ezizenez ezaguna bihurtu zen ofizial batek ezagutu zuela diote bertan egondakoek. Betaurreko ilunekin eta gerrara zihoanan tankeran aritzen zen hura, aurpegia pintatuta, metraileta gurutzatuta, granadak bularrean zintzilik, eta pistola eta aiztoa gerrian zituela. Egun departamentu bateko buru den funtzionarioak, behin eta berriz egurtu zuen Jara. Honi gutxitan kentzen zitzaion irribarrea ahotik, eta horrek gehiago amorrarazita, ostikadaka edo metrailetaren kulatarekin jotzen zuten. Edwin Dimter printzeak 23 urte zituen estatu kolpearen urtean eta berak onartu ez arren, uste zabaldua da bera izan zela kontzentrazio-esparru bihurtutako kirol estadioan ibilitako ofizial ezaguna. Kantautorearen hilketan testigu izan zen, eta nahi adina handikeria egin zituen atxilotuekin. Oihuka bere menera jarri zituen, irainka zuzendu zitzaien, eta makila eskutan paseoan zebilela oztopatu zion preso bat ere bidali zuen hiltzera.
Sergio Gutierrez kazetaria ere estadioan egon zen atxikita, eta Jara oso minduta ikusi zuela dio: “hematoma ugari zituen masailetan, zurbil ikusten zitzaion, begirada galduarekin”. Ezagutzea ere kosta egin zitzaion, agurtu egin zuen eta nola zegoen galdetzean kantariak “begira nire eskuak… begira nire eskuak” erantzun zion, “birrindu egin dizkidate berriz gitarra jo ez dezadan”. Geratzen zitzaizkion azkazal gutxiak guztiz beltzak zeudela gogoratzen du Gutierrezek.
Boris Navia abokatua ere Estadio Chilen egon zen egun horietan, eta hilketa egunean soldaduak Victor Jara goiko pisuan jipoitzen ikusi zituen. Jarak zutitzea ere lortu zuen pare bat aldiz, baina azkenean lurrean gelditu zen eta eraman egin zuten. Bizkarretik buruan tiro bat jota hil zen militarrez beteriko gela batean.
Botere Judizialeko Magistratuen Asoziazioak barkamena eskatu zuen duela ia bi urte Pinocheten diktadura garaian egindako “ekintza eta omisioengatik”: “Orduko Justiziak, batez ere Auzitegi Gorenak, oinarrizko eskubideen defentsaren eta estatuaren abusua jasan zituzten biktimak babestearen bere jardunean amore eman zuen”. Egia eta Adiskidetze Batzordeak eginiko txostenaren arabera, 1973 eta 1990 urteen artean 3.000 hildako egon ziren (mila inguru desagertuta daude oraindik) eta 38.000 pertsona torturatu zituzten. Memoria historikoak eztabaida gai izaten jarraitzen du Txileko gizartean; azken hauteskundeetan Michelle Bachelet eta Evelyn Matthei hautagaiak are gehiago banatu zituen, baina ezkerraren garaipenak kale izenen bat aldatzeaz gain ez du askorik eragin.
Jararen kantuek eta kontuek libre jarraitzen dute Txilen eta munduan. Hala ere, den-dena ere ez da libre, eta Victor Jara Fundazioak martxan jarritako Galpón Victor Jara zentro kulturala baimen faltagatik itxi egin zuten 2013ko ekainean, hamar urte baino gehiagoz Santiagoko Plaza Brasileko erreferente izan ostean. Ordutik, berriz noiz zabalduko duten zain daude eta gaude.
Latinoamerikako indigenak hirietan nola bizi dira?
2015-04-03 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Latinoamerikako indigena asko hirietan bizi dira egun eta beraien identitatea mantentzea zaila dute. Honela dio sarean irakurgai dagoen Informe de Comisión Asesora- Propuesta para la Generación Participativa de una Política Indígena Urbana, Chile 2006 txostenak. Datuak ez dira gaurkotuak ikus dezakezuen bezala, baina Txilen nengoela irakasle antropologo batek erreferentzia gisa gomendatu zidan, eta beraz, egoeraren irudi orokor bat emateko balio duela uste dut. Jarraian, txosteneko zenbait puntu daude euskaraz eta bertsio original osoa irakur daiteke goiko estekan sakatuta.
