Benjamin eta falafela
Eguerdi hotza Pariseko La Marais auzoan, jatetxea judua da, jendez lepo dago.
Lagunak zorutik hartu du erori berri zaion falafela. Ondoko mahaian, ezin hurbilago, itxuraz ashkenazi izan zitekeen gaztea pita ogiaren barnekoa irensten ari da The New Yorker irakurtzen ari den bitartean, mahai bat haratago lau ikasle solasean, ikasketak dute hizpide, kipa (txano judua) daramate buru gainean, mizrahiak dirudite, haiek ere txitxirio-kroketak ari dira jaten. Ni kebab itxura duen ogitartekoarekin ausartu naiz.
– Benjamin Tuterakoak hau bezalako falafelik hartuko al zuen? Galdetu dit lagunak. Laguna tematuta dabil azken hilabete honetan, juduak eta euskaldunak, euskaldunak eta juduak, badirudi ez duela besterik buruan. Mesanotxian Bidaien Liburua laketu zaio.
Benjamin Tuterakoa Marko Polo nafarra, veneziarra baino mende bat lehenago bidaiatu zen eta hainbat ohar hartu zituen bere ibileren berri emanez. Liburu moduan 1543an ageri zen, Lingua Vasconum Primitiae baino bi urte lehenago. Konstantinopolisen editatu zen liburua. Badugu euskarazko bertsio bat. Nafarroako Gobernuak 1994an argitara emana, hirueleduna da edizioa, hebreeraz, gazteleraz eta euskaraz liburu bakar batean. Bat baino gehiagok 34. orrialdean ageri den mapa gustuko izanen du. Xabier Kintanak bihurtu zuen Bidaien liburua euskarara.
Benjaminek, Tuteratik abiatu eta Europa, Asia eta Afrika aldeko hainbat judu komunitate bisitatu zituen. Erroma, Tebas, Konstantinopolis, Beirut, Jerusalem, Damasko, Bagdad, Kairo, Alexandria…Merkataria omen zen Benjamin, harri bitxien zale nonbait. Tuterarrak diasporari egin zion bisita, judu komunitateen egoeraz kezkaturik, horien bizi baldintzen berri eman zigun.
Liburuan urri dira jakien inguruko aipamenak, falafelik ez da ageri bere kontakizunean, baina bai falafela egiteko osagaiak.
Bitxia oso jaki honen ibilbide historikoa, batzuk Indian kokatzen dute falafelaren jatorria, beste batzuk Egipto aldean. Turkiarrak eta juduak izan dira txitxirioz edota babaz egindako kroketa munduan barna hedatzearen erantzuleak. Falafela jateak juduak eta arabiarrak batzen ditu, batu edota etsaitu. Bai Israelek bai Libanok janari nazionaltzat daukate falafela, eta gai hori ere liskarbide bilakatu dute.
Gazte ashkenazia altxatu berri da, baina mahaiak ez du luze hutsik iraun. Beltzez jantziriko bizardun bi eseri dira ondoko mahaian, diosalik ez, hebreeraz edota yidishez ari dira.
– Benjaminenek ulertuko al zuen hauen elea? Ausartu da laguna.
Benjaminen garaian, XII. mendean, hizkuntz hila zen hebreera, alta hori izan zen tuterarrak bisitatu zituen komunitate juduekin harremanetan sartzeko erabili zuen lingua franca. Hebreeraren berreskurapena pasa den mendekoa dugu, Israelgo estatuaren sorrerarekin lotua, eta mendeetako tradizio hori du oinarrietako bat. Ezer ikasi genuen euskaldunok berreskuratze horren esperientziatik.
Imanol Berriatua elantxobearrak ulpan ikastetxeen eredua ezagutu zuen 1976az geroztik. Euskalduntzen (gogoratzen marrazkilaria?) eta bereziki Hitz egin euskara ikasteko metodoak asko zor diote ulpanen esperientziari. Hitz egin Berriatuaren ekarpena izan zen, liburuaz gain metodo honek bazituen hainbat liburuxka irakurmena lantzeko sortuak, horietako bat dugu Ikasle Israelen, irakurgai horretan Imanolek Benjamin Tuterakoaren ibilbideaz jardun zuen, bereziki Jerusalemen igarotako denboraz. Ezin jakin non ikasia duten hebreera edota yidisha falafelari ekin berri dioten beltzez jantziriko bi gizonek. Laguna eta biok Euskalduntzen eta Hitz Egin metodoen garaikoak gara.
Hotza da kalean La Marais auzoan.
Benjamin Tuterakoaren oinordekoa gaur Mielanjel Azpeitiakoa dugu, euskal diasporetatik hainbeste kronika idatzi dizkigun Elustondo.
Ederra, sarrera. Gauza batzuk Patxik baizik ez dakizki mundu honetan, eta non edo nola ikasi zituen misterio handia da, niretako bederen. Eta gaiak lotzeko dituen gaitasuna ere, zoragarria.
Gauzatxo bat, halere: Le Maraisen juduak ikusi, falafelak jan eta, bidenabar, gogoetak egin dizkigu gure hizkuntzaren historiaz eta istorioez. Hori bertzerik ez zuen ikusi? Argi dago euskaldunok oraindik ere inportantzia handiagoa ematen diogula politikari, sexualitateari baino.