Hasiera »
Patxi Larrionen bloga - Ez gara hutsaren hurrengoak
Patxi Larrion
Historiaren istorioak topatuko dituzu blog honetan. Egilearen asmoa ez da tradizioari traizioa egitea, baina nork daki.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Patxi Larrion(e)k Joaquín Vidalen prosa bidalketan
- Luistxo(e)k Joaquín Vidalen prosa bidalketan
- Aitor(e)k Datozela antxeta rafaga horiek bidalketan
- Iban(e)k Datozela antxeta rafaga horiek bidalketan
- Santi Leoné(e)k Petralic, Nikolai eta Ion bidalketan
Artxiboak
- 2014(e)ko abuztua
- 2014(e)ko uztaila
- 2014(e)ko maiatza
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko uztaila
- 2013(e)ko urtarrila
- 2012(e)ko abendua
- 2012(e)ko urria
- 2012(e)ko iraila
- 2012(e)ko uztaila
- 2012(e)ko ekaina
- 2012(e)ko otsaila
- 2012(e)ko urtarrila
- 2011(e)ko abendua
- 2011(e)ko azaroa
- 2011(e)ko urria
- 2011(e)ko iraila
- 2011(e)ko uztaila
- 2011(e)ko ekaina
- 2011(e)ko maiatza
- 2011(e)ko apirila
- 2011(e)ko martxoa
- 2011(e)ko otsaila
- 2011(e)ko urtarrila
- 2010(e)ko abendua
- 2010(e)ko azaroa
Cabana Pujolen Maskaradan
2014-08-01 // Ez gara hutsaren hurrengoak // Iruzkinik ez
Jordi Pujol i Soley ez da honez gero ohoretsu. Berriki aitortu du iruzur egin zuela. Iruzur fiskal horren hasieran aitarengandik jasotako herentzia omen dago, eta horrek Leoncioren jakin-mina piztu du. (gehiago…)
Ezequiel Enderiz, Juan Belmonte eta alemanak
2014-07-04 // Hiri Buruzagian, Iruñeko ferietan, Lehen Mundu Gerra // Iruzkinik ez
1916an gara, zazpi urte falta dira Toronto Star egunkariko berriemailea Iruñeko ferietara hel dadin. Ezin jakin Ezequiel Enderiz El Liberaleko kazetariak Eric Robert Petersenen Durch Busch und Blockade (Zuhaixka eta blokeo bidez) liburua leitu ote zuen. Beti ere, demagun biek gozatu zutela 1916ko Sanferminetaz. Alemanaren partehartzeaz ez dugu zalantza izpirik, liburuan kapitulu oso bat eskaini baitzien Hiri Buruzagiko feriei. Petersenek gogoan du Iruñeko gazteen abegikortasuna. “Eh, Aleman! Komm, trink eins!”, “Aizak, aleman, etorri, edan ezak baso bat!”. Baten batek pentsa dezake hainbat kontu ez direla sobera aldatu Hiri Buruzagiko ferietan. (gehiago…)
Alemanen ihesa gauzatua
2014-05-22 // Hiri Buruzagian, Lehen Mundu Gerra // Iruzkinik ez
Ihesa Iruñean hasi zen. 1916ko urriaren 3an Karl Koch Zitadelako erietxera hurbildu da, sekulako tripako mina omen du, artatu ondoren Salcedo Gobernadore Nagusiak kalean libre ibiltzeko baimen bat sinatuko dio. Agiri horren arabera, urriaren 3tik 8ra bitartean Lekunberrin tratamendu hartzeko baimena eman diote. Koch Larraungo hiriburura iritsi bezain pronto Meyer abizeneko aleman bati automobil bat alokatuko dio, eta urriaren 5eko goizeko hamarrak laurden gutxiagotan Iruñetik lau kilometro pasatxora Zitadelako gainerako lauekin elkartuko da. Nafarroa utzi dute Iruñeko bostek eta arratsalde partean heldu dira Palentziara, ilunabarrean, elkarri arrotzak bailiran, Vigorako trena hartu dute. Denak ez dira trenez iritsiko. Lohrmann eta Petersen Redondelako geltokian jaitsi dira, bertan Riedel izeneko agente bat dute zain, Vigorainoko tartea gurdi batean eginen dute landa-bideak ibiliz.
Lekunberriko Ayestaran hotela
Urriaren 6a da, eta Alcalako zazpiak ere Vigora ailegatu dira. Hauen ibilbidea ez da ezusterik gabe igaro. Angelbeck izeneko agentearen telegrama jaso behar dute. Telegrama jaso eta nahaste bat gertatu da. Izan ere, Gräutschussek ez du garbi Pepita heldu behar den ala ez (izen horrekin bataiatu dute Alcalakoek Palentziara eraman behar dituen automobila). Azkenean Pepita heldu da, Palentziaraino kotxez joan eta handik trenez Vigora. Egun berean, Virgen del Socorro arrantza-ontziak Vigoko portuan sartzeko maniobra egin du eta Werth ontziaren alboan amarratua geratu da.
