Patxi Larrion
Historiaren istorioak topatuko dituzu blog honetan. Egilearen asmoa ez da tradizioari traizioa egitea, baina nork daki.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Patxi Larrion(e)k Joaquín Vidalen prosa bidalketan
- Luistxo(e)k Joaquín Vidalen prosa bidalketan
- Aitor(e)k Datozela antxeta rafaga horiek bidalketan
- Iban(e)k Datozela antxeta rafaga horiek bidalketan
- Santi Leoné(e)k Petralic, Nikolai eta Ion bidalketan
Artxiboak
- 2014(e)ko abuztua
- 2014(e)ko uztaila
- 2014(e)ko maiatza
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko uztaila
- 2013(e)ko urtarrila
- 2012(e)ko abendua
- 2012(e)ko urria
- 2012(e)ko iraila
- 2012(e)ko uztaila
- 2012(e)ko ekaina
- 2012(e)ko otsaila
- 2012(e)ko urtarrila
- 2011(e)ko abendua
- 2011(e)ko azaroa
- 2011(e)ko urria
- 2011(e)ko iraila
- 2011(e)ko uztaila
- 2011(e)ko ekaina
- 2011(e)ko maiatza
- 2011(e)ko apirila
- 2011(e)ko martxoa
- 2011(e)ko otsaila
- 2011(e)ko urtarrila
- 2010(e)ko abendua
- 2010(e)ko azaroa
Kapital sentimentala (2)
Atalak: Diaspora, Ez gara hutsaren hurrengoak
Iruñeko Donibane auzoa, duela 15 urte edo, paper-sorten artean ari naiz notarioen agiriak biltzen zituen artxibategian. Ondoko mahaian ikerlari ezagun bat, esku artean liburutzar bat, begirik kendu gabe ari da. Halako batean niregana bihurtu eta:.
Aurkitu dut!
Betaurrekoek ezin dute izkutatu begien dizdira.
Kapital sentimentala hartu nuen hizpide aurreko sarreran. Diasporaren alde sentimentala txertaturik dugu gure imaginarioan. Alde hori hobetsi dugu erbestera joandako ahaideak gogoratzean. Konparaziora, sortetxean maiz jaso ditugu Txilen laketu ziren Etxabarri abizeneko ahaideen bisitak, sortetxea xumea da, sotoko habiei begira geratzen ohi dira Santiago, Chillan, Temuco edota Concepciónetik etorritakoak, esaldi bat famatu dute arbasoen sortetxera iritsitako ahaideek:
Habe hauek gure birraitatxiak paratu al zituen? Macanudo (itzel-mitzel)!
Arlo sentimentala aipatu eta landu ohi dugu diasporaz mintzo garelarik, baina, arlo ekonomikoa, kapitalaren aberriratzeak izan duen garrantzia nahi dut azpimarratu.
Itzul gaitezen notario-protokoloen artxibategira. Ikerlariak puzzlea osatzeko faltan zuen piezetako bat topatu omen du. XIX. mendeko lehendabiziko erdian Nafarroatik Filipinetara eta Kubara joandako bi gazteren jardun ekonomikoa ari da ikertzen.
Tabako-soro bat
Kristobal Arlegi gaztea izen bereko Arlegi herrian 1811n sortua, 1830ren inguruan Filipinetara joana. Artxipielagoan, egokiera ekonomikoa probestuz tabako, kafea eta ohialen salerosketan murgildu eta hainbat lur-sail eta etxeren jabe egin zen. Zubi bat aurki daiteke Filipinetan eskuratu zituen ondasunen artean, bidesaria kobratzen zuen Manilako badiako zubia igarotzeagatik.