Iparramerika eta Latinoamerikako zenbait estaturen aurrekarien arabera, indigenen populazioaren %50 baino gehiago hirietan bizi da gaur egun. Pertsona horietako gehienak bere jatorri unitateekin lotura eten ez duten arren, hiriko bizitzari dagokien eskaera, aldarrikapen eta beharrak aurkezten dituzte. Diskriminazioa, ikusezintasuna eta hiri periferietako sektore marjinalen bizi baldintzak salatzen dituzte.
Demografia
2002ko erroldaren arabera, Txileko Populazio Indigena Totala (PIT) 692.192 pertsonek osatzen dute, eta horiek Populazio Nazionala (PN) osatzen duten 15.116.435 biztanleen %4,6 dira.
PIT-aren %64,8 hirikoa da eta %35,2 landatarra. Bestetik, PN osatzen dutenen %86,6 da hirikoa, eta %13,4 berriz, landatarra.
Pobrezia eta diru-sarrerak
Indigenek jasotzen dituzten batezbesteko diru-sarrerak %36,9 baxuagoak dira ez indigenen populazioarekin alderatuta. Hiriari dagokionez, nazio mailan, ezberdintasun hori %25,7koa da.
Hirietan bizi diren emakume indigenen artean, kalean bizitzera behartzen dituzten pobrezia datuak altuagoak dira, gizonezko indigenen artean baino.
Lan egoera, aurreikuspenak eta soldata diferentziak
Hiri-eremuetan, lana dutenen artean %23,3 langile ez kualifikatuak dira. Horien ostean, eraikuntzako langileak eta artisauak %20,1 dira eta dendetako saltzaileak dira %13,2.
Soldatak %24 eta %32 tartean txikiagoak dira.
Lan egoera prekarioa da. Lan-merkatuan sartzea ahalbidetzeko kategoria eta ofizio ahulak dituzte, eta etorkizunean pentsio duin bat bermatu dezaketen aurrezki sistemetan duten adskripzio eta kotizazioa baxua da.
Hezkuntza
Hirietan bizi diren indigenen analfabetismo-tasa %4,3 da, eta zifra horren handia ez den arren, ez indigenek duten portzentajea bikoiztu egiten du. Zulo hau txikiagoa da indigena gazteen artean, eta nabarmen hazten da pertsonen adinak gora egin ahala.
Jatorrizko hizkuntzen erabilpena
Eskualde bakoitzean ezberdina da egoera, Araucaníari dagokionez, populazioaren ia erdiak ulertu eta hitz egiten du bere jatorrizko hizkuntza. Gainera, estatu mailan landa zonalde horietan erabiltzen dira gehien jatorrizko hizkuntzak. Bertan, biztanleen %43,8k ulertu edo hitz egiten dituzte hizkuntza horiek, lautik bat hizlari aktiboak direlarik.
Hirietan, berriz, pertsona indigenen artean hirutik batek hitz egin edo ulertzen du jatorrizko hizkuntza bat. Halaber, hizlari aktiboak biztanle horien %11,5 dira. Zifra hauek ez dituzte ezberdintasun nabarmenak gizonen eta emakumeen artean.
Ura duen iturririk ez da geratzen Alfaman, eta egonez gero, turistendako berritu behar da
2015-03-05 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Lisboako auzo historikoan nabarmen ugaritu dira egun gutxi batzuetarako doazen turistei alokatzen dizkieten apartamentuak.
Kanpotarrek bertako bizitza “tipikoa” gozatzen dute, errentarientzat negozio ona da, ez dago traba judizialik, baina Alfama eta bere jendea, berezi egiten dituen identitatea galtzen ari dira, bisitariek bilatzen duten huraxe hain zuzen.
Kepa Zelaia- Lisboa
Sé katedralak Lisboan ongietorria ematen digu Alfama auzo historikoan sartu gaitezen, eta gainera, behin barruan ikusiko dugunaren seinale bat edo beste ematen dizkigu. Hiriko elizarik zaharrena kapitaleko zati zaharrenaren sarrera da, non etxe zaharrek kale estuak sortzen dituzten eta horiek patio eder, esekitoki edo iturri elbarrituengana garamatzaten. Elizako eskaileren pean turisten begiradak bilatzen dituzte tuk-tuk gidariek, gustura eserita auzo pintoresko eta tipikoenean paseo bat emateko. Goiko sarreran, emakume bat txanponen baten zain dago eskuan baso bat hartuta, eta ia egunero koltxoiarekin izkina baten lo egiten du, basoak sarreran itxoiten jarraitzen duen bitartean.
