Etorkizuna ezkerretik dator

Josu Iraeta
0

Duela aste  batzuk, ez asko, lau edo bost, gipuzkoar lagun sortarekin batera mendian egun polita igaro genuen. Garai bateko “kideak” aspaldian ikusi gabeak, Txirritaren  bertsoak dioen bezala, bisita egitera etorri ziren.

Gosaltzeko garaian -espero bezala- tertulia nahiko aberatsa landu genuen. Uste gabean kuadrillako batek,  galdera hau luzatu zidan;  Josu, gaur euskaldunak nola bizi garen definitu beharko bazenu, zer esango zenuke?. Galdera, galdera da, ez nuen uste inork horrelako galderarik egingo zuenik, bainan horrelakoak dira lagunak. Serio samar jarri nintzen eta denak nik zer esango nuen zain, hau nik emandako erantzuna: Ba, parentesi batean bizi garela, itsasadarraren babesean.

Nik uste metafora egokia dela, euskal gizartea osatzen dugunon bizitza agertzeko. Denok dakigu ezin dugula orain bizi garen  bezala, luze iraun, baina orain arte ez dugu  bide egokirik aurkitu, eta behin eta berriro gaude, egoera aldatuko duen zerbait gertatu zain.

Egia da, noiz behinka entzuten da, batzuk handik eta besteak ez dakit nondik, irtenbide berriak edo “antzeko zerbait” jorratzeko prest daudenak. Aukerak ere eskaintzen dituzte, bide berriak izan daitezkeen azalpen txukunekin, bainan nik uste beste bideak jorratu beharko ditugula, zer bait mamitzeko.

Ekarpen aberatsak izan, ala ez hainbeste, ni ez nago aurka, beti da mesedegarri norberak baino  gehiago dakitenek, “oraindik” jorratzeko dagoen bide luzean argi pixka bat jartzeak. Eskerrak horrelako jakintsuei, bestela nola arraio konponduko ginen, nola? Dena dela, ni  -gaizto samarra naizenez-  horrelako mezulariei, kantore bakarlarien “usaina” ere sumatzen diot. Agertzen direnean aholkuak emateko izaten da, eta “bere” hausnarketa pertsonalak argitara emateko.

Onartu beharra dago, -hau ez baita berria- betidanik ezagutu ditugu, abesbatzan baino, bakarka erosoago kantatzen dutenak. Ez dute ez batuta, ez abeslari taldearen laguntza gogoko bere ahots ederrak eskaintzeko. Ala ere, ongi etorriak eztabaidara eta luzerako izan dadila.

Zalantzarik ez dago, gai potoloa da, batzuk pozik entzuten dutena, jakina, beste batzuei belarriko mina ematen dion neurri berean. Behar bada horregatik,  egun indarrean dagoen espainiar gobernuaren azken boladako urratsak  ez dituzte hausnartzen, ez gogoratzen, itxuraz ez dakarte ezer “berririk”, baina egia beste bat da. Nork ez ditu “aztertu” ba,  duela aste gutxi espainiarren presidenteak Saharari buruz esan eta egindakoak?

Bide honetan sakontzeko asmoz, txosten bat osoa idazteko gogoak sortzen zaizkit, dena dela eta lerro buruari jarraituz, egia da horrelako erabakiak, inguruan ditugun “ustezko” adiskideak neurtzen  laguntzen gaituela. Bada zerbait baina, Estatutik Estatura, sistema ekonomiko eta politiko batetik bestera, nazio eta etnia gutxiengoen arazoak, modu desberdinak hartzen dituzte. Eta egia da, nazio-arazo bera, ez da arazo berdina lurralde ezberdinetan. Gai honi buruz, asko dakiena, Beñat  Hach Embarek jauna da. Nik galdera berari luzatzea gomendatuko nuke.

Gaur, eta aspaldidanik bizi dugun egoerak esaten diguna da erakunde estatal bat dugula, eta nazio bat baino gehiago haren barruan, -gu tarte- desberdinak euren artean . Aurrera begira gaudenez, zein izan daiteke hoberena: askatzea, beraz, nazio bakoitzak bere erakunde estatal berjabea burutzea? Estatu berean jarraitzea, federazio edo konfederazio gisa?  Hori da aurrean ditugun arazoen artean “koxka” nagusia.

Beharbada horregatik helburu zehatzak argi jakinarazi eta hauek ongi ezagutaraztea, derrigorrezkoa da. Nazioen autodeterminazioaz, elkarte nazional arrotzetatik, Estatu gisa askatzeko eskubidea ulertzen baita. Estatu nazional burujabeen sortzea ulertzen da. Eta jakinik, Estatu espainolean demokrazia ahul bezain  argala dutela nagusi, eman beharreko urratsak ongi neurtu beharrean gaude, aurrera egin nahi badugu.

Egitasmo borobil eta iraultzaile ortodoxoak ez daude gure esku. Aspaldi ikasi genuen  alderdi negatibo gabeko etorkizunik eskaintzeak ez duela ezertarako balio.. Horrelakoak teorian bakarrik ikustea hobe.

Gu urrutitik, oso urrutitik gaurdaino heldutakoak gara, eta denboran zehar, gauza asko irakurri eta ikasi ditugu, horregatik ez dugu inoiz ideala eta posiblea dena bateratu behar. Hortik etorri zaizkio ezkerrari, hanka sartzeak, utopia eta utopiaren eginkizunak helburuekin nahastea.

Horrelakoak egin ditugu -eta ez behin bakarrik- nire ustez, utopiari begiratu behar zaio, iparrizarrari bezala, urrutiko argi eder baten modura, jakinik arrainak itsaso barrenean  daudela.

Zer esanik ez, azken legealdi hauetan, autonomiaren muga guztiak begi bistan geratu direlarik, burujabetasunaren premia biderkatzen ari dela. Beranduegi izan baino lehen, gure etorkizunaren jabe izatea, behar ezin larriagotzat agertzen zaigu,

Guretzat, herri gisa, herri ukatu guztiontzat bezala, denbora eta espazioak badu beste dimentsio bat. Etorkizuna, begi bistan dugun hori, orainean, gaur bertan jokatzen ari da, eta naiz hurbileko ezkerrari tokia eskaini, ez gara behar adina “gorpuzten” eta hamarkadak aurrera doaz.

Ezkerraren baitan izango da izan behar duena, aukera horiek posible bilakatzeko bide garbia eta bakarra. Hautabide demokratiko bat landu beharrean gaude, herri honentzako estatus politiko eta burujabetza, etorkizun berri baten aukera erreala. Euskal demokraziari leihoak irekitzeko balioko duena.

Eztabaida osoa da, tresna egokiena. Aurre neurririk gabea,  gauza asko azaleratzeko gaitasuna beharko duena.

Demagun orain ez dugun zerbait eskuratzen dugula; administrazio bat eta bakarra izatea, horrek bermatuko luke Euskal Herria ? Ba ez. Beste aukera izan liteke Monarkia kendu eta herriaren borondate orokorraren izenean, Errepublika legitimatu, baina nazio bat garela aitortu gabe. Balio du? Ba ez.

Eztabaida garatuz doala,  gure bide propioa egiteko balio beharko luke. Ditugun aukera eta posibilitate errealak aintzakotzat hartuz. Garenak garela, gure herri txiki hau libre izateko bidean. Edo, ez dugu gauza bera nahi?

Hona hemen, nire kuadrillan mendiko gosarien  emaitzak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA