Kapital sentimentala (1)
Akabo miseria!
Pozik, ezin kabituz bota zuen lehengusu txikiak Japoniako osaba sorterrira zetorrela jakin bezain pronto. 1978ko uda zen. Osaba Jose Japoniara joana zen Bigarren Mundu Gerraren ondoren. AEBetako armadak 1945ean Japonia inbaditu zuenean, besteak beste, erlijio askatasuna ezarri zen Sortaldeko Inperioan, eta horrek hainbat ordenu erlijioso animatu zituen misiolariak hara bidaltzera. Jose misiolari korazonista zen, eta gainerako ordenu erlijosoen gisan anitz diru mugitu zuen Japonian proselitismoa xedea zuelarik.
1978ko uda hartan lehengusu txikia berantetsirik zebilen, osaba ia udaro etortzen zen sorterrira, baina osabak hiru urte zeramatzan Allinibarreko Etxabarri bisitatu gabe. Japoniako Justiziarekin izan zuen afera zen etorri ez izanaren arrazoia, Lockheed enpresaren eskandaluarekin lotu zuten nafarra. Proselitismoak bestelako eremuetara eraman zuen korazonista. Hona, misiolariak izandako aferaren zenbait mugarri:
Lockheed eskandalua: eroskeria kasu honek Mendebaldeko Alemania, Holanda, Italia, Saudi Arabia eta Japoniako gobernuak zipristindu zituen. Lockheed hegazkin enpresak herrialde horietako hainbat politikari erosi zituen gobernuek hegazkinak eros ziezaizkioten.
Deak & Co. Bank: urrea erosten espezializatutako bankua, diru garbitze kontuetan jaioa, Lockheed eskandaluan eroskeriaren dirua garbitzeaz arduratu omen zena.
Kakuei Tanaka: Japoniako klase politikoaren, Yoshio Kodamaren Yakuza barne, jokabideen erakusgarri.
Domund: diru-biltze horretako kapitala mundu mailan nola mugitzen zen antzeman daiteke.
Jose Galdeanorena thrillerra dirudien istorioa duzu , 1976an Madrilgo El País egunkarian argitara emana. Hona artikuluaren izenburua:
Supuesta implicación de un misionero español en el escándalo Lockheed
Irakurleak milaka orrialde kontsultatu ditzake aipatu gaien inguruan, baina Wikileaksen garaian nekez ezagutuko dugu gertaturikoa zehaztasun osoz. Alta, eta diru kapitalen aberriratzeaz ari garelarik, errazagoa zaigu XIX. mendean gertaturikoak ezagutzea iragan hurbilekoak baino. Beste baterako utzi behar dugu, euskal diasporak kapital sentimentala aberriratzean baliatu zituen moldeak.
joder, patxi.
hori duk hori istorioa!
gutxiagorekin nobela egiten ditek (diagu?) makina batek.
Ez duk presioa e, baina halako intrigarekin, dagoeneko bigarrenaren zain gaude.
Patxi, uztak bloga eta hasi behingoz nobela bat idazten; baina, lehenik, publika ezak bigarren zatia…
Hara, Patxi, nik Zilbetin ezagutu nuen zure osaba (txiki?)hori. Aita Galdeano Kalifornian ibilia omen zen aldi batez (hango euskaldunen artean) eta han nire osaben lagun egin zen… Hori dela-eta 60ko hamarkadan apitxi-amitxien etxean presentatu zen Zilbetin (udan amerikano asko izaten genituen bisitari), beste hiru lagunekin: apaizgai edo apaiz gazte zen beste gizonezko bat (orain ezin naiz akordatu hura mendebalarra zen edo ekialdetarra…) eta bi neska gazte (ikasle unibertsitario japoniarrak, esan zutenaren arabera).
Gogoan dut aita Galdeanoren alkondara loreduna (hawaiarra?). Garai hartan, eta Zilbetin, harrigarria zen apaiz bat hala jantzita ikustea.
Gogoan dut, baita ere, luze egon nintzela apaiz hari adi sukaldeko nire txokoan, aulkitxo batean eserita. Izan ere, hitz-jario oparokoa zen Galdeano, eta ni nintzen haurrarentzat exotikoak ziren kontatzen zituen gauzak (pena orain ez oroitzea kontu haietaz). Gure etxean afaldu zuten, eta joan ziren, gauan berandu. Baina handik gutxira berriro itzuli ziren: Zilbetiko errepide bihurgunez betean (Obaba filmean agertzen denaren tankerakoa…) istripu txiki bat izan zuten: autoa irten egin zitzaien bidetik… Ez zitzaien ezer apartekorik gertatu, eta, ez dakit nork eramanda, herritik joan ziren.
Harrezkeroztik ez dut ezer jakin Galdeano apaizari buruz, orain arte (haren lagun minagoa zen osaba aspaldi hil baitzen). Bat nator besteekin: pertsonaia interesgarria izango litzateke nobela batean!