Kristobal 1859an itzuli zen penintsulara, Madrilgo Alcala de Henaresen laketu zen, baina zoritxarraren bisita jaso zuen, itzuli eta berehala hil baitzen. Arlegi ezkongabea zen, ez zuen ondorengorik. Kristobalek Filipinetan metaturikoa (garai hartako 2.775.000 erreal kuarto) guraso eta anai-arreben artean banatu zen. Ondarearen ia erdia Joakin Arlegi anaiak jaso zuen, Joakin apaiza zen, elizak irentsi zituen garai hartako milioi erreal kuarto pasa. Gainerako diru guztia, ahaideek herrian bertan hainbat lur-sailen erosketan gastatu zuten. Dirua Filipinetatik Penintsulara nola arribatu zen da hobekien ezagutzen duguna, Kristobalek Madrilen negoziaturiko Londresko truke-letrak erabili zituen kapitala aberriratzeko.
Kafe-soro bat Kuban
Kristobal Arlegik izan ez zuen zori ona ezagutu zuen Jose Joakin Baleztena leitzarrak. Jose Joakin gaztea 1820ren inguruan joan zen Kubara. Irlan kafearen ekoizpena eta abeltzantza izan ziren Baleztenaren jarduera nagusiak. Kafe-soroaren tamaina ertainekoa zen, 91 esklabu baitzituen bere menpe.
Esklaboen salerosketa Habanan 1837
Baleztena Penintsulara 1842an itzuli zen estrainekoz, pilaturiko kapitalaren zati bat aberriratua zuen ordurako, izan ere, urte hartan, Migel Antonio Amorena espekulatzaile baztandarrarekin elkartea eginik, Erriberriko, San Martinen Unx, Uxue eta Artaxoan 18 korraliza (lur-sail handiak) erosi zituen. Gogoratu behar da, Lehendabiziko Karlistaren ondoren, udalek hainbat komunal (herri-lurrak) saldu behar izan zituztela gerrak sorturiko zorrei aurre egin ahal izateko. Hura mauka espekulatzaile liberalentzat.
Lur-sailen erosketa hau ez zen izan leitzarrak egin zuen inbertsio bakarra. Inbertsiotzat har baitaitezke, Leitzako parrokiarako erosi zituen palio eta bitxiak. Dohaintza horrekin ezkongai zela publizitatu baitzuen, Muñagorri abizeneko gipuzkoar batek heldu zion eskaintzari. Jose Joakin 1842ko abuztuan ailegatu zen Antilletatik eta 1843ko otsailean Maria Kruz Muñagorrirekin ezkondu zen. Azken hau ez zen esku hutsik esposatu, etxeak, lurrak, bi handi elkartu ziren. Senar-emazteek bost seme-alabak izan zituzten. Jose Joakinek Kubako negozioak mantendu zituen, Maria Kruz penintsulako ondasunen kudeatzeaz arduratu zen, baina gutxika gutxika Baleztena Kubako kapital guztia aberriratzen joan zen, konparaziora, 1856an kafe-soroan zituen esklaboak saltzea agindu zuen. Kapitala aberriratze honetan maiz Donostiako Minondo anaien zerbitzua kontratatu zuen. Denboraren poderioz Nafarroan zituen ondasunen errentak eta mailegu-emailetzan lortutakoa izan ziren bere negozioaren zatirik garrantzitsuena.
Baleztenak Arlegik ez bezala kapitala aberriratzean eragin handiko familia bati eman zion hasiera. Esklabutzan oinarrituriko negozioak eta abeltzaintza Kuban, liberalismoak bermaturiko kapitalismoa jorratu zuen Nafarroan. Nafarroako idiosinkrazia ezagutzen ez duenari paradoxikoa irudituko zaio, negozioak egitean liberalismoak eskainitako egokiera oro baliatu ideiario karlistaren kontra, baina politikoki karlismoaren lerroetan militatu, foru diputatu karlista izan baitzen Jose Joakin. Karliberal bat dirudi.
Hau guztia eta askozaz ere informazio gehiago, Joseba De La Torrek 2002an argitara emandako “Repatriando capitales: acumulación colonial y desarrollo peninsular. Navarros en Cuba y Filipinas, c. 1820-1870” artikuluan aurkituko duzu. Lan hori egiteko notario-protokoloen agiriak erabili zituen historialariak. Agiri horiek Baleztena bat buru zuen artxibategian ziren.
Cecilia Arrozarenak badu zer berritu El roble y la ceiba liburua berrargitaratzeko asmorik balu.