Itsasaldia hasteko prest dira hogeiak. Virgen del Socorro patatxearen salerosketaren paperak eginak dira, 11.150 pezeta ordaindu dituzte eta kantitate horri hornigaien kostua gaineratzen badiogu hogeiren artean guztira 17.693 pezeta jarri dituzte. Espainiako agintariak nahaste aldera salerosketa agirietan urriaren 11ko data paratu dute.
Hogeiak banan-banan edota taldeka Werth ontzian sartu dira eta hortik alboan den Virgen del Socorro-ra igaro. Urriaren 7an, goizaldeko ordu bi eta erdietan Anduriña atoiontziak eramaten hasi eta lau ordu igarota Cíes uharteen parean utziko du Virgen del Socorro. Hara iritsi baino lehen Gaviota gerra-ontzi espainiarra agurtzeko tenorea izan dute.
Vigoko portua XX. mendearen hasieran
Urriaren 24a da, hiru aste igaro dira itsasaldia hasi denetik, hiru asteren buruan erabat aldatu da hogei iheslarien plana, itsasaldia odisea bilakatu da. Denboraleak kalte nabarmenak egin dizkio Virgen del Socorro-ren kroskoari eta masteriari. Baldintza horietan ezinezkoa zaie Irlanda eta Eskoziako kostaldeak ingurutzea. Ordurako Mantxako kanalaren sarreran dira eta hortik jotzea erabaki dute. Azaroaren 6an eta 7an izkin egin diete destruktore ingelesei, Baina azaroaren 8an Paramount gerra-ontzi ingelesak begiztatuko du patatxea. Hasieran Virgen del Socorro-koek Holandako bandera erakutsi diete, baina ingelesek ez dute gezurra irentsi. Britainia Handiko Ramsgatera eramanen dituzte eta han izanen dira hogeiak Lehengo Mundu Gerra amaitu arte.
Honaino helduta, aipamen berezia merezi dute 1917ko urtarrilaren 3ko zenbakian El Liberal-ko kazetariak kronikaren akaberan jaurkitzen dituen salaketa moldeko galderek. Nola da posible hogei ofizial aleman horiek telegrafoa erabili, autoz eta trenez ia Espainia osoa zeharkatu, itsasontzi espaniar bat erosi eta Galiziako portu handi batetik ihes egitea Espainiako agintariek ezer jakin gabe?
Nonbait, bada Vigon ezer ikusi duenik eta berehala aliatueen informazio zerbitzuak martxan jarri dira. Frantziako kontsulak ihesa salatuko du Espainiako agintari militarren aurrean, baina azken hauek ez dute Virgen del Socorro-ren jazarpenik abiatuko. Bestalde, azaroaren 21ean, patatxea atxiki eta gero gobernu britaniarrak Madrilgo enbaxadorearen bitartez gaitzespen mezua helaraziko dio gobernu espainiarrari.
Lehen Mundu Gerrako gerra-ontzi britaniar bat
Bada gure atentzioa merezi duen beste afera bat. Lehen Mundu Gerrak iraun zuen bitartean Espainiako hedabideek jokatu zuten paperaz ari gara. Baina horretaz, hurrengo batean arituko gara. Orain itzul gaitezen Hiri Buruzagira. Nolakoa zen Iruñeko alemanen bizimodua hogeiren ihesak iraun zuen bitartean? Sumatu al zuten Zitadelan Koch, Schulz, Schauf, Lohrmann eta Petersenen falta? Berreskuratu al zuen alokatutako automobila Lekunberriko Meyerrek? Zer esan Hans Reupke gaztearen ibilbideaz?
Arestian aipatu dugun legez, azaroaren 21ean Alemaniako Gurutze Gorriaren aldeko festa antolatu zuten alemanek Iruñeko Euskal Jai pilotalekuan, garaiko hartako 3.629,15 pezeta bildu zituzten. Ordurako Ramsgateko kartzelan ziren hogei iheslariak eta 1917ko urtarrilaren 21ean, ihesaren nondik norakoak vox populi zirela, alemanek jai bat antolatu zuten Iruñeko Parisien antzokian. Hiri Buruzagia festa hutsa zen.