Espainiako Tripadvisor bidaien webguneko erabiltzaileek uste dute Alfama “auzo oso polita dela, kale estu ederrekin eta bista izugarriekin; auzora jaistea ibilaldi benetan atsegina da, leku perfektua bere kaleetan galdu eta Lisboako etxe koloretsuak preziatzeko eta baita auzokoen egunerokoa…; enkantu asko duen auzoa da, denbora gelditu egiten da bertan”.
Katedrala ezkerrean utzita harrizko kaltzada batetik jaisten gara laranjondo eder batzuen konpainian, eta baita laranja zapalduren batenean ere. Lehenengo terrazek kafe edo zerbeza bat hartzera gonbidatzen gaituzte, bakoitzaren gogoaren arabera, eta sanwichak, pizzak edo pasta eskaintzen dizkigute; menu ez oso portugaldarra. Alabaina, zertxobait aurrera jarraitu ezkero, auzoko kaleek botatako malkoen esentzia dastatzeko lehen lokala aurkitzen dugu; fadoa. Club de Fado inguruko jatetxe ezagunenetarikoa da, eta horregatik, baita elitistenetakoa ere. Hemengo turismoa tuk- tuka baina goraxeago dago, eta lisboar arruntak kanpotik ikusten den sukalde zatia begiratzearekin konformatu beharko du, jana pribilegiatu gutxi batzuengana mugatuz. Souvenir dendek turismo konbentzionalera dakarkigute bueltan baldosa bat edo Pessoaren erretratu bat erosteko.
Rua São Miguel
Harresi zahar batek auzoko zati interesgarrienetariko batera garamatza, São Miguel kalera. Bertan paseatuz entzuten dira fado melodiak gauetan, musikarien konpainian okela eta arraina zerbitzatzen dituzten jatetxetatik. Hemen ikus eta bizi daiteke kontraste soziala modu gordinenean. Lehen aipatutako Tripadvisor webgunean, beste erabiltzaile batek honela deskribatzen du auzo historikoan bizitako bere estantzia: “Auzo erdi-erdian apartamentu txikitxo bat alokatzeko zortea eduki genean, fado jatetxe ugari dauden kale estu batean. Erabat erromantikoa zen gauez kaleetan ibili eta fadoak entzutea … Lisboa tipikoa, aizu.”
Baina gauaren aurretik dago goiza, eta terrazak erretiratu eta eguzkia irten ostean, beste bat da kaleak duen aurpegia. Emakumeak gonak jantzita irteten dira harategi edo arrandegira, jendea solasean aritzen da edo fruteria kanpoko mahaietan karta-jokoan. Beste batzuk goizeko zerbeza edaten dute eskailera-maila baten eserita, eta São Miguel eliza pean, haxix usaina eta tonuz igotako berbaldiak eguneroko egoerak dira. Hor senti dezakegun Alfama ez da ez menina ez moza. Drogek eta pobreziak hartutako errealitate sozial gogor bati aurre egin behar diote bertakoek. Diktadura garaiko Estado Novoaren azken urteetan bere gisara utzia izan zen, eta azken hamarkadatan egoera hobetu den arren, azken krisi ekonomikoak berriro kolpatu du auzoa. Droga trafikoak berriro gora egin du, eta murrizketa publikoak direla eta gertuko Polizia eskuadra bat ixteak ez du laguntzen arazoa konpontze aldera. Turistak hemendik paseatzen dira ibilbidea bukatzeko, eta argazki kamara deseroso samarra izaten da beraien egunerokoan city tourreko modelo izateko prest ez daudenentzat.
Orain ez dira soilik paseoan aritzen, bisitarietako askok bertan egiten dute bizitza egun gutxi batzuez. Turisten oporretarako gertatutako apartamentuak nabarmen ugaritu dira azken urteetan. Eraikin askotan zaharberritze lanetan ari dira turistak jaso eta ostatu eman ahal izateko. Etxebizitzak alokatzea ohiko negozioa bihurtu da auzoan, eta bertan ibiliz, ez da erraza langile gabeko edo mailu zarata entzuten ez den kalerik aurkitzea. Alfama obratan dago barnealdea, fatxada, atea aldatu eta kanpotarra ondo jasotzeko.
Horren errua Lisboako Ganbera Munizipalaren turismo politikak du hein handi batean. Orain ez urte asko auzoaren errehabilitazioa hasi zenean, jendea bertatik bota eta Olivais bezalako leku periferikoetara bidaltzea zen joera. Auzotar ugari orain dela 20 bat urte joan ziren, eta ez datoz bueltan nahigo dituztelako hango etxe berriak Alfamako zaharren aldean. Beste askok geratzea nahi dute, baina auzoan dituzten zaharberritze arau espezifikoek garestitu egiten dituzte obrak, eta jabe edadetu askok ez dute ordaintzeko gaitasunik. Hala ere, udaletxeak ez du inongo laguntza politikarik pertsona horientzat. Bitartean, estatuko ondarea errehabilitazioaren parte bezala saltzen du, baina etxe horiek bizitzeko ala turismorako erabiliko diren jakiteko esfortzurik ez du egiten. Higiezinen espekulazioa bazkatzen du, eta gainera, gelen batezbesteko prezioa igotzen da, gazteak bertara bizitzera joateko baldintzak are gehiago okertuz.
Gelak alokatzeko ekintza 2014ko azaroaren 27tik indarrean dagoen 128/2014 dekretu-legeak erregulatzen du. Dekretuak hasieratik garbi esaten du “diploma honek jardueran hasteko sinplifikazio eta erraztasun handiagoko logika bati jarraitzen” diola. Ez dago lizentzia edo baimen berezirik eskatu beharrik, eremuko Ganbera Munizipalean ohartarazi behar da soilik. Etxebizitzaren jabeak ez du jarduera abiatzeko tasarik ordaindu behar, eta ez du plaka identifikatzailerik jarri behar eraikinaren kanpoan. Azken dekretu honek ez ditu ateak ixten ezta aktibitatea mugatzen, aitzitik gauzak erraztu eta ateak zabaltzen ditu praktikan jarraitzeko.
Fenomeno honek bizikidetza nabari aldatu du. Auzotarren bizitza mantentzen da oraindik hainbat lekutan, baina asko beste hizkuntza bat darabilten kanpotarrekin bizi dira, beraiek baino eskala sozial altuagoan dagoen jendearekin, eta gainera bizilagun berriak gutxitan egoten dira aste bat baino gehiago. Badaude bizilagunak hizketan aritzen diren txokoak, eta andreak lehiotatik hizketan aritzen direneko argazki preziatua egin daiteke artean, baina liburuxka turistikoetan horrenbeste errepikatzen den Alfamaren ate irekiko bizitza galtzen ari da, alboan bizi dena ezagutu ere ez egitearen ondorioz.
Turisten etorrera ongi datorkie merkatu txikiei, beraietako asko etorkin pakistandarrak direlarik, izan ere, etxe alokatuetan gertatzeko jakiak erosten dituzte hainbat bisitarik. Komertzio horietako salneurriak altuagoak dira horregatik, eta asko turismoari esker bizi dira. Auzotik gertu supermerkatu bat dago, eta badago jendea dirua duenean bertara doana erostera, eta falta zaionean berriz, denda txikietara joaten dena fidatuta eros dezakeelako. Komertzio tradizionala desagertzen ari da. 6 jostundegi zabalik zeuden kalean, orain bakarra geratzen da, baina berdina gertatzen da arrandegiekin, harategiekin edo ile-apaindegiekin. Lokal horietan ibiltzen direnak batez ere auzotarrak izaten dira, egun baten 6.000 inguru izan zirenak eta egun 3.000 ere ez direnak. Eguneroko jardunaren gabeziak komertzio hauen gainbehera ekarri dezake.
Ur gabeko iturriak eta iraganaren ahanztura
Ondarea eta bere eraikinak ere izugarri zabartu dira azken urteetan. Auzunetik paseatuz gero guztiz utzitako ateak aurkituko ditugu, denborak maiztu dituenak, eta horiei itsatsita berritu berriak daude, kolore berde eta zuria orain iritsitakoen bandera gisa erakusten dutenak. Etxebizitza ugarik aspalditik hutsak dirudite, eta beste asko graffitiekin pintatuta daude, gehienak marka pertsonalez eta kapa bat baino gehiagorekin. Lehen orrian ageri den irudian, emakume bat ikus daiteke pintura galtzen ari den etxe baten paretik pasatzen Remedios kale ezagunean. Behean beste argazki baten, bertan behera utzitako iturri bat dago, egunen baten ur trago bat hartzeko edo beste edozertarako enkontru leku izango zena. Gaur, iturri denek edo ia denek ez dute funtzionatzen, ezta bi chafariz edo iturri monumentalek, euren funtzioa argazkien posera mugatu baita. Paradoxa kuriosoa, izan ere, Alfamaren etimologia “al-hamma” arabiar hitzetik baitator, eta honek, bainuak edo iturriak esan nahi baitu.
Hemen ugari palazioak daude. Adibidez Azevedo Coutinho Jauregia, Santo Estêvão elizaren ondoan dagoena. Etxea izen bereko familiarena da, eta aita gerra almirantea izan zen Salazarren diktadura garaian. Auzoko jaun eta jabeak izan ziren, mezetara joaten zirenean ere lekua erreserbatuta edukitzen zuten. Jauregia oraindik beraiena da, eta bertan bizi da ama. Hala ere, eurei ere iritsi zaie krisi ekonomikoa eta orain, eraikinaren zati bateko logelak dituzte alokairuan turistentzat.
Erreportaje honek ez du egoera ezezagun bat deskubritzen. Auzoko jendea aspaldi ohartu zen Alfamak duen balioaz eta berau uztearen arriskuaz. Pertsona horietako batzuk osatzen dute Alfamako Ondare eta Populazioaren Elkartea. 1987 sortu zen eta Santa Luzia begiratokian duten lokalean kokatuta, auzunearen identitatea mantentzeko lanean dabiltza ordutik. Bere azken ekintzetako baten, inguruko puntu esanguratsuenak bisitatu zituzten Clementino Amaro irakasleak gidatuta.
Honek guztiak auzo baten transformazioa ekarri du, baina ziurrenik ez bertakoei komeni zaien norabidean, sarritan ez baita oroitzen ezta errespetatzen beraien identitatea. Alfamak beti eduki du pobreziaren mugan dabilen jendearen arazoa. Egungo populazioa zaharra da, eta ingurua nola aldatzen den ikusten du, egoera saihesteko edo sikiera bertan parte hartzeko ahalmen gehiegi gabe. Belaunaldi berriak ez badira auzuneko bizitzarekin identifikatuak sentitzen, edo ikusle hutsak izatera mugatzen badira, aurrezkoaz beharbada gogoratuko ez den identitate berri bat nola ezartzen dioten igarriko du Alfamak. Leku bateko bizitza bertan bizi diren pertsonek egiten dute, berea ere badelako zaintzen dute, eta Alfaman ez bada hori gertatzen, aurki bere esentzia galdu eta berniz merkea eman beharko diote.
Alfama menina e linda?
2015-02-05 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Lisboako alde zahar historikoa da Alfama. Arabiarrek hiria gobernatu zutenetik mantentzen ditu bere kale estuak, eta auzotarrak Teixo ibaiaren jarduerari lotuta bizi izan dira. Pobreziaren mugan dabiltzan langileen arazo sozialak eduki ditu betidanik. Salazarren diktadura garaian alde batera utziak izan ziren eta droga mugimendu nabarmena egon zen. Egoera hobetu da, eta orain alkatearen helburua auzoari aurpegia garbitzea da. Alfama obretan dago etxeak konpontzen, turistak asteburu pasa joan eta bertako bizitza “tipikoan” egun goxo batzuk egin ditzaten fadoak entzunez. Bitartean etxe zaharrek, drogak eta probeziak bertan jarraitzen dute eta kontraste soziala baretu beharrean auspotzen dabiltza instituzioetatik.
Etxe berriztuak zaharrekin batera.
Obretan.
Azevedo Coutinho Palazioa. Behean etxea konpontzen, eta goian turistentzako terraza.
Fadoen gaua, ala pizzena?
Patrimonio municipal.
Iturria.
São Miguel kalea.
Andrea arraindegitik irtetzen, 22 zenbakia.