Alemanen ihesa abian
2014-05-21 // Hiri Buruzagian, Lehen Mundu Gerra // Iruzkinik ez
Karl Koch zuen izena Iruñeko ihesa antolatu zuen ofizialak. Iruñeko ihesa diogu baina hogeiren ihesa esan beharko genuke. Ihesa 1916ko urriaren hasieran gertatu zen eta horren prestatze lanetan Iruñeko zein Madrilgo Alcalako kontzentrazio eremuetan ziren militarrez gain hainbat kargu eta espia alemanek hartu zuten parte, besteak beste, Max von Krohn itsas-agregatu militarrak, Ebermaier jeneralak, Herr Willbrandt enbadaxako langileak, Vigoko kontsulatuko idazkari Kindling jaunak eta Kochekin batera berebiziko protagonismoa izan zuen Hans Reupke zuzenbide ikasle gazteak. (gehiago…)
Alemanak Hiri Buruzagian
2014-05-19 // Hiri Buruzagian, Iruñeko ferietan, Lehen Mundu Gerra // Iruzkinik ez
Kamerundik etorritako 217 alemanek Carlos Espinosa de los Monteros y Sagaseta de Ilurdoz lotinant koronelaren ardurapean egin zuten Madrildik Iruñerako tren bidaia. Maiatzaren 6ko zazpiak bost gutxitan iritsi ziren Iruñeko tren geltokira. (gehiago…)
Alemanen jaia
2014-05-16 // Hiri Buruzagian, Lehen Mundu Gerra // Iruzkinik ez
Igaro berri dira bizi nauen auzoaren jaiak. Horrelakoetan arriskutsuak izaten ohi dira mahaiaren bueltan jendea sobera egarri ez denean egiten diren planak, proposamenak. Afera ez da gaurkoa, 2003ko irailaren hasieran festa moduko bat antolatu genuen Txantreako Alemanen parkean, Arga ertzean. Ospakizuna ez zen liskarrik gabe igaro. Barbakoa eramangarri bat atera genuen jolastokira, sua piztu eta hamar minutu eskasera hara non agertzen diren udaltzainak hori debekatzera. Erraz asmatu genuen nor zen salataria, gugandik berrogei bat metrora auzokide fatxa hura baitzen guri beha. Morroi horrekin jazotakoek beste post bat merezi dute, baina ez nadin desbidera. (gehiago…)
Erreferenduma hogei minutu lehenago
2013-12-13 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
-Ez diat sinisten. Ez zekitela deus ere! Ez diat sinisten, Leoncio
Leonciok jakin badaki Greenwichekoa ez dela meridiano bakarra. Hala ere, Bartzelonara datorren aldiro gogoratu behar izaten du Hiri Buruzagian baino hogei minutu lehenago argitzen duela. Leoncio goiz altxatu zen atzo, goiz altxarazi ninduen atzo, eta akreditazioen ordua baino hogei minutu lehenago ailegatu ginen Espanya contra Catalunya Simposioaren egoitzara. Besteak beste Institut d’Estudis Catalans erakundearen egoitza da Casa de de Convalescència. Rambla ondoko Carmen karrikan mugimendua sumatzen zen ordurako, dozena bat telebista kamara ikus zitezkeen atarian, berehala agertu ziren rojigualdaz apainduruko dozena bat pertsona. (gehiago…)
Katalunia 1714-2014
2013-12-10 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Leoncio ez da sekulan izan Camp Noun, baina jakin badaki Bartzelona futbol taldeak zelai horretan partidua jokatzen duen aldiro markagailuko erlojua 17’14’’ denborara iristen delarik jende multzo handia txaloka hasten dela. Zer dela eta txaloaldia? Data bat ekartzen dute gogora, izan ere 1714ko irailaren 11n, Espainiako Ondorengotza Gerraren barnean, Borboiko osteek Berwick-eko dukea buru zutelarik Bartzelonako hiria garaitu zuten. Kataluniak berezko erakundeak galdu zituen. Diadan ere Bartzelonaren erorketa gogoratzen da.
-Gurean bost mende, Katalunian hiru. (gehiago…)
Joaquín Vidalen prosa
2013-07-05 // Ez gara hutsaren hurrengoak, Hiri Buruzagian, Iruñeko ferietan // 2 iruzkin
-Atzo ouija atera nian.
Ez nuen Leoncioren alde esoterikoa ezagutzen. Arrotxapean bizitzen jarri denetik Arga jatetxean gosaltzen du. Atzo, argitzearekin batera, kafea hartu zuen Nekanerenean. Terrazan, arrain-saltzailea, Gasen zezenak gobernatzen dituen unaia eta Arrotxapeako bizilagun berria. Uztailaren 9ko korrida, Cebaga Gago zezenak atzera bota izana hartu dute hizpide. Galdera inozoa bota die Leonciok
-Zer zuten ba Cebaditek? (gehiago…)
Te Deum-a versus Pasaklaustroa
2013-07-03 // Ez gara hutsaren hurrengoak, Hiri Buruzagian, Iruñeko ferietan // Iruzkinik ez
Arrotxapean jarri da bizitzen Leoncio. Egun hauetan ia egunero ikusten dut. Gaur goizean Runa parkearen inguruan egin dugu topo. Garaian garaikoa, Iruñeko Ferietan Hiri Buruzagian geratuko ote den galde egin diot, oraindik ez duela erabaki esan dit, hori bai pozik sumatu dut Leoncio Gora Iruñea antolatzen ari den festa eremuari begira. Horretaz ari ginela hauxe bota dit
-Pasa den urteko erabakiari eutsiko al ziotek? (gehiago…)